Agen 20. Baiona 30

Emaitza ezin hobea

Baionak poltsikoan du ia-ia Top 14an jarraitzea, Ageni irabazi eta defentsako puntua kendu eta gero

Nemiah Tialata Baionako jokalaria, baloia jaso nahian, sasoi honetan aurka jokatutako partida batean. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2013ko martxoaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Agen. Schwalger, Narjissi, Garcia; Fa'aoso, Skeate (kapitaina); Monribot, Giraud, Vaquin; Bales, Lagarde; Tuitavake, Petre, Roux, Tagotago; eta Seymour.

Baiona. Iginiz, Roumieu, Tialata; Senekal, Chisholm (kapitaina); Bernad, Haare, Puricelli; Rouet, Potgieter; O'Connor, Lovobalavu, Rokocoko, Fuster; eta Spedding.

Markagailua. 0-3, 0-6, 7-6, 7-13, 7-20 (atsedenaldian); 10-20, 13-20, 20-20, 20-23 eta 20-30.

Horrelakoa behar zuen Baionak arratsaldea biribila ateratzeko. Nahiz eta lehendik alde txikia izan, Agen jaisteko aurkari zuzenaren etxean jokatzen zuen. Frantziako taldeari irabaztea zen helburua, eta ahal zela, defentsako puntu gehigarria sartzen ez uztea. Erran eta egin. Emaitza ezin hobea lortu zuen Baionak, Agenen 20-30 irabazita.

Emaitza hori lortu ondotik, hamalau puntuko aldea dauka Lapurdiko taldeak Agenekiko, jaisteko azken-aurreko postuan dagoen taldearekiko. Bost partida falta dira Top 14a bukatzeko, eta alde horrekin, Baionak hiru partida jarraian galduta ere Agenek ez luke posible izanen bere beranta harrapatzea. Hurrengo astean Baionak irabazten badu eta Agenek galdu, matematikoki jarraipena poltsikoan izanen du Baionak.

Atzoko partidarik gehienean Baiona izan zen aitzinetik. Lehen zatian Agen baino hobeki aritu zen. Monribotek kanpoko taldea 7-6 ezarri arren, Speddingen eta Rouet gaztearen entseguek Baiona aitzinetik utzi zuten atsedenaldian: 7-20.

Bigarren zatian lo hartu zuten euskaldunek, eta partida 60. minutuan sartu zela, Agenek berdinketa lortu zuen: 20-20. Gauzak maldan gora ezarri arren, baionarrak ez ziren beldurtu. Potgieterrek aitzinetik ezarri zuen taldea, zangoz. Bi minutu berantago, Speddingek bere bigarren entsegua sartu zuen, eta Baionari garaipena segurtatu zion: 20-30. Hamar puntuko aldeari esker, Agenek defentsako puntua ere galdu zuen, eta esku hutsik bukatu zuen partida.

Miarritzeren ezina

Arratsaldeko beste partidan,Miarritzek ezin izan zuen deus egin Toulon liderraren etxean, eta porrot handia jaso zuen (50-15). Miarriztarrek nahikoa egin zuten itxurazko talde bat zelairatuz. Hamabost jokalari falta zituzten lapurtarrek, eta deialdian 23 jokalari sartzerik ere ez zuten izan. Azkenean, 22 jokalarirekin joan ziren Toulonera.

Baldintza horietan ezinezkoa zen deus onik ateratzea. Toulon, gainera, gaitzeko forman dago, eta lapurtarrek bi entsegu sartuta ohorea salbu utzi zuten. Ez zen gutxi izan, eta orain jokalariak osatzen joatea da behar dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.