Ezusteko erabakia hartu du Aspek Binakako Txapelketako lehen faseko azken jardunaldiari begira: Iker Irribarria txapelketatik kanpo utzi du enpresak, eta Danel Elezkano izango da Rezustaren bikotea Laso eta Albisuren aurkako partidan. Aspek azaldu duenez, helburua «sasoi hobean dauden pilotarien alde egitea da, kanporaketetan parte hartzea bermatzeko».
Aurtengo txapelketan, Irribarriak eta Rezustak ez dituzte enpresak nahi bezain emaitza onak lortu, eta, jardunaldi bat falta dela, ez dago euren esku bigarren fasea jokatzea. Bi baldintza betetzea behar dute horretarako: lehenik, Laso eta Albisuri irabazi behar diete Iruñean; eta, bestetik, Ezkurdiak eta Martijak Olaizola II.ari eta Urrutikoetxeari irabaztea behar dute. Enpresaren ustez, «Elezkano II.a eta Rezustak osatutako bikoteak dirudi helburua lortzeko egokiena»; joan den urtean haiek irabazi zuten binakakoa.
Enpresaren erabakiaren jatorria atzo azken-aurreko jardunaldian Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak Irribarria eta Rezustari emandako astindua da (22-9).