Emakumezkoen Urrezko Koparen lehen aldia, gaur

2016ko abenduaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
AIZKORA. Gaurkoa egun historikoa izango da aizkorarentzat, emakumezkoen Urrezko Koparen lehen aldia jokatuko baita, Donostian, ohi denez, Trinitate plazan (13:00). Lau aizkolari ariko dira nor baino nor gehiago: Maika Ariztegi (Ituren), Irati Astondoa (Zeanuri), Irune Izkue (Labaien) eta Xanta Sousa (Lesaka). Oinbeteko —36 ontza— bosna enbor moztu beharko dituzte. Sariei dagokienez, gizonezkoen berdinak dira: 1.000 euro irabazlearentzat, 800 bigarrenarentzat, 600 hirugarrenarentzat eta 200 euroko dieta azkenarentzat.

Laurak aizkoran ibilitakoak dira erakustaldi eta desafioetan, baina gaurkoa dute lehen txapelketa. Halere, eskarmentu handia dute beste herri kirol batzuetan. Ariztegi, esaterako, hamalau aldiz izan da lokotx biltzeko txapeldun, eta trontzan aritua da Izkuerekin. Astondoa segalaria da, eta Sousak ez du parekorik txingekin. Txapelketaren aurretik eta ondoren, emakumezkoen esku-huskako pilota torneoko finalerdiak eta finala jokatuko dira Trinitate plazan. Patri Espinar, Leire Gabirondo, Ainhoa Garmendia eta Maider Mendizabal ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.