Eibar eta Reala B, maratoia hasteko prest

Asteburuan ekingo diote denboraldiari. Eibartarren helburua igoera kanporaketak jokatzea da; donostiarrena, mailari eustea.

Eibarreko jokalariak lan saio batean. EIBAR
Eibarreko jokalariak, lan saio batean. EIBAR
ainara arratibel gascon
2025eko abuztuaren 13a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Luzea da Espainiako Bigarren Maila. Maratoi baten parekoa da. Igoera kanporaketak kenduta, 42 jardunaldi ditu, maratoi baten kilometroak adina. Bada, horri ekiteko irteera arrastoan dira Eibar eta Reala B. Oso helburu desberdinak dituztela ekingo diote sasoiari. Eibarrek igoera kanporaketak jokatzeko borroka horretan egon nahi du berriz; Reala B, berriz, talde igo berria da; horrenbestez, kategoriari eustea izango du xede. Eibar izango da denboraldia estreinatzen aurrena. Malagan jokatuko du, larunbatean, 19:30ean. Realak, berriz, igandean: Zaragoza izango du aurrez aurre, eta partida 17:00etan hasiko da. Z7ko lanak amaitu ez dituztenez, norgehiagoka Anoetan izango da.

Eibarrentzat gorabeheratsua izan zen aurreko sasoia. Arazoak izan zituen emaitza onak kateatzeko, eta, azkenerako, Amaia Gorostiza buru duen zuzendaritzak kargutik kendu zuen Joseba Etxeberria entrenatzailea. Otsailetik aurrera Beñat San Josek zuzendu zuen taldea. Haren gidaritzapean, taldearen jokoak eta emaitzek hobera egin zuten. Azkenerako, bederatzigarren amaitu zuen, igoera kanporaketak jokatzeko postuetatik 11 puntura. Baina, behintzat, aho zapore ona zutela amaitu zuten denboraldia. 

Denboraldi honi begira, San Josek bere neurrira indartu ahal izan du taldea. Postu guztietan egin ditu fitxaketak: atean, Luis Lopez; atzealdean, Alvaro Rodriguez, Leonardo Buta, Jair Amador eta Marco Moreno; zelai erdian, Aleix Garrido eta Lander Olaetxea; aurrean, berriz, Javi Marton eta Jon Magunazelaia. Eskarmentua eta gaztetasuna uztartu ditu fitxaketetan. Martonen eta Magunazelaiaren fitxaketek sortu dute ikusmin handiena. Marton Athleticetik iritsi da, eta, nahiz eta azken denboraldietan ez duen askorik jokatu, gol sen handiko jokalaria da; bestalde, Magunazelaia Realetik fitxatu dute, eibartarra da jaiotzez, eta ilusioz itzuli da etxera. Jon Bautistarekin batera, litekeena da hirukote ederra osatzea gola lortzeko.

Denboraldiaurrean sei neurketa jokatu ditu Beñat San Josek zuzentzen duen taldeak, eta bi garaipen, bi berdinketa eta bi porrot pilatu ditu. Hain liga luzea izanda, goian egoteko gakoa erregulartasuna izatea izango da, bai jokoan, bai emaitzetan; eta denboraldi amaiera sasoi betean iristea, igoera kanporaketetan erabakigarria izaten baita hori. 

Berritasuna aulkian

Reala B-ren helburua ez zen Bigarren Mailara igotzea. Baina, denboraldi bikain bat egin ostean, igoera kanporaketak jokatzeko sailkatu zen, eta merezita utzi zituen kanpoan Merida eta Tarragonako Nastic. 

Denboraldi honi begira, berritasun nagusia aulkian egongo da. Jon Ansotegi izango da txuri-urdinen teknikaria. Jokalari ohia analista lanetan aritu da azken denboraldietan, eta orain egin du aulkirako urratsa. Beste jokalari ohi bat izango du alboan: Imanol Agirretxe. Biak elkarrekin aritu ziren lehen taldean. Ez dute eskarmentu handirik aulkian, baina Ansotegik argi utzi zuen denboraldiaurrearen lehen egunean «eguneroko lana eginez eta ilusioz» saiatuko direla hutsune hori betetzen. Ez dute erronka erraza: Sergio Francisco eta Josu Rivas ordezkatzea. 

Taldeak fitxaketa bakarra egin du: Kazunari Kita erdiko atzelaria. Gainontzean, hirugarren taldetik igo diren hainbat jokalari dira berritasunak: Lander Astiazaran, Gorka Carrera, Gorka Gorosabel eta Jon Ezeizabarrena, adibidez. Baina zera izango da kontua: zein erabaki hartuko duen Sergio Franciscok lehen taldean denboraldiaurrea egiten ari diren jokalariei dagokienez. Izan ere, Iñaki Ruperez, Mikel Rodriguez eta Aitor Fraga funtsezko jokalariak izan ziren aurreko denboraldian taldearentzat. Litekeena da horrek asko baldintzatzea taldeak mailari eusteko izan dezakeen borroka. Sasoiaurrean hiru partida jokatu dituzte, eta garaipen bat eta bi berdinketa lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.