Ez du ezkutatu oporrak behar dituela. «Uztaila eromena izan da, eta buruak behar ditu egun libre batzuk. Abuztu hasiera lasaiagoa izatea espero dut», esan du Alex Aranzabalek (Eibar, Gipuzkoa, 1974). Argazkirako Ipuruako zelaiko lanak ageri daitezela iradoki du; «lan hauek oso garrantzitsuak dira guretzat». Xehetasun txikiena ere lotuta, nabari zaio xakea dela bere beste pasioa. Ipuruako txoko-jantokian hitz egin du BERRIArekin, atzean jokalarientzako bazkaria prestatzen ari dira.
Zer moduzkoa izaten ari da uda?
Animatua. Uztaila lan askokoa izan da. Ekainaren 30ean lortu genuen igotzea, eta geroztik... Igoera poza handia izan da, baina txipa aldatu behar izan dugu, eta Bigarren B Maila arrapaladan ahaztu. Hiru zeregin genituen. Lehenik, taldea aldatu; gero, futbol profesionalean sartzeak dakartzan beharrei aurre egin. Futbola ikaragarri profesionalizatu da eta kontrola oso zorrotza da. Eta hirugarrena: Ipuruako lanak. Aspalditik arazoak genituen, eta Ipurua berri bat egiten ari gara.
Karguan daramatzazun lau urteetako unerik bereziena izango zen?
Lan aldetik, bai. Une ezberdinak izan ditugu, pozgarriak eta ez hain pozgarriak. Gauza guztien gainetik, helburuak lortu izanaren poztasuna dago.
Presidente kargua ez da zure ogibidea, eta jardun hori lanarekin uztartzea ez da erraza izango.
Betekada izan da, baina, tira, uztaila berezitzat jo behar dugu. Abuztua lasaiagoa izango da, eta irailean egunerokoa bueltatzea espero dut.
Asko aldatzen dira gauzak Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara?
Erabat. Futbol profesionalean buru-belarri murgiltzen zara. Adibidez, telebistak bi milioi euro ematen dizkizu. Iaz guk 1,3 milioiko aurrekontua genuen, bada, horregatik bakarrik, aurrekontua ia hirukoiztu egin da. Gero, aurkariak ikusita, konturatzen zara buru-belarri sartzen zarela profesionaltasunean: Zaragoza, Mallorca, Tenerife, Deportivo... Eta Eibar herri mundiala izan arren, herri txiki bat da. Horien aurka maila emateko, Eibarrek ondo egin behar ditu gauzak, eta alor guztietan. Beste horiek, aldiz, eta inertzia hutsagatik bada ere, badakite goian egongo direla: talde handiak dira, kalitateko jokalariak dituzte... David eta Goliathen arteko lehia da, eta guk harria botatzeko orduan, oso punteria ona izan behar dugu.
Administrazio arloan zein beste betebehar daude?
Liga oso zuhur dabil finantzaren joko garbia delakoarekin: zorrik egon ez dadila, norberak diru sarreren arabera antolatu behar duela aurrekontua, ordainketak egunean egin behar direla... Eta guk gustura entzuten ditugu halako hitzak, Eibarren jokamoldea hori izan delako beti. Kontu ikuskatzeak zorrotzak dira..., eta gure bulegoan jende gutxi gaude. Guk azpiegitura txikia dugu. Athletic edo Realaren bulegoetan hainbat pertsonak egiten du lan. Hemen, aldiz, zuzendaritzako kideez gain, langile pare bat ditugu. Administrazioan pertsona eta erdi dugu, beraz, lana banatu behar dugu gure artean. Ezin da alderatu, beste talde batzuek hogei pertsona dituzte lanean bulegoetan.
Nolakoa izan da LFP Espainiako Futbol Liga Profesionalera itzultzea? Bere garaian Eibarrek bazuen pisua, Patxi Mutiloa ordezkaria zenean.
