Elkartasuna, beste baterako

Osasunak eta Athleticek irabazi egin nahi dute Sevilla eta Cadizen kontra; larri dabiltza bi taldeak. Nafarrak azken garaipenari jarraipena ematen saiatuko dira; zuri-gorriek ligan jarri behar dute arreta, eta kopa, oraingoz, alde batera utzi.

(ID_13520203) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Osasunako jokalariak Jesus Aresok Getaferi sartutako gola ospatzen. JESUS DIGES / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko urtarrilaren 28a
05:05
Entzun

Osasunak eta Athleticek etxetik kanpo jokatuko dute gaur, puntu premia gorria duten Andaluziako bi talderen aurka: gorritxoek Sevillari egingo diote bisita (18:30, Gol), eta zuri-gorriak Cadizen zelaian ariko dira (16:30, Dazn). Osasunak irabazi egin zuen azken partida, Getaferen aurka, eta ligan bi garaipen kateatu nahi ditu sasoi honetan lehen aldiz. Begi bat fitxaketa merkatuan dute jarria: Nacho Vidal Mallorcan ariko da, utzita, eta Chimy Avila ere irteteko prest dago. Athletic, berriz, Kopan gozatu handia hartuta iritsiko da gaurko lehiara. Aldiz, galdu egin zuen ligako azken jardunaldian, Valentziaren aurka. Ez du berriro estropezu egin nahi. 

Osasuna denboraldiko garairik gozoenean dago Sadarren: ez du galdu etxeko azken bost partidetatik bat bera ere, eta irabazi egin ditu azken hirurak, Rayo, Almeria eta Getaferen aurka. Azpiko postuetatik urruntzeko balio izan diote garaipen horiek. Alabaina, etxetik kanpo emaitza apalagoak ari da lortzen. Sasoia oso indartsu hasi zuen bisitari moduan, baina azkenekoz urriaren lehenean nagusitu zen Iruñetik urrun, Alavesen aurka. Geroztik ligako bost partida jokatu ditu etxetik at, eta puntu bakarra bildu du. Agortea eteten saiatuko da gaur.

Nafarrak ezinean aritu izan dira Sanchez Pizjuanen. 2006tik bertan irabazi gabe zeuden, harik eta iaz 2-3 nagusitu ziren arte. Egiazki, azkenaldian neurria hartu diote Sevillari: bost lehia daramate gaurko aurkariaren kontra galdu gabe. Iragan sasoian, irabazi egin zizkioten ligako bi norgehiagokak, eta Kopatik kanporatu zuten final-laurdenetan.

Gainera, oso estu dago Sevilla. Hura ageri da lehena jaitsiera postuen gainetik. Puntu bakarra ateratzen dio Cadizi. Oraingoz, ezin izan du suspertu Quique Sanchez Floresek: irabazi egin zuen teknikariaren debuteko partidan, baina galdu egin ditu ligako hurrengo bostak. Etxeko beroan beti talde suharra izan den arren, bederatzi neurketa daramatza Pizjuanen irabazi gabe, eta esku hutsik gelditu da azken hiruretan.

Erdiraketei arreta handia ipintzeko partida izango da Osasunarentzat, defentsan nahiz erasoan. Alde batetik, baloi gehien erdiratzen duen taldea da Sevilla: 32 erdiraketa partidako. Gorritxoentzat buruhauste izan da alor hori, eta suzko proba izan dezakete gaur. Era berean, Sevillaren hauskortasuna baliatu behar dute: gol gehien jaso duen taldeetan laugarrena da, eta akats handiak ari da egiten geldikako jokaldietan.

Ezin du erritmoa jaitsi

Asteazkenean gau gogoangarria izan zuen Athleticek; Kopako finalerdietan sartu zen, nola, eta Bartzelonari luzapenean irabazita. Ligako jardunarekin ere gustura dira zuri-gorriak: bete-betean daude sartuta Txapeldunen Ligan sartzeko borrokan. Azken jardunaldian atzerako urratsa egin zuten, Valentziaren zelaian galduta, eta garaipenaren bidera itzuli behar dute onenen uberan jarraitu ahal izateko. Bolada itzelean daude Ernesto Valverderenak: soilik Mestallako neurketa galdu dute azken hiru hilabeteetan, eta hamabi garaipen lortu dute tarte horretan.

Cadiz txanponaren beste aldean dago. Izan ere, ia bost hilabete daramatza irabazi gabe: laugarren jardunaldian gailendu zen azkenekoz, Vila-realen aurka. Egoera geroz eta jasangaitzagoa da, eta, Mendizorrotzan galdu ondotik, kargutik kendu zuten Sergio Gonzalez teknikaria. Mauricio Pellegrinok hartu du lema, eta gaur eseriko da lehen aldiz Cadizen aulkian. Argentinarra Alavesen entrenatzailea izan zen 2016-2017ko denboraldian, eta Kopako finaleraino gidatu zuen Arabako taldea.

Athleticek hiru egun izan ditu asteazkeneko ahaleginetik osatzeko, eta, nekea dela-eta, litekeena da Valverdek aldaketak egitea hamaikakoan. Defentsako lerroa bere horretan utz lezake, baina zelai erdian eta erasoan eskua sartuko du ziurrenik. Helburua da Cadizen zelaian ahaltsu jarraitzea: bizkaitarrek irabazi egin dituzte han jokaturiko azken hiru partidak, 11 gol sartuta. Lehen itzulian 3-0 nagusitu ziren San Mamesen. Bartzelonaren atea lau aldiz zulatu ostean, golen zirraraz gozatu nahi dute gaur ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.