Ehiztaria eta egoskorra

Thomas Voecklerrek irabazi du Paris-Nizako laugarren etapa, eta Thomas De Gendt jarri da berriz ere lider

unai zubeldia
Donostia
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Thomas eta Thomas. Ehiztaria bat; egoskorra bestea. Tropelean lagun gutxi dauzka lehenengoak. Thomasek. Voecklerrek (Europcar). Eta tropelean ezezaguna izango da askorentzat bigarrena. Thomas. De Gendt (Vacansoleil). Paris-Nizako laugarren etapa batentzat, eta liderraren maillota bestearentzat. Beste behin. Zazpigarren kilometroan ihes egin zuten biek, Remi Pauriol (Française des Jeux) lagun hartuta. Eta berehala gehitu zitzaizkien Remy Di Gregorio (Astana) eta De Greef (Omega Pharma-Lotto). Bost horiek osatu zuten eguneko ihesaldia, eta bost horietatik lauk hautsi zuten txirrindularitzako usteetako bat: tropelak kalkuluak beti ondo egiten dituen ustea, alegia —De Greef atzean geratu zen helmugara iristeko 17 kilometro falta zirela, eta tropelak harrapatu egin zuen—. De Gendten indar erakustaldiaren ondoren, Thomasek eta Thomasek elkarlanaren saria jaso zuten helmugan.

Zazpi muino zeuzkan atzoko etapak, eta handia egin zuten ihesaldian sartu ziren bost txirrindulariek. Skyk eta Cervelok hartu zuten bereziki ardura tropelean, eta helmugara iristeko 40 bat kilometro falta zirenean bi minututik beherakoa zen aldea. Egoera kontrolpean zeukatela zirudien, etapa amaieran esprinta izango zela zirudien, baina kalkuluan huts egin zuten. Esprinterren taldeei hamahiru segundo eskas falta izan zitzaizkien aurreko laurak harrapatzeko. Tropelaren hutsa baliatuta, denboraldiko hirugarren garaipena lortu zuen Voecklerrek. De Gendtek, berriz, gozatzen jarraitzen du liderraren maillota jantzita.

Bosgarren etapa jokatuko da gaur, Saint Symphorien sur Coise eta Vernoux en Vivarais artean. 193 kilometro dauzka, eta, atzo bezala, zazpi mendate igo beharko dituzte: hirugarren mailako lau, bigarren mailako bat eta lehen mailako bi. Azkena, Col de la Mure, helmugara iristeko bederatzi kilometro eskas faltako direnean —7,6 kilometroko igoera da, eta %8,3ko batez bestekoa dauka—.

Rabobank nagusi Tirrenon

Taldekako erlojupekoarekin hasi zen atzo Tirreno Adriatikoa, eta Rabobankek ezusteko txiki bat eman zuela esan daiteke. Izan ere, begiratu batera, Liquigas eta Leopard talde indartsuagoak ziren lehen erlojupekoa irabazi eta taldekideren batek liderraren maillota janzteko. Baina Lars Boom buruan jarrita, hegan ibili zen Herbehereetako taldea. 18.08 minutu behar izan zituen Rabobankek 16,8 kilometroak egiteko, eta bederatzi segundo atera zizkion Garmin-Cervelori. Euskaltel-Euskadik lan apala egin zuen, eta azken postuan sailkatu zen, Rabobankengandik 1.13 minutura.

Robert Gesinkek eta Boomek eman dute, beraz, lehen kolpea. Izan ere, Ivan Bassok eta Vincenzo Nibalik (Liquigas) 22 segundo galdu zituzten atzo, Cadel Evansek (BMC) 26, Fabian Cancellarak eta Andy Schleckek 29... Datozen etapei begira, gainera, Oscar Freirek (Rabobank) aukera polita edukiko du liderraren maillota janzteko. Urrutirago joan gabe, Carrara eta Indicatore artean, bigarren etapa jokatuko da gaur, 202 kilometrokoa, eta, ezusterik ezean, esprinta izango da amaieran. Bi muino txiki besterik ez daude ibilbidean, eta Rabobankek Freireren alde lan egingo du. Esprinterren artean, bederatzi segundora daude Tyler Farrar eta Thor Hushovd (Garmin-Cervelo), eta hamarrera Mark Cavendish (HTC-Highroad).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.