Saskibaloia. ACB liga: Bilbo Basket. Roger Grimau. Bilbo Basketeko jokalaria

«Elitean finkatzea da helburua, eta elite hori, egun, ACB liga da»

Hamaseigarren sasoi-aurrea du ACB ligan, eta begi fina du: «Lauzpabost lan saio egin ditugu bakarrik jokalari guztiekin; liga hasiera zaila izango da». Baina, hala ere, baikorra da, eta garrantzi handia eman dio beteranoen multzoak taldean jarraitu izanari.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2013ko urriaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Patxadaz mintzo da, eta hitzak neurtuz. Elkarrizketei nola aurre egin badaki Roger Grimauk (Bartzelona, 1978). Esperientziaren ahotsa du, eta erronka berria du sasoi honetan, Rafa Pueyok antolatzaile postuan jokatzeko eskatuko baitio.

Zer moduz denboraldi-aurrea? Hamaseigarrena duzu. Aurrenekoarekin alderatuta ezberdina izango da.

Eutsiz goaz, urtez urte. 16.a diozu? Edo 15.a da? Egia esan, ez naiz gogoratzen [barrez]; baina, bai, halako zerbait da, bai. Tira, denboraldi-aurre guztiak antzekoak dira, baina ilusioz hartu behar dituzu beti, ilusioa oso garrantzitsua da hainbeste urtean irauteko. Nik argi dut entrenatzeko ilusio hori galtzen dudan egunean jokatzeari utziko diodala.

Chris Hornerrek 41 urterekin irabazi berri du Espainiako Vuelta; ezingo dugu esan zu, 35 urterekin, zure onenak emanda zaudenik.

Hemengo kultura da. Beste herrialde batzuetan, NBAn esaterako, errespetu handiagoa dago adin jakin bateko kirolariekin. Hemen, aldiz, hogeita hamarretan sartzen zarenean erretiroan pentsatzen hasteko esaten dizute. Hori norberaren araberakoa da, lesiorik izan duzun ala ez, nola zaindu zaren... Oso adin ona da.

Sasoi honetan hainbat beterano zaudete, eta German Gabriel gehitu zaizue. Nola ikusten duzu multzoa?

Jokalari onak dira guztiak, urteak daramatzagu elkarrekin jokatzen; ea apurka ondo elkar hartzen dugun, denboraldi-aurre oso berezia egin dugulako. Uste dut denak elkarrekin lauzpabost saio egin ditgula bakarrik, eta zaila da. Liga hasiera gogorra izango da guretzat.

Bi jokalari mota dago taldean: beteranoak eta kanpoko ligetatik etorritako gazteak.

Gakoa multzo bakarra egotea da. Berriek beteranoek nola lan egiten duten ikustea garrantzitsua da, egokitzen laguntzen die.

Ze itxura du taldeak?

Ona, baina hasiera gogorra izango da. Gure moduko taldeentzat denboraldi-aurrearen zati handi bat jokalari gutxirekin egitea ez da erraza; are gutxiago entrenatzaile berriarekin. Hasieran, ongi aritzea kostako zaigu.

Berriak nolakoak dira?

Gazteak dira, eta gose daude. ACB ligan, hastea ez da erraza, eta uste dut konbinazio hori ona dela, beteranoak eta gazteak.

Aurrekontu jaitsiera nabarmena izan da, baina talde polita osatu dela dirudi, lan ona egin dela bulegoetan.

Hori da gakoa, eta nik uste dut hurrengo urteetan gauzak zentzu horretan joango direla. Aurrekontuak murriztuz joango dira, eta ez Bilbon bakarrik, bi handienak ez beste talde guztiek aurrekontu murritzagoekin irauten asmatu beharko dute.

Beterano guztiek jarraitu duzue. Asko harritu ziren zuen erabakiarekin. Zergatik jarraitu duzue?

Gauza asko entzun ditut horri buruz, batzuk itsusiak, baina ez naiz hor sartuko. Bilbora iritsi nintzenetik ikusi nuen jendeak nola parte hartzen duen, eta nik ere parte hartu dut. Pixka bat ezberdina da, familia moduko bat da: jendea gurekin dago, gauzak gaizki doazenean ere jendea Miribillara doa... Gustura gaude, konfiantza dugu, giro ona dugu, eta ikusten duzunean aurrerantzean lehiakorrak izango garela... Nire kasuan, horregatik erabaki nuen gelditzea udako eskaintzei itxaron gabe.

Zer moduz Rafa Pueyorekin? Lehen entrenatzaile izatera pasata, tratua desberdina al da?

Gauza batzuk aldatu egin behar dira, baina, oraingoz, ondo.

Zer eska dakioke Bilbo Basketi?ACB ligan sailkapenaren erdialdetik gora egon beharko luke?

Helburuak finkatzea kosta egiten zait. Aurrekontu jaitsiera kontuan hartuta, nik uste dut orain taldea elitean finkatzea dela helburua, eta egun, elitea, ACB liga da. Guk borroka egingo dugu, eta, zortzigarren bukatu ahal badugu ez gara konformatuko bederatzigarren izatearekin. Ezin dut esan non gauden, baina anbizioa betikoa da.

Iragan sasoi bukaera ilun samarra izan zen: Eurokopako finala galdu zenuten, diru arazoak izan ziren...

Halere, uste dut zaleak baduela ilusio hori. Eurokopako finalera iristea handia izan zen, eta, nik sumatzen dudanez, jendea gurekin dago. Miribillara joan behar izatearen premia hor sortu da hirian, eta hori da garrantzitsuena. Helburua galdetu didazu lehen, bada, funtsezkoena jendeak Miribilla betetzea da.

Asko hitz egin da zure antolatzaile zereginaz. Ezagutzen duzu, baina 35 urte dituzu, oso garaia zara...

Zerbaiti buruz hitz egin behar, eta hori izan da udako gaia. Ni lasai nago, Pueyok konfiantza du nigan, eta denboraldi-aurreko partidetan, bat izan ezik, pozik gelditu naiz. Hala taldea lagundu badezaket, bada ni, pozik.

Egungo saskibaloian, gainera, posizioak erlatiboagoak dira.

1980ko hamarkadako garaiekin alderatuta, asko aldatu dira. Gauza batzuetan, beste antolatzaileekiko abantaila izango dut, eta beste batzuetan, desabantaila; horietan taldeak lagundu beharko dit.

A zer-nolako asteburua duzuen hasteko: Superkopa, Sixersen aurkako partida etzi...

Nahiko nuke nik hiru partida jokatu behar izatea, seinale ona litzateke. Gainera, NBAko taldeek aurkako partidak politak dira, baina ikuskizun asko daude etenaldietan, eta luze egiten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.