Elkar ezagutzearen indarra

Geldikako jokaldiek garrantzi handia dute; are gehiago egun, talde gehienen maila antzekoa baita. Athletic ligako onenetakoa da arlo horretan, eta Igor Gabilondok haren nondik norakoak azaldu dizkio BERRIAri.

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Athleticek astebete eskasean jokatuko duen bi derbietako lehena ate joka dago. Talde zuri-gorriak Nafarroako Erresuman egin beharko dio aurre lehen erronkari, etzi. Jose Luis Mendilibarren taldea zain dago: Osasuna. Beharrak eragindako norgehiagoka izango da. Joaquin Caparrosek zuzendutako taldeak Europarako txartela eskuratzeko behar ditu jokoan dauden puntuak. Etxeko taldeak, berriz, txapelketako azken hilabeteari lasai aurre egiteko.

Harmailetan giro beroa izatea espero dute zuri-gorriek, eta aurkaria motibazioz gainezka egotea, arnasa hartzen utzi barik. Athleticek ez du gutxiago izan gura, ordea. Zuri-gorriek badakite Osasunako futbolarien adina gogo eta intentsitaterekin jokatu beharko dutela garaipena eskuratu ahal izateko. Arlo horretan, ez dago zalantzarik Athleticen inguruan: futbolariek barruan duten guztia emango dute. Talde biek eurengandik espero dena eskaintzen badute, neurketa lehiatua izango da oso. Beraz, banakako oker batek, maila altuko futbolari batek egindako jokaldi on batek edo geldikako jokaldi batek eman diezaioke garaipena bietako bati. «Derbiak oso borrokatuak izaten dira, eta sarri erabakitzen dira estrategia jokaldiei esker. Arma garrantzitsua da guretzat, eta, beraz, arreta jarri beharko dugu arlo horretan», adierazi dio BERRIAri Igor Gabilondo Athleticeko jokalariak (Donostia, 1979).

Falta eta korner jaurtiketa batean egon daiteke derbiko giltza. Baina ez da derbietako kontua bakarrik. Ligako partida asko erabakitzen baitira estrategia jokaldiei esker. Gisa horretako jokaldiak ondo landuta dituzten taldeek neurketa asko irabazten dituzte. Horregatik, gero eta denbora gehiago erabiltzen dute entrenamendu saioetan horrelako jokaldiak prestatzen. «Egungo futbolean sekulako garrantzia dute estrategia jokaldiek. Taldeen artean parekotasun handia dago. Horregatik, neurketa asko erabakitzen dira geldikako jokaldiei esker. Taldeek gero eta garrantzia handiagoa ematen diote. Ez da harritzekoa, futbolean gero eta garrantzia handiagoa duelako».

Caparros Athleticeko entrenatzaile denetik, lehentasuna da estrategia. Astean behin gutxienez lantzen dute zuri-gorriek. Gehienetan, hori bai, ateak itxita egiten dituzten entrenamenduetan—aurkariek jakin ez dezaten zer duten prestatuta—. Neurketa bezperan, San Mamesen elkartzen direnean, geldikako jokaldiak lantzen ematen dute denbora gehiena. Begi bistakoak dira ezkutuan egindako lanaren emaitzak. Ligako talderik indartsuenetakoa bihurtu da Athletic arlo horretan. Ligako onena al da? «Bistan da nabarmendu egiten garela. Geldikako jokaldiei esker gol asko sartzen ditugu; puntu asko eman dizkigu estrategiako jokoak. Baina ez dakit onenak garen ala ez. Oso onak gara, baina ez naiz ausartzen onenak garela esatera». Gabilondok ohiko zuhurtzia erakutsi du galdera erantzuteko.

Kontua da Athletic gai dela zelai erditik falta atera eta gola sartzeko. Fernando Llorentek sartutako azken gola da horren adibide garbiena. Romaredan izan zen, duela sei jardunaldi. Horretarako, goi mailako espezialistak behar dira. Eta euren arteko elkar ulertzea ere beharrezkoa da. «Jaurtitzaileen eta errematatzaileen arteko koordinazioa ezinbestekoa da: erdiraketa nora joango den, zein unetan egingo den… elkar ezagutza garrantzitsua da». Baina horrekin ez da nahikoa. Ustez jokaldian parte hartzen ez duten futbolarien ekarpena ere ezinbestekoa da. «Baloia jartzen duena zein errematatzen duena bezain garrantzitsua da errematera joaten diren gainerako jokalarien lana. Errematatzen duen jokalariaren inguruan dauden futbolarien mugimenduak egokiak izatea ezinbestekoa da errematatzailearentzat».

Bi gol faltaz

Talde lan horretan katearen hasieran dauka protagonismoa erdilari donostiarrak. Gabilondok ezker bikaina dauka. Bai faltak eta baita kornerrak ateratzerako orduan maisua da. Berak gura duen lekuan jartzen du baloia. Llorentek, Carlos Gurpegik eta talde zuri-gorriko gainerako errematatzaile guztiek poza hartzen dute ezker hegalekoa baloia zain dagoen toki ingurura gerturatzen den bakoitzean. Konfiantza handia dute bere dohainetan. Gabilondok berak ere arriskua sortzen du bere kasa, iaioa baita faltak jaurtitzen. Denboraldi honetan, adibidez, bi gol sartu ditu faltaz, Valentziaren eta Getaferen aurka, hain zuzen ere. Jaurtitzaile ona izateko, berezkoa izateaz gain, eguneroko lanak ere garrantzia handia duela iritzi dio Gabilondok. «Bietatik dago. Jokalari bakoitzak ezaugarri berezi batzuk ditu. David Lopez eta biok baloia jotzerako orduan nabarmentzen gara. Bizi guztia aritu gara lan horretan. Normalean, gauza bat egiten erraztasuna duen futbolariak beste gauza batzuk egiten baino gehiago gozatzen du berezitasun hori lantzen. Horregatik, ordu gehiago ematen ditu gauza zehatz hori egiten. Eta, denborarekin, konfiantza hartzen da».

Athleticen, taldekide eta gazte askoren ispilua da Gabilondo. Erdiratzen ikasi gura duenak maisu ona dauka lehen taldean. Bere sasoian Gabilondok berak izan zituen moduan. Oso ezaugarri ezberdinak zituzten bi jokalarirengandik ikasi zuen gehien, biak Realeko jokalariak. Ezkerra bata, eta eskuina bestea. «Realean aritu nintzenean oso maisu onak izan nituen. De Pedrok ezker aparta zuen: erdiraketak egiterakoan, zuzenean jaurtitzerakoan, paseak ematerakoan… oso ona zen. Bestalde, Nihat ere ikustekoa zen. Turkiarrak oso ondo jaurtitzen zuen, baina ezberdina zen. Gogor eta atera jaurtitzen zen ona».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.