Konturatu gara gu mahai horretan eserita egotea zein garrantzitsua den herriarentzat. Real Madril eta Bartzelonarekin eserita geunden, eta Eibarrek han boto bat zuen, beste taldeek adina.Ekonomikoki talde askok arazoak dituzte, eta badirudi kudeaketaren gabezia horiek ondorio larriak izango dituzten garaia iritsi dela. Gure aldarrikapen bat izan da betidanik. Eibar, bere garaian, eta gauzak txukun egin arren, euren betebeharrak betetzen ez zituzten taldeen aurka galdu ondoren jaitsi zen mailaz. Gero, zorrez beteriko talde horiek gure jokalari onenak erosi eta kirol helburu handiagoak lortzen zituzten.
Futbol profesionalak behar du horrelako astindu bat. Kasu lazgarriak egon dira.
Futbol taldeek sentimenduak kudeatzen dituztela ulertu behar dugu, baina, era berean, erakunde ekonomikoak dira, eta arauak bete behar dituzte. Orain arte, baina, futbol taldeak ukiezinak ziren, eta gauzak politikarien esku hartzearekin konpontzen zituzten. Krisia, agian, lagungarria izan da, eta gizarteak ez du jasaten, eta ondo iruditzen zait. Ez dago eskubiderik futbol taldeek pribilegiozko tratua jaso dezaten.
Zuek 300.000 euro jaso dituzue erakunde publikoetatik zelaia aldatzeko, Gipuzkoako Aldunditik eta Eibarko Udaletik; kostu guztiaren erdia. Zuek ere pribilegiatuak zarete.
Diru publikoa gauza askotarako erabiltzen da. Onartu beharra dago futbolak gizartean eragina duela. Nire ustez, ukaezina da garrantzi sozial eta ekonomikoa duela. Alegia, Eibarrek aurten hiru milioi euroko aurrekontua badu, diru hori telebisten eta LFPren bitartez sortzen da, baina diru hori Euskal Herrira dator. Hona dator, zergak hemen ordaintzen dira. Eibar inguruko ostalaritzak ere onurak jasoko ditu. Gero ere guk harrobi lan ona egiten dugu. Eibarrek 30.000 biztanle ditu, baina harrobi lana 300.000 biztanle inguruko eremu batean egiten du: Debagoienean, kostaldean, Bizkaian... Realak Gipuzkoaren zati handi bat hartzen du, baina Eibarrek ere badu bere eremua. Lan horrek ahalegin soziala eskatzen digu, eta guk zerbitzu sozial bat bueltatzen dugu.
Erakundeetatik 300.000 euro lortzea bada zerbait.
Eibarrek ez du eskatu ezer jarri gabe, taldeak ere inbertsioaren zati bat jarri du. Hau inbertsio bat izan da, aurreko drainatze sistema 50eko hamarkadakoa zen. Pentsa, hodiak teilaz egina zeuden! Plastikorik ere ez zegoen. Lan hau lehenbizikoz egin da 40 urtean, eta denbora askorako egongo da egina. Azpiegitura asko egiten dira, errepideak, futbol zelai garestiagoak... Gure zelaiko lana proportzio baten barruan dago.
Futbol zelaiko obrak garaiz bukatuko dituzue?
Bai, bai. Lehen partida Jaenen dugu, eta bigarrena etxean, Gironaren aurka. Astebete lehenago bukatuta egongo da.
Zer aurrekontu du Eibarrek?
Ixteke dago, baina 3,5 milioi euro ingurukoa.
Eibarrek sortzen al du kopuru hori?
Bai, telebistatik bi milioi euro jasoko ditugu, LFPtik milioi erdi, eta geratzen dena geuk lortuko dugu. Eibarrek badu milioi hori bere kasa biltzeko aukera: 2.600 abonatu, babesle dezente...
30.000 biztanlerekin Bigarren Mailan... Futbolaren garai hauetan baten batek esango du erokeria dela.
Erokeria baino gehiago mirari txiki bat da. Bigarren Mailako hirigune txikiena gara. Are gehiago, igotzeko kanporaketetan aritu ziren hamasei taldeetako herrien artean ere txikiena ginen.
