Gizartean nabaria da energia modu garbian sortzeko dagoen eskaera. Energia mota asko badaude ere, elektrikoa da zabalduena. Badaude, oraindik ere, energia kimikoa lehenesten duten arloak; automobilismoa, kasurako. Joera hori aldatuz doa pixkanaka, baina egunero petrolio jatorriko erregaiak dira nagusi. Energia garbien zikloa itxita,E Formula kategoriak auto elektrikoak darabiltza, lehen aldiz, goi mailako lehiaketa batean. Kontzeptu eta ideia berriak ekarri baditu ere, deigarria da zenbateraino oinarritu den ohiko egituran.
Bost urte dira jada 1 Formulako autoak KERS sistema hibridoa erabiltzen hasi zirela. Aurtengo autoek energia elektriko askoz ere gehiago erabiltzen dute, baina ohiko motor batek sortzen du oraindik bultzada guztiaren ehuneko handiena. Aspalditik egon da erabat elektrikoak izango ziren autoen txapelketa bat egiteko asmoa, baina, merkatuan bezala, zirkuituetan ere ez da lortu emaitza egokirik.
Bateria astunak, edukiera gutxikoak eta kargatzeko mantsoak; hiru faktore horiek ez datoz bat lehiarekin, eta horregatik kosta da hainbeste errealitate bihurtzea. Zalantzarik gabe, 1 Formulak teknologia horri eman dion bultzada lagungarri izan da E Formula sortzeko bidean. 50 minutuan karga daitezke autoak.
Gidari bakoitzak autoa aldatu beharra dauka lasterketan, nahitaez, ordu erdirako bateria bakarrik baitute. Ordubete inguru irauten dutenez, erdi aldera boxetan sartu eta autoa aldatu beharra daukate. Segurtasun neurriak errespetatzeko, gutxieneko denbora kopuru bat dute aldaketa egin eta gerora lasai ibiltzeko. Hemendik urte batzuetara lasterketak autorik aldatu gabe egiten badira, teknologiaren aurrerapenaren froga izango da.
Parte hartzaile ezagunak
Autoak ez dira goi-goi mailako lasterketetakoak; izan ere, zerotik ehun kilometro orduko abiadura hartu arte hiru segundo behar badituzte ere, puntako abiadura orduko 220 kilometro da. 3 Formulako edozein auto orduko 270 kilometrora irits daiteke, baina ez du kategoria berri horrek duen glamour-ik edo oihartzunik. Baina argi dago lehiaketa berri horren xedea ez dela 1 Formulara jauzia egiteko plataforma gisa nabarmentzea. Ikusi, bestela, parte hartzaile zerrenda: Jarno Trulli, Nick Heidfeld, Jaime Alguersuari, Karun Chandhok, Lucas di Grassi, Bruno Senna, Nelson Piquet...1 Formulan aritutakoak dira guztiak, baina hara itzultzeko itxaropenik ez dutenak. Komunikabideen oihartzuna lortu nahi izan dute antolatzaileek.
Flavio Briatorek eta Bernie Ecclestonek —beste bazkide batekin— Queens Park Rangers Ingalaterrako Bigarren Mailako futbol taldea erosi zuten, Lehen Mailara igotzeko helburuarekin. Dirua sartu, mailaz igo, eta urrunduz joan ziren pixkanaka, akzio gehienak Tony Fernandesi salduta. Hirugarren bazkideak GP2 taldea zuen garai hartan, eta, futbolean hasiberria bazen ere, interes handia zuen Briatore eta Ecclestone lankide izateko. Alejandro Agag zen hirugarrena, eta ederki aprobetxatu zuen beste bien laguntasuna motor munduan indarra hartzeko. E Formula Holdings sortu zuen, eta FIAk proiektu hari babesa ematea lortu zuen.
Pauso hori eman ondoren, errazagoa izan zen kontratuak sinatzea. McLarenek jartzen du motorra, Williamsek bateriak, Dallarak ekoizten du autoa, Michelinenak dira pneumatikoak, eta Renault izena dauka auto isil eta garbiak. Hiri barruko lasterketez osatua dago egutegia. Pekinen izan zen lehena, igandean, eta istripu ikusgarri batekin amaitu zen. Buenos Aires, Miami, Berlin, Londres... Amaiezina da irudi garbia zabaldu nahi duten hirien zerrenda. Egutegiak ez dauka lasterketa ondare handirik, eta ezta arautegirik ere. Fanboost izeneko ezaugarriari esker, botoi bat sakatzen dute ikusleek, eta potentzia gehigarria jasotzen dute gogokoen dituzten hiru gidariek. Ez Formula.
Elektrikoa bai, baina garbia ez
Auto guztiz elektrikoen lehen lehiaketa jarri du martxan Nazioarteko Automobilismo Federazioak, Pekinen, baina benetako lehiaketa izateko asko falta zaio oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu