Jan Urban. Osasunako entrenatzailea

«Ematen du urakan handi bat pasatu dela Osasunatik»

Klubaren deia jaso, eta ez zuen zalantzarik egin. Bere ametsa betetzen ari da jokalari gisa sekulako lana egin zuen hura. Arrakasta bera lortuko balu aulkian, «erabat beteta» sentituko litzateke.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Iruñea
2014ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Asteazkeneko entrenamendua bukatu berritan, Taxoareko harmailetara eraman du kazetaria Jan Urbanek (Jaworzno, Polonia, 1952). «Eguzkitan solastatuko gara, itzalean baino hobeto», esan du.

Entrenatzaile lanetan jokalari izan zinenean baino urduriago zabiltza?

Oso ezberdina da lana. Jokalaria bakarrik defendatzen da, baita gauzak oker doazenean ere, zure lana ondo egiten baduzu. Jokalariak bere esku dauka hori guztia lortzea. Entrenatzaile lanetan, berriz, zu zara taldearen arduradun.

Jokalari izanak lagundu egin dizu entrenatzaile lanerako?

Bai. Taldeko giroa ezagutzeko lagungarria da, esaterako. Harremanetarako ere bai.

Entrenatzaileak ez du bere burua defendatu behar taldearen barruan ere?

Pixka bat bai, baina ez asko. Gauzak oker doazenean, konponbideak aurkitu behar ditu entrenatzaileak; bere lanaren parte du hori. Gero, emaitzak agintzen du leku guztietan, eta ez bakarrik kirol arloan. Klubaren ekonomia ondo joateko garrantzitsuak dira emaitzak, eta, gauzak oker doazenean, entrenatzailea jotzen da errudun bakartzat. Baina hala da, eta onartu egin behar da.

Emaitzei begiratuta, entrenatzaile ibilbidean denetarik izan duzu: lehiaketak irabazi dituzu, batetik, eta kargutik kendu zaituzte, bestetik.

Espainian esaten duten bezala, entrenatzailea zara bi aldiz bidaltzen bazaituzte lanetik [barrezka]. Polonian, zazpi urtez aritu ginen entrenatzaile Jose Antonio Bikuña Kibu eta biok, eta esperientzia ederra izan zen, nahiz eta Legia Varsoviatik bidali egin gintuzten, noiz eta lider ginenean. Hori mingarria izan zen, adibidez.

Garbi zenuen entrenatzaile izan nahi zenuela jokalari izateari utzi eta gero?

Ez nekien, baina ikusi nahi nuen zer den, eta erabat harrapatu nau entrenatzailearen lanbideak. Asko gustatzen zait. Beste batzuek probatu dute, eta ez zaie gustatu; Jon Andoni Goikoetxearen kasua da hori, adibidez.

Entrenatzaileak behar du izaera berezi bat eduki?

Bai. Ardura handia daukagu. Zale mordoak nahi du taldeak irabaztea, eta, emaitzaren arabera, zale batzuen aldartea aldatu egiten da. Horrek erantzukizun handia ematen dit.

Zergatik onartu zenuen Osasunaren eskaintza?

Beti esan izan dut nire ametsa Osasunako entrenatzaile izatea zela. Klubak gauza asko eman zizkidan jokalari bezala, eta entrenatzaile lanaren hasieran ere bai.

Nola aurkitu duzu Osasuna?

Nik baino hobeto dakizu nola dagoen [barrezka]. Ez da sekretua nola dagoen. Ematen du urakan handi bat pasatu dela klubetik. Zailtasunak asko dira, eta, gainera, gauza asko ari zaizkigu pasatzen. Jokalari asko joan dira, eta beste batzuek ere joan nahi zuten, baina geratu egin behar izan dute. Fitxaketak egiteko debekua izan genuen fitxatzeko aldia itxi baino lehentxeago arte, eta merkatura joan ginenerako, diru gutxirekin, aukera handirik ez zegoen guretzat. Liga hasi eta gero ere, Silva txiletarrak alde egin zuen, gainera. Aldaketa asko izan ditugu eta izaten ari gara, eta zaila da horrela emaitza onak lortzea. Baina lanean segitu behar dugu, gure betebeharra da, eta lan ona egin behar dugu ahalik eta ondoen jokatzeko eta jendea pozik egoteko.

Okertzen hasita, orain zer eta lesio asko ari zarete izaten, gainera.

Hala da. Eta selekzioen partidak jokatzera joaten direnean irandarrak eta afrikarrak, arazoak ugaritu egiten dira, lesio asko ari garelako pairatzen eta txartelen eraginez zigortutako jokalarien zerrenda handitu egin zaigulako, aurreko partidan bi jokalari kaleratu zizkigulako epaileak.

Baina, tira, albiste onik ere bada. Mikel Merino gaztea, esaterako, lanean hasi berri da taldekideekin.

