Ekinez egina

Mikel Balentziagak 200 partida bete berri ditu elastiko zuri-gorriarekin. Eguneroko lanari esker eta bere buruan sekulako konfiantza erakutsita uxatu ditu bere gainean zeuden zalantzak. Valverdek begiko du.

Taldekideek eta Ernesto Valverde entrenatzaileak asko estimatzen dute Mikel Balentziagaren lana eta ekarpena. ANGEL POLO / EFE.
haritz gallastegi
Herria
2017ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Mikel Balentziaga (Zumarraga, 1988) lehen aldiz ikusten duenak mugitzeko daukan moduari erreparatzen dio. Ez da futbolari elegantea. Erdi makurtuta egiten du korrika. Gainera, ez da ezertan nabarmentzen. Finean, ez dio inori arreta deitzen. Balentziaga bost aldiz ikusten duenari argi geratzen zaio mutil langilea eta indartsua dela. Balentziaga berrogeitahamar aldiz ikusten duena konturatuko da futbolari nekaezina dela. Aurrera zein atzera aritzen dela etengabe. Balentziaga ehun aldiz ikusi duenak badaki gorabehera gutxi dituen futbolari dela. Beti ematen du berea. Eta Balentziaga ia berrehun aldiz jarri duenak hauxe esan lezake Zumarragako jokalariaren gainean: "Ligako defentsarik onenetakoa da". Valverdek esana da.

Balentziaga ez da ligako atzelari onenen artean egongo. Inor ez da 40 edo 50 milioi mamahi gainean jarrita jokalaria fitxatzeko prest egongo. Dohain hobeak dituztenak badaude. Baina Balentziagak asko balio du. Asko ematen dio Athletici: Lehiakorra da oso. Baikorra ere bai. Bere indarra ingurukoei helarazteko gaitasuna dauka. Eta, gainera, ez du sekula kale egiten. Bere taldekideak dira gehien miresten dutenak. "Asko ematen dio taldeari. Defentsa oso ona da. Neurketa guztietan daukan guztia ematen du. Jokalari osoa da". Iker Muniainek ondo daki zer emateko gai den bere bizkarzaina. Zenbat aldiz egin behar izan duen biren lana defentsan? Batek daki. Eta zenbat aldiz egin duen berrogei metroko korrikaldia ezertarako". Makinatxo bat, ziur. Baina Balentziagak segi eta segi egiten du. "Lan saioetan zein partidetan ikusten dugu zer eskaintzeko gai den. Defentsan ligako onenetakoa da. Erasoan, berriz, urtetik urtera hobetzen ari da. Berrehun partida bete berri ditu Athleticekin, baina askoz gehiago jokatuko ditu", adierazi zion Berriari Mikel San Josek. Balentziagaren antzeko ibilibidea egiten ari da euskarria. Batari zein besteari asko kosta zaie Athleticen jarraikortasuna izatea. Behin entrenatzaileen babesa lortuta, taldearen inguruan daudenen zalantzen artean bizi izan dira luzaroan. Baina, egun, inork ez du euren balioa ezbaian jartzen.

Lezaman lagun eta lankide diren esker ona aspaldi irabazi zuen ezker hegalekoak. Baina gorengo mailan egonkortu arteko bidea arantza askokoa izan da. Balentziagari asko kostatu zaio Athleticeko defentsaren ezker hegala bereganatzea. Realetik milioi bat euro inguru ordainduta fitxatu zutenean dohain interesgarriak erakutsi zituen, baina gabeziak ere bai. Horregatik, aditu askorentzat hasiera batean espero zena baino gehiago ematen ari da. "Ez nuen uste horren maila ona emango zuenik. Defentsan gaitasuna zuela begibiztakoa zen, baina aurrera begira asko hobetu du. Nire ustez aurtengoa ez da bere denboraldirik onena, baina hasierako hamaikakoan lekua bermatuta badauka zerbaitegatik izango da. Valverderen begikoa da eta bere taldekideek maite dute. Ondo merezita dauka lortu duen guztia", iritzi dio Angel Garitanok. Ez Ondarruk, ez eta beste teknikari askok ez zuten konfiantza handirik Balentziagarengan. Marcelo Bielsak, esaterako, ez zion bere balio erakusteko aukerarik eman. Teknikari argentinarrarentzat nahikoa izan zen bideoetan ikusi zuena Athleticeko ateak zabaltzeko. Koikilik eta Balentziagak elkarrekin egin zuten gurutzebide horren zati bat. "Bielsarentzat Balentziagak eta biok ez genuen balio. Aurtenetxeren aldeko apustua egin zuen eta sekulako maila erakutsi zuen. Bada, orain Aurtenetxek lanak ditu gorengo mailan lekua aurkitzeko. Balentziagak, berriz, atzera pausu bat egin zuen eta Bigarren Mailan neurria eman ondoren etengabe hazi da" azken saioetan. Izan ere, Valladoliden egindako egonaldia bere buruan sinesteko erakuslehio aproposa izan zen Balen-entzat. Indar handiko birikak izateaz gain, bere nortasunak eraman duelako dagoen tokira. "Bere izaerak eta, batez ere, bere fisikoak asko lagundu diote. Partida asko erreskadan jokatu arren, beti egon da taldeari laguntzeko prest. Bere sasoian postu berean jokatzeko lehia izan genuen, baina asko pozten naiz oso mutil ona baita", gaineratu zuen Otxandiokoak.

Valverderen apustua
Bistan da berezkoak eta egindako lan guztiak gutxi balio dezaketela futbolari batek eman dezakeenean sinesten duen entrenatzaile bat egokitu ezean. Teknikarien erabakiek goitik behera baldintza dezakete profesional baten ibilbidea. Hala ere, Koikili ez du harritu Valverdek gipuzkoarraren aldeko apustua egin izana.

Aulkietako nagusiek estimu handia baitiete sekula kale egiten ez duten futbolariei. "Entrenatzaileek Balentziagaren jokoan konfiantza izatea normala da. Beti dago adi. Kontzentrazioa da bere dohain nagusietako bat. Taldearen mesedetan daukan guztia ematen du. Hamarretik sei, zazpi edo zortzia ematen du neurketa guztietan. Hortik gora emateko goi mailako futbolaria dago izan beharra, baina hortik behera ez ematea asko da. Meritu handia dauka". Balentziagak ez du sekula ahaztuko Valverde, baina teknikariak ere kontuan hartuko du isilean eta apaltasunetik taldearen mesedetan daukan guztia eman zuen futbolariaren ekarpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.