Bilbo Basketi hutsak egiteko tartea bukatu zaio. Bai, behintzat, ligako zortzi onenen artean sartu nahi badu. Lagun Aro eta Joventuten aurka galdu ondoren, 4-4 balantzearekin geratu dira bizkaitarrak, balantze pobrea elitean egon nahi duenarentzat, eta ondorengo bi hilabeteetan gehienez hiruzpalau partida galtzeko aukera izango dute bizkaitarrek. Ligako lehen laurdena bete dela, Katsikarisen taldeak, aurkariak berak eragin dezakeen presioaz gain, egutegiarena ere sentitzen has daiteke. Garaipenarekin bukatzen ez den partidak presio hori handituko du. Garaipenak arnasa apur bat emango dio taldeari.
Erronka zail samarra du eguerdian Bilbo Basketek, Granadan jokatuko baitu eta 2-6 balantze pobrea eduki arren nahiko talde itxurosoa baita hori (12:30). Duela bi aste taldeko jokalari onena zena galdu du Granadak, Joe Ingles, baina nahiko ondo eman diote buelta espero ez zuten arazo horri. Fuenlabradan irabaztear egon ziren igandean, eta etxean neurria ematen hasi beste erremediorik ez dute, zulotik ihes egiteko.
Esan beharrekoak esanda daude. Katsikarisek bitan esan du dagoeneko jokalari zenbaitengan ez duela nahiko tentsio eta konpromiso ikusten, eta bakoitzak berea defendatuz erantzun dio. Javi Rodriguez joko antolatzaileak topikora jo du, «hemen denak galtzen dugu, eta denak irabazi» esan eta erantzukizuna saihesteko. Itsua denak ere badaki, ordea, joko sormenean duen gabezia dela Bilbo Basketek duen arazo nagusietakoa. Alegia, Jackson saskiratzailea dela antolatzailea bainoago. Rodriguez bera da jardun hori bete beharko lukeena, baina momentuz asmatu ezinik dabil.
Bestalde, kirolaz kanpoko albiste batek bereganatu zuen arreta atzo Bilbon. Izan ere, Xabier Jon Davalillo klubeko presidenteak dimisioa eman du. Davalillok orain ia bi hilabete aurkeztu zuen dimisioa, baina atzo arte ez zuen haren erabakiaren berri eman komunikabideei. Davalillok bost urte egin ditu karguan. «Garai luze bat izan da, baina garai hori amaitu da», esan du.
Egutegiaren presioa eta Granada Bilbo Basketen aurkari
Xabier Jon Davalillo presidenteak dimisioa eman du, lehendakari karguan bost urte egin eta gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu