Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak jantzi dute 2021eko Binakako txapela, Jon Ander Albisu eta Jon Ander Peñari aise irabazita, 22-7. Txapelketa osoan bezalaxe, finalean ere pilotari bat nabarmendu da ingurukoen gainetik: Zabaleta. Bikain aritu da, eta, pixkanaka-pixkanaka, bere neurrira osatu du partida.
Bi bikoteak pare samarrean hasi dira; 3-6 aurretik jarri dira Peña II.a eta Albisu. Hori izan da haien unerik onena, ordea. Gero, 11-0eko partziala egin dute Elezkano II.ak eta Zabaletak, eta erabateko nagusitasunez jokatu dute hortik aurrera.
Peña II.ak eta Albisuk, ongi jokatu duten arren, ez zuten zer eginik. Zabaletak bizi eta indar handiz jokatu du, eta erritmo hori mantentzen asmatu du, gainera. Hautsi egin du partida. Azken boladan, zale askok goratu dute Zabaletaren lana. Sasoia, indarra, joa, eskarmentua, erregulartasuna... sobran du denetarik. Finalean ere erakutsi ditu bere dohainak. Aurtengo txapelketako pilotaririk onenaren saria eman diote Zabaletari.
22-7 amaitu da partida. Bigarren txapela jantzi du Elezkanok, 2019an irabazitakoaren ondoren, eta hirugarrena, berriz, Zabaletak, 2013an eta 2018an lortutakoen ostean. Osasun neurriek irudi bitxi bat utzi dute: drone batek hegan eraman dizkie txapelak eskura Elezkanori eta Zabaletari.