Valentzia 0. Eibar 4

Eibarrek badu musika banda

Garaipen historikoa lortu du Eibarrek Valentzian, sekulako astindua emanda. Hirugarren aldiz irabazi du etxetik kanpo sasoi honetan, Enrich, Adrian eta Dani Garciaren golekin

Ander Capa, Dani Garcia, Sergi Enrich, Arnaitz Arbilla eta Ruben Peña Eibarrek atzoko partidan sarturiko hirugarren gola ospatzen. KAI FOSTERLING / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2017ko otsailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Golak. 0-1: Enrichek (28. min.); 0-2:Adrianek (pen. 45. min); 0-3: Dani Garciak (57. min.); 0-4: Enrichek (77. min.). Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Valentziako Gaya eta garayri; eta Eibarreko Ramisi. Txartek gorria: Valentziako Solerri (45. min.).Bestelakoak. 35.000 ikusle inguru Mestalla futbol zelaian. Askok alde egin zuten bigarren zatian.

Ohikoa izaten zen garai batean Valentziako zelaian irudi hau ikustea: musika banda soropilean, musika joz, partida hasi baino minutu batzuk lehenago. Atzoko lehiaren aurretik azaldu zen ezin jakin, baina hala ere, Mestallan bildu zirenek entzun ahal izan zuten beste musika banda baten soinua: Eibarreko jokalariek jotakoa.

Nahiz eta etxekoak behea jota ibili, handia da han 0-4 irabaztea. Oso kontuan hartzekoa eta ondo gordetzekoa. Horixe egin zuen Eibarrek. Jose Luis Mendilibar zuzendari duen taldeak, kanta ederrak jo zituen. Biribila. Belarriak dantzan jartzeko horietakoak. Musikari bakoitzak ondo baino hobeto jo zuen bere instrumentua, beste guztiekin harmonian. Eta gero, bakarlari artistak azaldu ziren. Atzokoan, Sergi Enrich, Adrian eta Dani Garcia izan ziren, beste batzuetan beste taldekide batzuk ere izaten diren bezala.

Lasai ekin zion emanaldiari Eibarreko musika bandak. Zerrendan zeuzkan kantak konfiantzaz eta erraz jo zituen. Berotzen ariko balitz bezala, gero jo behar zituen maisulanen aurrerapen gisa. Lehendabizikoa 28. minutuan jo zuen Enrichek, buruz, Escalanteren erdiraketa neurtua bikain baliatuz, bere burua lurrera bota eta gero. Entzuleak eta ikusleak musikarekin gozatzeaz gain, bere burua ere ari zen gozatzen musika banda, eta gozamena handiagoa bihurtzeko aukera izan zuen atsedenaldiaren aurretik.

Adrianen txanda berehala heldu zen, atsedenaldira joan aurreko jokaldian. Kornerra ateratzera zihoan Eibar, eta Escalantek zirikatu egin zuen Soler gaztea; honek, bueltan bi zaplazteko eman zizkion. Txartel gorria, penaltia, eta Adrianek gola.

Bigarren zatian, eroso segitu zuten. Jo eta jo. Kanta lasaiak gehienetan, Dani Garciak gaueko bakarkako lanik onena jo zuen arte. 56. minutuan, boleaz astindu baloia, eta armiarma sareak airean bota zituen Alvesen atetik. Enrichek biribildu zuen lana, 76. minutuan. Txaloak jo zizkioten Mestallako zaleek Eibarreko musika bandari amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.