LOKOMOTIV 2. ATHLETIC 1

Elurpean har daiteke lo

Athleticek maila ona erakutsi du lehen zatian, eta gola sartu du, baina bigarrenean zapaldu egin du Lokomotiv MoskukErrusiatik sailkatzeko aukerarekin itzuli dela da berririk onena zuri-gorrientzat

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Muniainek (35. min.).1-1: Gluxakovek penaltiz (61. min.). 2-1: Caicedok (71. min.). Epailea: Ovidiu A. Hategan (Errumania). Txartel horiak: Lokomotiveko Maicon, Torbinski eta Guilhermeri; eta Athleticeko Aurtenetxeri. Bestelakoak: 13.000 ikusle inguru izan ziren Moskuko Luzhniki estadioko harmailetan. Partida hasi aurretik zortzi gradu zero azpiko tenperatura zegoen. Elurra bota zuen hasieran, gero ateri zen, eta azkenean berriro bota zuen, hasieran euria eta gero elurra. Atsedenaldian zelaian pilatutako elurra kendu zuten Lokomotiveko langileek.

Pentsatzekoa da Athleticeko jokalariek haserre amaituko zutela Lokomotiven kontrako neurketa. Hala ez bada, kezkatuta egoteko arrazoiak egon beharko lirateke. Jarraitzaileak, behinik-behin, ez zuten gustura amaitu. Amorrazioa eragin zien Luzhniki futbol zelaian ikusitakoak. Ezin dute ulertu nola alda daitekeen horrenbeste talde bat ordu laurden eskaseko atsedenaldi bat tarteko. Neurketa askotan ikusten dira dinamika aldaketak. Gol batek, aldaketa batek, liskar batek... gauza askok alda dezakete neurketa baten norabidea. Baina ez da sarri ikusten atzo Lokomotivek eta Athleticek jokatu zuten partidaren lehen zatiaren eta bigarrenaren artean egon zen aldea.

Athleticek Errusian eta neguan jokatu behar zuela jakin zenetik hotzari aurre egiteko hartu beharreko neurrik izan dira zeresan gehien eman duten kontuak. Belar artifizialean jokatu behar izanak ere zalantza bat edo beste sortu du. Jokalariak arduratu dira futbolean bigarren mailakoak diren gauzei garrantzia kentzen: «Ez dira aitzakia izango», esan dute behin eta berri. Eta hala izan zen. Egungo talde profesional guztiak ondo baino hobeto prestatuak baitaude horrelako oztopoei aurre egiteko. Elurpean hasi zen neurketa. Baloi gorriarekin bai, baina zelaiaren marrak zuri margotuta. Beraz, berdegunea zuritzen joan zen heinean nekez ikus zitezkeen zelai ondoko, alboetako eta areetako marrak. Baina Athleticentzat ez zen traba izan. Lehen minututik hartu baitzuen aginte-makila. Hori, Marcelo Bielsak entrenatutako taldeek nola jokatzen duten jakinda, ez zen berritasuna izan. Lokomotiven jarrerak, ordea, harridura sortu zuen. Etxean jokatzen ari arren, atzean itxarotea agindu baitzuen Jose Couceiro entrenatzaile portugaldarrak. Atzean sartu izanak ez du esan gura erasoari uko egin zionik. Kontraerasoa baliatu gura izan zuen Athletic ezustean harrapatzeko. Eta neurri batean lortu zuela esan daiteke. Athleticek adina aukera sortu baitzituen atsedenaldiaren aurretik. Hori bai, jokoz, zuri-gorriak askoz gehiago izan ziren. Baloia lagun hartuta aurkaria kontrolpean edukitzea lortu zuten. Eta lantzean behin estu hartu zuten hamar gradu zero azpiko tenperaturan jokatzen ari zen neurketa batean mahuka motzen zelairatu zen Guilherme atezaina. Brasildarra da, gainera.

Lehen aukera garbia Llorentek izan zuen. Baina Athleticeko aurrelariak ez zuen Iraolak egindako erdiraketa buruz sareetara bidaltzeko abileziarik izan. Txarto egin zuen errematea. Caicedo arduratu zen zuri-gorrien lehen aukera garbiari erantzuna ematen, baina erdiko aurrelari indartsuak kanpora jaurti zuen ezker hegaletik Janbajevek egindako erdiraketa.

Hala ere, partidak Athleticen erritmopean jarraitzen zuen. Beraz, Susaetak eta Muniainek jositako jokaldiak merezitako saria eman ziola esan behar. Eskuin hegaleko eibartarrak banakako jokaldi aparta egin zuen bere ohiko hegaletik. Area ingurura hurbildu eta aurkari bi atzean utzi ostean ondoen kokatua zegoen taldekideari eman zion pasea, Muniaini, hain zuzen ere, eta hark penalti puntu ingurutik eginiko jaurtiketa bati esker sartu zuen gola. 0-1. Atsedenaldira joan aurretik Tarasovek areaz kanpotik egindako jaurtiketa batek estu hartu zuen Iraizoz, baina atezainaren eta Amorebietaren artean arriskua urruntzea lortu zuten.

Neurketa eta kanporaketa bideratuta zuela ekin zion bigarren zatiari Athleticek. Baina ezinezkoa zirudiena gertatu zen. Lo hartu zuen elurpean. Aurkariak, berriz, ezer galtzekorik ez eta aurrerapausoa eman zuen. Zelai erdiaren jabe egin zen, eta zapaldu egin zuen Athletic. Aukerak bata bestearen atzean hasi zen sortzen. Lokomotivek merezita eman zion buelta neurketari, baina horretarako epailearen eta Athleticeko atzelarien laguntza izan zuen. Partida berdintzeko balio izan zuen penaltia asmatu egin zuen epaileak. Baina esan beharra dago Caicedo arean sartu aurretik 40 metro izan zituztela jokalari zuri-gorriek ia zelai erditik korrika hasi zen futbolariari falta taktiko bat egiteko. Gluxakovek sartu zuen penaltia. Bigarrenean, berriz, Amorebietak egin zuen huts urruntzean, eta horrek aukera eman zion Caicedori baloia kontrolatu, Iraizoz non zegoen ikusi eta baloia zutoin ondotik sartzeko. Athleticek sailkatzeko aukera du, baina zail jarri zaio kanporaketa. Lokomotiv talde ona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.