Estreinako txarra izan dute Eibarrek eta Athleticek. Biek ala biek galdu egin dute gaur eguerdian Espainiako Lehen Mailako ligako aurreneko partidan: gipuzkoarrek 1-2 galdu duten Ipuruan Levante Las Planasen kontra; bizkaitarrek, berriz, 3-0 galdu dute Atletico Madrilen zelaian.
Krudela izan da Eibarren itzulera maila nagusira. Etxekoak nor baino nor gehiago aritu dira Levante Las Planasekin, baina esku hutsik geratu dira azkenean. Bigarren zatian izan dira hiru golak. Yasmin M’Rabetek sartu du Levante Las Planasen lehena, 58. minutuan. Ane Camposek berdindu egin du 85.ean, baina luzapenean, 93.ean, Jessica Martinezek esku hutsik utzi du Eibar. Galdu arren, oso ondo aritu dira Yerai Martinek entrenatutakoak.
Aukera gutxiago izan ditu Athleticek. Aurkaria ere askoz hobeagoa zen: Atletico Madril. Hori gutxi ez, eta etxean aritu da Espainiako taldea. Zuri-gorriek ondo eutsi diete etxekoei lehen zatian; ez, ordea, bigarrengoan. Hiru gol sartu ditu Atletico Madrilek: Sheila Guijarrok bi, eta Eva Navarrok bat. Agerian geratu da talde baten eta bestearen arteko aldea. David Aznarrek, beraz, ez du nahiko lukeen estreinakoa izan.
Realak, berriz, bihar jokatuko du, Granadan (Espainia), etxeko taldearen aurka (19:00, DAZN). Txuri-urdinek irabaziz ekin nahi diote denboraldiari. Aukera ona dirudi, Granada igoberria baita.