Eskubaloia

Eli Pinedok erretiroa hartu du

Eskubaloi jokalari amurrioarrak 35 urterekin eman du bukatutzat bere kirol ibilbidea, maila gorenean hamazazpi urtez jokatu ondoren.

Eli Pinedo Olinpiar Jokoetan. LAVANDEIRA JR / EFE
2016ko abuztuaren 25a
08:31
Entzun

"Ez dut izan inolako tentaziorik eskubaloia uzteko. Oraindik gogoa dut jarraitzeko, eta, fisikoki, ondo ikusten dut neure burua". Horixe aitortu zion Eli Pinedok (Amurrio, Araba, 1981) BERRIAri maiatz bukaeran. Hiru hilabete eskas geroago, ordea, iritzia aldatu du. Espainiako eskubaloi selekzioarekin Rioko Olinpiar Jokoetan azken unean dominen lehiatik at geratu izanak ziurrenik izango zuen eraginik. Halere, argi dago Eli Pinedok bazter batean utziko duela baloi txikia, 35 urterekin, hamazazpi urtez maila gorenean aritu ondoren.

Eli Pinedoren erretiroarekin, euskal eskubaloiak azken hamarkada luzeko jokalari onenetako bi galdu ditu denbora gutxian. Izan ere, aurreko sasoiaren amaieran Matxalen Ziarsolok ere, Eli Pinedok urte askoan Bera Beran izandako taldekide ohi eta lagunak, erretiroa hartzea erabaki zuen. Ermuarrak bezala, amurrioarrak ere ibilbide paregabea osatuta esan du agur. Makina bat titulu irabazi du 1999an Bera Berarekin debuta egin zuenetik: taldeen arteko lehiaketan, Espainiako sei liga irabazi ditu (bi Itxakorekin eta lau Bera Berarekin), lau kopa (Itxakorekin bat eta Bera Berarekin hiru), bost superkopa (Itxakorekin bat eta Bera Berarekin lau) eta EHF kopa bat (Itxakorekin); Espainiako selekzioarekin, berriz, bitan izan da Europako txapeldunorde, eta brontzezko domina eskuratu du 2011ko Brasilgo Munduko Txapelketan eta 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan.

Eli Pinedok hurrengo egunetan prentsaurrekoa emango du bere erabakiaren arrazoien berri emateko. Argi dago nolabait baloi txikiari lotuta jarraituko duela, Bea Fernandez taldekide ohiak eta berak London717 arropa denda sortu baitzuten duela gutxi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.