Arrauna

Elikadura daukate pizgarri

Berebiziko garrantzia dauka gaur egun elikadurak eliteko kirolean. Arrauna ez da salbuespena, eta gehienezko errendimendua lortzeko ezinbesteko aldagaia da.

Ion Garraus, Hondarribia Arraun Elkarteko nutrizionista. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
pettan uralde
2023ko uztailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arraun taldearen bihotzean, non sinkronia eta trebetasuna palakada bakoitzean urtzen diren, funtsezko ezkutuko elementu bat dago, errendimendua beste maila batera bultzatzen duena eta garaipenaren eta porrotaren arteko aldea zehazten duena: elikadura.

Irailean 23 urte egingo ditu Ion Garrausek (Irun, Gipuzkoa, 1978) nutrizionista gisa lanean hasi zenetik, eta beste hainbat urte kirol munduan murgildu zenetik. Hasieran txirrindularitzan aritu zen, eliteko hainbat taldetan; Movistar, Garmin, Cofidis eta Euskaltel. Ondoren, arraunaren munduan sartu zen, Mikel Orbañanosen eskutik, Hondarribiako Arraun Elkartean. Hain zuzen, 2017an eman zuen pauso hori, eta gaur arte jarraitu du harreman horrek. «Orbañanosek aspalditik zekien nire berri, eta bere taldearen errendimendua hobetzen saiatzen ari zen beti. Arraunlarietako batek, Julen Castrillonek, urte erdi lehenago nirekin lan egin zuen, eta Mikel nirekin harremanetan jarri zen».

Zazpigarren denboraldia beteko du Garrausek Ama Guadalupekoa-ren motorra koipeztatzen. Nutrizionistak dio «gero eta interes handiagoa» dagoela elikaduraren inguruan, eta arraunlariek duten kontzientzia maila «oso handia» dela. «Iraganean, zer jan eta zer ezin zuten jan kezkatzen zituen, baina dagoeneko, buruhauste bat gutxiago da beraientzat. Gaur egun, guk emandako jarraibideak betetzen dituzte, eta lasai geratzen dira. Entrenamenduak ere jarraibide horiek betetzen ditu, eta prestatzailea arduratzen da horretaz. Azken finean, emandako pautak betez, egoera onean iristen dira lehiaketara, eta arraun egiteaz besterik ez dira arduratu behar».

Elikaduraren inguruan, badago gizartean garrantzia hartu duen esaldi bat: «Zer jan, hura izan». Garrausek horretan jarri du arretagunea, eta kirolean ere gaur egun duen «berebiziko» garrantzia aipatu du. «Zer jaten dugun hori baino gauza garrantzitsuagorik gutxi dago. Hain lehiakortasun maila handiaz ari bagara, xehetasun guztiak batu eta dena kontrolatzeko unean gaude. Arraunean, olatu bakar bati esker bandera bat irabaz dezakezu. Lehiaketan, dena oso justu dago, eta elikadurak alde batera edo bestera egin dezake balantza».

«Asko» aldatu da kirolaren eta nutrizioaren harremana, Garrausen hitzetan. Jada ez dira ikusten antzinako «horma armairuak» ziruditen arraunlariak. Orain, «bakoitzak bere pisuarekin sor dezakeen indarrik handiena» lortu nahi dute. Nutrizioak, bikaintasunaren bilaketa nekaezinean gidatzen ditu gaur egungo atletak.

Ezinbestekoa den faktore horrek bilakaera handia izan du azken urteetan. Asko aurreratu dira nutrizioaren teoria eta praktikak, eta arraunlari bakoitzaren beharrizan espezifikoetara egokitzeko gaitasuna dauka Garrausek: «Arraunlariek daramatzaten jarraibide guztiak banakatuta doaz, bakoitzaren pisuarekin. Ondoren entrenamendu bat dago, eta asteko patroia berdina da entrenamendu egun horietako bakoitzerako. Intentsitatearen eta iraupenaren arabera, nutrizio jarraibide espezifiko bat betetzen dute.Estropadaren aurreko jarraibide bat ere badute, eta estropadaren egunean beste bat. Dena oso egituratuta eta oso kalkulatuta dago».

Jarraibide horietan, mota askotariko elikagaiak sartzen dira, eta Garraus horien arteko oreka bilatzen saiatzen da. «Gehienbat, karbohidratoen kontzentrazio eta kargarekin jolasten dugu astean zehar, entrenamenduaren bolumenaren eta intentsitatearen arabera. Horixe da gakoetako bat». Xehetasun gehiagoren bila, elikagai nagusi horiek zein diren galdetuta, pista batzuk eman ditu. Hala ere, gauza gehiegi azaldu ezin dituela dio, haien lana biluzez dadin: «Badira karbohidratoetan aberatsak diren elikagaiak, hala nola pasta, arroza, lekaleak edo ogia. Haien kontzentrazioa asko kontrolatzen dugu. Gainerakoa proteinen eta koipeen kontzentrazioekin jolastea da. Beti kalitatezko koipea bilatzen dugu, ahalik eta aberatsenak».

Errendimendu ona emateaz gain, elikadura zuzen batek kirolariaren ibilbide profesionala luzatzen ere laguntzen du. Nahiz eta beti dagoen lesionatzeko arriskua, Garrausen ustez, dieta egoki batek hura saihesten laguntzen du. «Arriskua minimizatzen dugu. Nahiz eta hutsezina ez izan, eta aktore asko hartu behar diren kontuan».

Mirariak ez dira existitzen

Arraun giroan ezagunak diren elikadura osagarriez aritu da Garraus. Mespretxuz osagarri horien inguruan dauden hipotesiak alde batera utzi ditu, eta ez dituztela «mirariak» egiten azpimarratu du. «Osagarriak, izenak adierazten duen bezala, dagoeneko duzun oinarriari edo zimenduari gehitzen zaion zerbait da. Dieta da guztiaren oinarria, eta,behin hori sendo izanda, gehigarriak aukera ditzakezu. Kirolariari plus bat emateko erabiltzen dira. Horren bidez, errendimendua hobetu nahi da, baina azpimarratu behar da, gehigarriek ez dutela ezertarako balio nutrizio jarraibide ondo egituraturik ez badugu. Hiru hankako mahai bat egitea litzateke».

Osagarriak ez ezik, elikadurak berez duen funtzioa ere azpimarratudu Garrausek, eta, batzuek ahaztu egiten duten arren, kontuan hartu beharreko lehenetariko faktorea dela. «Autoak erregairik gabe piztea eta hemendik Albacetera joan nahi izatea bezala da, eta, gainera, azkar joatea nahi duzu. Ez da nutrizionista edo medikua izan behar, elikadura egokirik gabe inora joan ezin gaitezela konturatzeko».

Lan handia da elikadura muturrera eramatea eta, bide batez, kirolariaren bikaintasuna lortzea. Erraza ez den arren, «merezi duela» esanez bukatu du Hondarribiako nutrizionistak, eta nutrizioaren erreminta guztiak kirolariaren esku daudela dio. «Mantenugai egokiak badituzte, eta, jarraibideei atxikitzen badira, foku osoa jartzen da mailarik handienera iristeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.