Emakumezkoen Donostiako Klasikoa jokatuko da 2019an

Gizonen probaren egun berean izango da, abuztuaren 3an, eta 100 bat kilometroko ibilbidea izango du. Leire Olaberria izango da arduraduna

Amy Pieters Aretxabaletako helmugan, aurtengo Birako hirugarren etapa irabazi zuen unean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
«Bagenekien hutsunea zegoela, eta premia horri erantzun diogu», horrela jakinarazi zuen Julian Eraso Donostiako Klasikoko eta Euskal Herriko Itzuliko zuzendariak 2019an emakumezkoen Klasikoa jokatuko dela. Gizonezkoen probaren aurkezpena baliatu zuen albistea emateko. Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteari urtebete lehenago jakinarazi behar zaio maila handiko proba bat antolatzeko asmoa, eta horregatik itxaron beharko da hurrengo urtera arte. Arduradun propioa ere izango du, Leire Olaberria txirrindularia.

Zurrumurruak baziren Itzuliko buruek eta erakunde publikoek mahai gainean zutela emakumezkoen klasikoa antolatzea. Albistea espero zen; proba horri, baina, data jartzea falta zen. 2019ko abuztuaren 3an jokatuko da, gizonezkoen Klasikoaren egun berean. Formula ohikoa da Europan jokatzen diren beste klasiko batzuetan. Emakumezkoen proba 14.30k aldera bukatuko da, eta gizonezkoena, 17.30ean. Sariak banatzeko ekitaldia eta logistika baliabideak berberak izatea nahi dute. Ikusi beharko lortzen duten. ETBk, behintzat, bi probak emango ditu zuzenean.

Lehen ekitaldiak 100 bat kilometroko ibilbidea izango du, gizonenaren erdia baino gutxiago—230 kilometro ditu—. Motz samarra dirudi; Flandriako Tourrak 118 kilometro ditu, eta iparraldeko klasikoak kopuru horren bueltan dabiltza. Durango-Durango Klasikoak ere 121 ditu. Lehen ekitaldian ez dute Jaizkibel igoko; bai, ordea, Murgil tontor pikoa. Asmoa zaleak goizetik joatea da, eta egun osoa egitea bertan. Jaizkibel ez sartzearen arrazoia da Donostiatik lehenbizikoz pasatzean tropela ez iristea hautsiegi. Hor hamar minutuko tartea itxaroten dute errepidea berriz ireki aurretik, eta tropela eteteko arriskua ikusi dute. Dena den, ibilbidea urteekin doitzeko aukera egongo da.

Parte hartzaileei dagokienez, «munduko eta Euskal Herriko onenak» erakarri nahi dituztela aurreratu zuen Leire Olaberriak. Beraz, pentsatzekoa da World Tour estatusa lortzen saiatuko direla. Olaberriaren ustez, proba luzeagoa antola daiteke, gizonezkoen mendate berekin, baina pozik dago. «Bazen garaia; aurrerapauso bat da». Erasok, berriz, mezu bat bidali zien erakunde eta babesleei. «Lehen, bi proba antolatzen genituen, eta, orain, hiru; baliabide handiagoak behar ditugu orain».

Gizonezkoak, txiparekin

Ekitaldi berean gizonezkoen Klasikoko 38. ekitaldia aurkeztu zuten, heldu den igandean jokatuko dena, abuztuaren 4an. Ibilbidea iazko bera da, azken urteetako ereduari jarraikiz, baina aurten Tolosa erditik pasatuko da. Berritasun nagusia da txirrindulariek txip bat eramango dutela dortsalean, eta une oro lokalizatu ahal izango direla, baita bizikleta aldatuta ere. Parte hartzaileei dagokienez, 21 euskal herritar egongo dira, eta, faboritoen artean, bi dira nagusiak: Julian Alaphilippe (Quick) eta Primoz Roglic (Lotto Jumbo).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.