Atezainak lurrean bueltaka ibili ohi dira. Baloi guztien atzetik, eta jokatzeko aukeraren bila. Krudela da haien mundua: batek bakarrik jokatzen du, ez dituzte aldatzen partidetan, eta ordezkoak apenas jokatzen duen denboraldi guztian. Ondo daki zer den hori dena Yoel Rodriguezek (Vigo, Galizia, 1988), Eibarreko atezainak.
Aspaldiko partez, berriz ere gozatzen ari zara futbolean?
Pozik nago. Berriz ere futbolari ari naiz sentitzen, eta gozatzen nabil, hainbat urtez gutxi jokatu eta gero.
Celtatik joan zinen Valentziara 2014an, eta hantxe hasi zitzaizun okertzen egoera.
Kopa jokatzen nuen, eta ligako partida gutxi batzuetan izan nuen aukera Valentzian. Aurreko denboraldian, Rayo Vallecanora utzita joatea erabaki nuen neguan. Jokatzen hasi nintzen, baina, gero, aulkian eserita pasatu nuen denbora gehien.
Eibarren ere ez zenuen jokatzen hasieran.
Lehia gogorra daukagu atezainen artean, eta Asier [Asier Riesgo] oso ondo ari zen jokatzen. Zorte txarra izan zuen, min hartu, eta nik aukera baliatu dut.
Horretarako zaudete.
Bai. Badakigu nolakoa izaten den atezainena: bat hasten bada jokatzen, aukera asko dauzka ia beti jokatzeko. Jakina, entrenamenduetan eta partidetan lan ona egin behar da horretarako. Hiru atezain gaude Markelekin [bigarren taldeko atezaina], eta ea Asier azkar osatzen den, hiruren arteko lehia ona delako taldearentzat.
Futbolari sentitzeko, jokatu egin behar izaten duzue?
Hondoa ez duzu jotzen, baina, entrenatzen bagara, gero jokatzeko izaten da. Ez bada jokatzen, aukeretako bat izaten da beste talde batera joatea.
Atezaina aulkian esertzen denean, arriskua gutxi jokatzeko denboraldi guztian. Posturik bereziena da, alde horretatik.
Beste alderdi batetik ikusten dut nik: prest egon behar da beti, edozein unetan izan baitezakezu jokatzeko aukera; beste atezainak min hartzen badu, adibidez. Ondo aritu behar da jokatzean, eta prest egon behar da.
Zergatik onartu zenuen Eibarren eskaintza?
Lehendabizikoak izan ziren nire aldeko apustua egiten. Aukera ona zen berriz hasteko, eta oso zoriontsu nago.
Ikusita azkenaldian gutxi ari zinela jokatzen, Eibarrera iritsi berritan ere kezka hori zenuen?
Ez. Denboraldi berri bat hasten den bakoitzean, denok hasten gara aukera berberekin, eta postuaren bila gure onena emanez joan behar dugu. Gero, ez bada jokatzen, lanean segitu behar da, denboraldia luzea izaten delako.
Jokatzen hasi zara, maila onean, eta orain Eibarrek esan du zu Valentziari erosteko aukera baliatu nahi duela. Nola aldatzen den futbola denbora gutxian, ezta?
Kontratuan jasota dago ni erosteko aukera, eta horrek hasieratik eman dit konfiantza. Gustura jakin dut Eibarren asmoaren berri.
Eibar klub berezia al da?
Txikia da, eta apala. Tira, ez gara ari izaten txiki sailkapenari begiratzen bazaio. Oso maila onean ari gara.
Valentzian aurreko astean lortutako garaipenak zer eman dio taldeari, puntuez harago?
Ezin dugu lasaitu. Ez dugu lortu oraindik mailari eustea, eta hori da gure aurreneko helburua. Lortzen dugunean, egon seguru ez garela lasaituko: gehiagoren bila joango gara.
Valentziakoaren ondoren, astelehenean Granada datorkizue Ipuruara. Gehiegi lasaitzeko arriskurik bai?
Badakigu Granada eta halako taldeak arriskutsuagoak izaten direla bigarren itzulian. Mailarik onena eman beharko dugu irabazteko.
Celtakoa izanik, triste zaude Kopako finalean ez delako sartu?
Hango harrobikoa naiz, eta han hazi nintzen, eta lagun asko dauzkat han. Min eman dit finalerako ez sailkatzeak. Hasieran uste zen Alaves zela aurkaririk errazena, baina azkar jabetu ziren oso kontrario zaila zela.
Futboletik aparteko jardunean, animalia zalea omen zara?
Zaldi batzuk dauzkat Galizian. Burua futboletik urruntzen laguntzen dit. Burua arindu behar dudanean, asko laguntzen didate zaldiek. Une ahaztezinak bizitzen ditut haiekin.
Yoel Rodriguez. Eibarreko jokalaria
«Eibar klub apala da, baina, sailkapena ikusita, ez gara talde txikia»
Celtan atera zitzaion eguzkia, eta Valentzian eta Rayo Vallecanon ezkutatu. Atezainarentzat oso gogorra da aulkian egotea, baina Eibarren gozatzen ari da, jokatzen, «futbolari sentitzen berriz ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu