Herri-kirolak. Apustuak

Eman egurra!

Herri kirolak pizgarri izan du beti apustu giroa, aizkorak bereziki. Apustuak nola antolatzen diren azaldu diote BERRIAri Joxemari Olasagasti aizkolariak, Andres Osa 'Sakona' kazetariak eta Tomas Armendariz Tolosako Kantabriko tabernaren jabeak.

Aizkora zaleak, orain hamar egun, Tolosako zezen plazan, Xabier Orbegozo Arria V.a-ri begira; Joxemari Olasagastik irabazi zuen apustua. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2014ko martxoaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Elkarren aurkako amorruaren edo grinaren desafioa da apustua». Hortxe Joxemari Olasagastiren definizioa (Igeldo, Gipuzkoa, 1959). «Norgehiagoka da apustua, desafioa», gaineratu du Andres Osa Sakona herri kiroletan aditua den kazetariak (Bergara, Gipuzkoa, 1940). «Euskal Herriko forua da», biribildu du Tomas Armendariz Tolosako Kantabriko tabernaren jabeak (Elduain, Gipuzkoa, 1953). Kirolariak berak edo kirolariaren inguruak zirika giroan piztutako suaren ondorioa da, azken batean, apustua.

«'Hau ez duk altxatuko', eta 'hango hura ez duk ebakiko' eta... Elkarri seinaleak bidaliz edo irratitik erronka botata, horrela hasten da dena». Igeldotarrari horrelakoren bat aipatzea nahikoa da apustu handiren bat antolatzen hasteko. Norberak bere buruarekin hitz egin, hordagoa bota, parekoarekin baldintzak adostu, dirua mahai gainean jarri, gorputza ondo prestatu, eta plazara irten. Hortxe apustuaren egutegia.

Sakonaren hitzetan, Euskal Herrian herri kirola «nekez» uler daiteke erronka giro hori gabe. «Kuadrilla giroan sortzen da, normalean, desafio giroa, eta Euskal Herrian oso ondo sustraituta dago joko hori. Garai batean, urte bakarrean, hamar-hamalau-hogei desafio ere egiten ziren, txapelketen ondoren normalean, eta udazken eta negu aldera». Baina, «arrazoi asko tarteko», azken urteotan jaitsita dago giroa. Datuek hala diote, desafio kopurua nabarmen jaitsi dela.

Baina negu parteko hotzak berotu nahian-edo, apusturako daude aizkolariak. Olasagasti eta Xabier Orbegozo Arria V.a-ren artekoa izan zen azken-aurreko apustua, orain hamar egun Tolosako zezen plazan jokatutakoa —igeldotarrak irabazi zuen, nagusitasunez—. Ruben Saralegi eta Daniel Vicente bikoak Oihan Larretxea eta Felix Etxeberriari irabazitakoa azkena, joan den igandekoa, Donezteben jokatutakoa. Eta apirilaren 27rako dago hitzartuta hirugarren apustua, Tolosako zezen plazan bertan, Olasagasti eta Jon Irazuren artekoa. Arria V.aren aurkakoan bezala, hamabi oinbiko ebaki beharko dituzte.

«Jende asko mugitzen du apustuak», hasi du azalpena kazetariak. «25-27 bat urte» daramatza Sakonak Tolosako Kantabriko tabernan antolatzen diren apustuen aktak idazten, eta zerbait badaki kirolarien artean izaten den jokoaz. «Zenbat eta luzeagoa eta gogorragoa izan hitzartutako lana, are eta hobeto. Izugarrizko lanak jarri izan dituzte, baina euskaldunen berezko arima da hori». Aizkora hotsak entzuten dira azkenaldian apustu giroaren atzean. «Baina desafio mistoak ere asko jokatu izan dira historian zehar: segan eta korrika, segan eta aizkoran, aizkoran eta korrika, harri-jasotzen eta aizkoran...».

Bergararrak argitu du «gutxiengoak» izaten direla mistoak. «Baina oso politak eta erakargarriak izaten dira». Olasagastik berak gogoan dauka Juan Manuel Erasunen aurka 1990ean jokatu zuena: hogei kana-erdiko lehenengo, eta segan gero, bi orduko lana bete artean. «Izugarrizko apustua jokatu genuen. Aiarrekin-eta giro bikaina sortu zen plazan; buruan daukat oraindik». Apustu handi hura irabazi izanak eragina edukiko du, noski, gogoan ondo edukitze horretan —2005ean errepikatu zuten apustua, eta Erasun nagusitu zen orduan—.

Sehaska asko ditu apustuak, baina Tolosako Kantabriko taberna eta ondo-ondoan dagoen zezen plaza dira sonatuenetako bi. Apustu giroak bizi du Armendariz, pasio handiz bizi ere. «Euskal Herriaren historiaren zati garrantzitsua da, eta Europa osoan garai bateko tradizio horiek gordetzen dituen herri bakarra da gurea». Giro beroa izan da urte askoan Kantabrikon. «Baina Eusko Jaurlaritzak arautegia aldatu zuen tabernetako apustuak debekatuz, eta asko nabaritu dugu aldaketa». Kirolarien arteko dema gauza bat baita, eta inguruan sortzen den apustu giroa bestea. «Diru jokoa makinetan bakarrik egin zitekeela esan ziguten, eta isun txiki bat ere jaso genuen».

Urruti geratu da arbelean idatzita agertzen ziren apustuen garaia. «Desafio edo partidaren bat zegoen garaian jende asko etortzen zen tabernara, apustuak noren alde zeuden galdezka». Aizkolariek «euren etxe gisa» hartu zuten Kantabriko, eta zaleek ere bai. «Euskal giro zoragarria sortzen da. Euskaraz botatzen da erronka, euskaraz lotu desafioa, inguratzen diren gehienak euskaldunak izaten dira...».

Sarrerak, dopin kontrolak...

Giro berezi horretan kirolarien dema izaten da erdigunea, baina, apustua itxiko bada, punta guztiak ondo lotuta eduki behar izaten direla zehaztu du Armendarizek. «Udalari baimena eskatu, sarrera kopurua zehaztu, seguruak, Gurutze Gorria, sarreretako kontrola, Ertzaintza, dopinaren aurkako kontrola...». Apustuaren egunean bertan akta bat idatzi behar izaten da, gainera, inolako arazorik ez dela izan zehaztuz. Xehetasun guztiak lotzeaz gain, kirolariak gastu handia izaten du, Olasagastiren hitzetan. «Askok esaten dute sarrerekin diru asko lortzen dugula, baina hori ez da horrela. Galdu, inork ez du galtzen, baina aberastu ere ez da inor aberasten. Egurrak, masajistak, medikuak... Azken apustuan 6.000 euro ederki gastatu dira».

2010ean kolpe handia hartu zuen aizkora munduak, Olasagastiren aurka apustua galdu eta ordubetera Joxemari Mendizabal bihotzekoak jota hil zenean. «Kontu horiek burura etortzen dira beti, eta ausartena ere baretu egiten da horrelakoetan. Beti izaten da beldur puntu hori», onartu du igeldotarrak. «Han nintzen ni ere», hasi du kontaketa Sakonak. «Eta Mendizabali galdezka aritu nintzen lan handiak zirela eta zer moduz ote zegoen. Ondo zainduta eta prestatuta zegoela erantzun zidan, baina...». «Gertatu behar zuelako gertatu zen», itxi du pasadizo triste hura Armendarizek.

Pasadizo triste hura ahaztuta eta 55 urte beteta, apustuak eta garaipenak pilatzen jarraitzen du Olasagastik. «Sekretua? Sekreturik ez dagoela. Garai batean sei-zortzi hilabete eta urtebete ere pasatzen genuen apustua prestatzeko, eta orain ere behar da prestaketa hori. Lanean 13-14 ordu pasatu eta bi enbor ebakita ez dago etortzerik nire ondora desafioka. Zaleak ordaindu egiten du sarrera, eta gauzak serio egin behar dira». Pareko kontrarioa aurkituko du igeldotarrak apirilaren 27an Tolosan, prestaketa zorrotza egiten ari delako Irazu ere. «Aizkolari handia da, eta egur handietan oso ondo ibiltzen da. Baina ni galtzera ez noa. Bere zain nago».

Apustuez hizketan hasita, hirurek heldu diote natural hitzari. «Istilu bakar bat ere ez da izaten plazan. Irabazlea gustura, ospatzera; eta galtzailea triste, etxera. Besterik ez da izaten», zehaztu du Armendarizek. «Futbol zelaietan-eta bai, horrelakoetan ikusten dira istilu handiagoak apustua ona den edo ez eztabaidan hasi gabe». Eta diru kontuek naturaletik oso gutxi izaten dutela diotenentzat ere hausnartzeko gaia bota du Kantabriko tabernaren jabeak. «Nik aizkolaririk ez dut ikusi Donostiako Mirakontxan etxea erosita. Mendian, basoan, baserrietan, obran... eta 70 urterekin lanean. Apustuarekin inor ez da aberastu hemen».

Garai bateko suak baretuta ere, «nazio ikuspegia» jarri du mahai gainean Kantabriko tabernaren jabeak desafioari zergatik eutsi behar zaion argitzeko. «Euskal tradizioaren parte da apustua, eta mantendu beharra daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.