Eta badu tokirik?
Hori da guk erakutsi behar duguna. Bizitzan dena ez da matematika, eta beti ez du boteretsuak irabazten. Horrek ematen dio saltsa bizitzari. Eibar beti izan da salbuespena, eta, nire ustez, ona da Eibar hor egotea. Futbolak mahai gainean jartzen dituen balioen aurrean: fama, boterea, indarra... Guk gauzak betiko moduan egitea jartzen dugu: apaltasuna, mugak ezagutzea, borrokalaria izatea... Eibar kontrapuntu bat da. Nortasun kontua da. Prentsa artikulu bat irakurri nuen behin Eibar mendiari lapurtutako herri bat dela zioena, aldapaz josita dagoelako, eta hortik metafora egiten zuen. Gu beti aldapa gora goaz, eta hala gauzak zailagoak dira, baina era berean balio positiboak hedatzen dira gizartean.
Arrate eta Euskal Bizikleta desagertuta, Astelenapattal... Herriak berak behar zuen.
Horiek ikonoak ziren. Garrantzitsua zen igotzea, bai, baina oso zaila zela jakinda. Krisi garaian ona da. Guk gizartean irudi on bat plazaratzen dugu, gaur egungo futbolean, gauzak beste modu batera eginda helburuak lor daitezkeela.
Zer moduzkoa izaten ari da talde berria egiteko lana?
Filosofia argi geneukan. Eibarrek bere indarguneak eta gabeziak garbi izan behar ditu, eta gure indarra multzoa da. Orduan multzo lehiakor horri eutsi behar genion. Gure idiosinkrasiagatik jende inplikatu eta lehiakorra lehenetsi dugu, kalitate jakin baten aurretik. 22 jokalari izango ditugu, eta erdiak baino gehiago joan deneko sasoikoak izango dira. Bizkarrezurra mantenduko dugu, eta gero ekarpen zehatz batzuk izango ditugu.
Erraza al da jendea erakartzea?
Garbi dago Bigarren Mailako beste talde guztiek diru gehiago gastatzen dutela, baina baita ere irudi bat sortu dugula. Ez bakarrik hedabideei esker, hemen egondako jokalariek ere oso ondo hitz egiten dute. Eta baten batek aholkua eskatzen badie, hona etortzea gomendatzen diete: herri bikaina dela, talde serioa...
Realak hiru jokalari utzi dizkizue, eta beste euskal taldeek, oraingoz, batere ez.
Gure diskurtsoa garbia da: Eibar eskola ona da, eta ereduak ditugu. Ate horiek jo ditugu, eta oraindik abuztu hasieran gaude, denbora badago. Egia da Eibar markak indarra duela, baina gu korrontearen kontra goaz, eta normalean jokalariak beste talde batzuetara joaten dira. Gu beti gara salbuespena, Eibar filosofia aldetik salbuespena da, eta jokalari bat hona datorren bakoitzean salbuespen hori bete egiten da.
Gaizka Garitanorekin bete-betean asmatu zenuten. Garbi zeneukaten jarraituko zuela?
Nik asko baloratzen dut Gaizkak eginiko lana, baina hor talde bat dago: Ferreirak, Lafuentek, Gandiagak lan asko egin dute. Ez zuela jarraituko? Otsailean bazegoen kargutik kendu behar genuela zioenik. Oso lan ona egiten ari da.
Non egongo da Eibar sasoi honetan?
Auskalo. Guk gure lan egiteko modua dugu, eta orain lehiakorrak izaten saiatu behar dugu, emaitzen aurretik. Ipuruak zelai zaila izan behar du.
Alex Aranzabal. Eibarreko presidentea
«Eibar beti izan da salbuespena»
Garbi dauka talde txiki batek arrakasta lor dezakeela gauzak behar bezala eginda, eta Eibarren «izaera berezia» eta «oinarria» aldarrikatu ditu Bigarren Mailako handien artean lehiatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu