Euskal zaleek herenegun errepide bazterrean izan zuten jarrera goratu zuten atzo batean eta bestean. «Normaltasunaren irudi arrakastatsua» izan zela ere aipatu zuten batzuek, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esaterako. Baina, herenegun gertatu bezala, hainbatek Euskal Herriaren aldarrikapena egin zuten atzo ere Bilbo eta Gasteiz artean. Herenegun Ilsogana gainean, Elorritxuetan eta Bilbon egin zuten aldarrikapena Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) eta hainbat eragilek. Eta atzo Bilboko irteerara joan ziren gehienak, Martxel ToledoESAITeko koordinatzailea eta Elena Gartzia Bilboko Bilduko zinegotzia tartean. «Inposaketaren aurka elkarrizketa» eskatu zioten ESAITek eta Bilduk Javier Guillen itzuliko zuzendariari. «Inposaketa erabili beharrean, nortasunen errespetuan oinarritzeko eskaera egin nahi dugu».
Vuelta hasi bezperan Guillenekin bilera egiteko hitzordua eskatu zuen ESAITek, baina ez zuen erantzunik jaso. «Aukera baliatu eta Bilboko irteerara etorrita, gure eskaerak eskura emateko aukera polita geneukala ikusi dugu», aitortu zion atzo ToledokBERRIAri. «Hamabost minutuko bilera informala egin dugu Guillenekin, eta eskutitz bat ere eman diogu, euskaraz eta gaztelaniaz idatzita».
Guillenen harrerarekin «hainbestean, gustura» zegoen Toledo. «Baina ez zuen hitz egin nahi komunikabideen aurrean». Eurena elkarte pribatua dela, eta Vuelta Euskal Herrira euren ekimenez ez dela etorri azpimarratu zuen itzuliko zuzendariak. «Ekimena Jaurlaritzarena izan dela argitu zigun, eta kontuak eurei eskatu beharko genizkiekeela».
Gainerakoan, aldarrikapenen inguruan «balorazio ona» egin du ESAITek. «Azken asteetan, atzo [herenegun] eta gaur [atzo] Euskal Herriaren aldeko aldarrikapena egin izan ez bagenu, Vuelta Euskal Herritik normal-normal igaro dela esango zuten denek, eta, gainera, Bilbon Antonek irabazi zuela».
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
«Elkarrizketa» eskatu diote ESAITek eta Bilduk Vueltari
Javier Guillen Vueltako zuzendariari eskutitz bat eman diote irteeran, inposizioaren bidea okerra dela azalduz

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu