Futbola

Elkarri zor diote

Athleticek Espainiako Kopako finalerako sailkapena izango du jokoan, gaur, San Mamesen. Bilbotarrek gol bateko abantaila daukate, eta zaleen babesa izango dute, etxean.

(ID_13531250) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-01-24, Bilbo. Futbola
Gorka Guruzeta, San Mameseko zaleak hauspotzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko otsailaren 29a
05:10
Entzun

Amestutako egoeran iritsi da Athletic gaur San Mamesen jokatuko den neurketa erabakigarrira. Bilbotarrek 0-1 irabazi zuten Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan, Metropolitanon, Atletico Madrilen aurka. Aurkariaren izena eta zelaiaren zailtasuna kontuan hartuta, emaitza bikaina lortu zuen Ernesto Valverderen taldeak. Ametsak, baina, ez dira beti betetzen. Hortaz, tentuz aritu beharko da Athletic. Lan erdietara abantailaz iritsi da, baina beste erdia dauka aurretik oraindik. Badauka nori begiratu hutsak ez errepikatzeko. Mallorca zain dauka dagoeneko, aurreneko finalerdian Reala penaltietan kanporatu ostean.

Joaneko partidan sendo aritu zen Athletic. Partida bikaina osatu zuten atzeko lerroko jokalariek, eta zirrikitu gutxi utzi zizkieten Atletico Madrileko aurrelariei. Gainera, Reinildoren opari bat tarteko, berehala aurreratu zuen Berenguerrek Athletic, penaltiz. Horrek konfiantza eman zien jokalariei, eta partida osoa jokatu zuten. Zortea ere alde izan zuten. Arauzko denbora amaituta zegoenean penaltia egin zuen Yeray Alvarezek, baina VAR-ak baliorik gabe utzi zuen, jokoz kanpo baitzegoen Morata. San Mamesera horrelako emaitza batekin iristea bera arrakastatsua da zuri-gorrientzat, eta zaleen aurrean emaitza hori defendatu beharko dute.

Dena den, oinak lurrean dituztela zelairatu beharko dute zuri-gorriek. Atletico Madril talde handia da, izarrez betetakoa, eta edozein unetan jarri dezakete hankaz gora kanporaketa. Batzuen ustez neurketaren bila zelairatu behar dira zuri-gorriak, errenta txikia baita. Beste batzuek, berriz, errenta txikia izan arren, hori defendatzera irten behar direla uste dute. Horren inguruan galdetu zioten atzo, Valverderi, prentsaurrekoan. Eta argi mintzatu zen: «Markagailuan aurretik goaz, baina ez da emaitza esanguratsua partida nolabait baldintzatzeko. Aldea oso txikia da, eta partida berria balitz bezala jokatu behar dugu. Etxean partida irabaztera joango gara». 

Iragan igandeko neurketak zenbait zalantza ere piztu ditu. Azken asteak ederrak izan dira. Metropolitanon irabazi ostean Gironaren aurka irabazi zuen Athleticek, indar erakustaldia emanda. Zaleek eta jokalariek festa giroan ospatu zuten garaipen hori, eta ez da gutxiagorako, kataluniarren denboraldiari erreparatuz gero. Amestutako bidea izaten ari zen, ahalik eta porrot mingarria iritsi zen arte. 3-1 galdu zuen Athleticek Benito Villamarinen, Betisen aurka. Partida kaskarra jokatu zuen Valverderen taldeak, eta sasoi osoan erakutsi duten mailarengandik oso urruti aritu zen. Emaitza ez zen albiste txar bakarra izan. Nico Williamsek jokalari bat gutxiagorekin utzi zuen taldea 40. minutuan, eta lan eskerga handia egin behar izan zuten taldekideek neurketa amaitu bitartean. Gainera, Yuri Berchichek min hartu zuen, eta ez da gaur ariko. Ez da neurketa erabakigarri batera iristeko modurik onena, eta azkar aldatu beharko dute txipa zuri-gorriek. Dena den, lasai dago teknikari gasteiztarra. Astea motza izan da, baina lan ona egin dugu. Partida bat galtzeak beti izorratzen du, baina Betisen aurkakoak ordubete iraun zigun. Biharkoa [gaurkoa] bezalako partida bat aurrean daukazunean ez dago atsekabetzeko astirik. Denboraldi hasieran denok jokatu nahiko genukeen partida baten aurrean gaude». 

Hutsuneak bi aldeetan

Yuri eta Ander Herrera izango dira neurketa lesio baten erruz galduko duten jokalari bakarrak. Yeray eta Iñigo Lekue osatu direla dirudi, eta deialdian sartu ditu prestatzaileak. Yuri egongo ez denez, litekeena da Lekue hasieratik aritzea. Dena den, bakarkako lanak egin dituzte astean zehar, eta ikusiko da zenbaterainoko laguntza emateko gai izango diren. Gainerako jokalari guztiak jokatzeko prest ditu Valverdek.

Simeonek, berriz, min hartuta dauzka hainbat jokalari garrantzitsu: Jose Maria Gimenez, Thomas Lemar eta Cesar Azpilicueta eta Antoine Griezmann ez dira San Mamesen ariko. Frantziako aurrelariaren hutsunea albiste bikaina da Athleticentzat. Inoizko sasoirik onenean dago Realeko haztegiko jokalariak, eta taldeko izar nagusia da, ezbairik gabe. Gainera, begiz jota dauka Athletic. Talde zuri-gorriari sartu dizkio gol gehien haren kirol ibilbidean: hamalau guztira. Valverde ere jakitun da Griezmannen garrantziaz, eta argi utzi zuen prentsaurrekoan: «Griezmann oso jokalari ona da, eta guri golak sartzeko ohitura du, nahiz eta azken bi partidetan ez digun golik sartu. Hutsune esanguratsua da haientzat».

Griezmann egongo ez den arren, gola sartzera behartuta dago Madrilgo taldea. Bost atzelarirekin jokatu ohi du Simeoneren taldeak, baina baina markagailuan atzetik egonda ikusiko da Argentinako teknikariak beste erabakirik hartzen duen. Valverdek, ordea, betiko Atletico Madril espero du aurrean: «Klubaren handitasunagatik irabaztera behartuta dagoen taldea da, eta asteburuero erantzuten dio behar horri. Baina defendatzeko pazientzia daukate, eta ondo baino hobeto egiten dute hori.

Finalera heltzeko, Donostian zeukaten pizgarri bera daukate Bilbon. Izan ere, bi euskal taldeek harmailak hutsik zeudela jokatu zituzten azken finalak. Denek egiten dute amets lepo bete daitekeen Cartuja batekin. Realak aukera galdu zuen. Eta albokoaren hutsetatik ikastea hobe du Athleticek, eta futbol zelaira konfiantzarekin irten, baina askorik fidatu gabe. Gau handietako giroa ziurtatuta dago San Mamesen. Elkarri zor diete; jokalariek zaleei, eta zaleek jokalariei.

ATHLETIC-ATLETICO MADRIL

Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Paredes, Lekue; Prados, Ruiz de Galarreta; Iñaki Williams, Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta.

Atletico Madril: Oblak; Molina, Savic, Witsel, Reinildo, Samu Lino; Koke, De Paul, Barrios; Depay eta Morata.

Epailea: Martinez Munuera.

Lekua: San Mames (53.331 ikusle).

Ordua: 21:30 (ETB1 eta La1).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.