Jokin Ezkieta atezaina ere hasi da, bigarren taldeko atezaina, eta aste honetan itzuliko dira afrikarrak eta asiarrak. Gabonak arte lauzpabost partidetan gurekin egongo dira, eta lana lasaiago egiteko aukera izango dugu. Gero, urtarrilean, joan egingo dira, berriro, Asiako Kopa eta Afrikako Kopa jokatzera, eta hor estu ibiliko gara berriz.

Eskerrak bigarren taldeari...

Gustatzen zait harrobiko jokalariak erabiltzea, eta zortzi jokalarik egin zuten denboraldi-aurrea gurekin. Denboraldian zehar, gora eta behera dabiltza batzuk, jokatzeko aukera izan dezaten astebururo. Saiatzen ari gara harrobikoei aukera ematen, eta konturatu egin behar dute gurekin gauzak ondo eginez gero, aukera izango dutela jokatzeko. Unai eta David Garcia, Mikel Merino eta Kenan Kodro, esaterako, ondo ari dira goiko taldean, eta aukerak dituzte jokatzeko.

Hainbeste zailtasun izanda, iruditzen zaizu Osasunari aurreikuspen handiegiak jarri zitzaizkiola hasieran, maila galdu zuen taldea izateagatik bakarrik?

Orain bere onera etorri dira aurreikuspenak, baina Ligaren hasieran oso goian zeuden jarrita. Agian, gauzak bere-berean joan baziren, eta Silva, esaterako, taldean egongo balitz orain, eta Oier eta Loties ez baziren egongo min hartuta, hobeto ibiliko ginen. Cadamuro eta Ansarifard berandu heldu ziren, eta Vujadinovic oraintxe ekarri dugu. Hemezortzi fitxa bakarrik dauzkagu lehen taldekoak, eta, gure kasuan bezala, bi jokalarik luzerako min hartzen badute, eta selekzioekin jokatzera lau jokalari joaten badira, ezinbestean nozitu behar dugu.

Zure taldea jokatzen ikusita, kritikoek diote ausartegiak zaretela, erasokorregiak.

Azkenaldian, ordea, galdu egin digu ausardia hori. Ondo ari ginen jokatzen futbolean hasieran, ausardia handiz, baina azkeneko partidetan, kezkaz aritu dira jokalariak, sailkapenean behera eginda gaudelako. Emaitzen presioa dela tarteko, ausardia galdu dugu, eta ez da erraza izaten presiopean jokatzea jokalarientzat.

Egiten zaizuen beste kritika bat hau da: gol asko ari zarete jasotzen. Jokalariek inkontzienteki defentsako lanari garrantzi handia ematen hasi, eta erasoko alaitasuna galdu dute horregatik?

Hasieran, gol asko jasotzen genituen, hori ezin da ukatu, baina erantzun ona ematen genion arazo horri, gol asko sartzen genituelako. Orain, berriz, gol gutxiago sartzen dizkigute, baina sartu ere gutxiago ari gara sartzen. Puntu gutxiago ari gara ateratzen orain. Ikusi genuen defentsan hobeto antolatu behar genuela, baina kalte egin digu erasoan. Aukera gutxiago sortzen ditugu orain, eta orekaren bila gabiltza.

Oreka hori eguneroko lanak emango dizue, baina hainbeste jokalari falta badira, nekez lortuko duzue, ezta?

Hori da. Talde osoak entrenamendu asko elkarrekin egitea falta zaigu, eta ezin dugu hori lortu. Lana lasai egitea garrantzitsua da. Begira Mallorcari. Valery Karpin fitxatu zuten Liga hastera zihoala, eta hasieran ez zuen emaitza onik atera. Baina, denborarekin, aukera izan du talde osoarekin lan egiteko, eta emaitza onak lortzen dabil azkenaldian. Guk ez daukagu lan on hori egiteko aukera eta denborarik oraingoz. Ezin dugu hobera egin horrela arituz.

Esan duzu jokatzeko eredua moldatu egin duzula. Emaitza txarrekin, entrenatzaileak eduki egin behar du malgutasuna bere gustuko eredua aldatzeko, moldatzeko edo hari uko egiteko?

Emaitzak onak ez direnean, beti ibili behar da konponbideak bilatzen, baina ez daukagu zertan gure ideia nagusia erabat aldatu. Ondo hasi ginen, eta arriskuak hartuz defentsako lanean, ez daukagulako jokalaririk atzean sartuta defendatzeko. Baina arazo ugari izan ditugu atzean: hamahiru partidetan, hamar jokalari erabili ditugu atzealdean. Horrekin dena esan dizut. Iganderako hiru atzelari bakarrik dauzkagu, esaterako, eta zerbait asmatu beharko dugu. Asko zailtzen du horrek gure lana. Hamaikako bera ezin dugu atera astetik astera, eta zaildu egiten du horrek jokalarien lana ere.

Hainbeste zailtasunekin, damutu ez zitzaizun egingo Osasuna etorri izana?

Ezta pentsatu ere! Kibuk eta biok hauxe nahi genuen, eta ikaragarria da Osasuna entrenatzea guretzat. Klubak bazekien horretarako prest geundela, eta beti esaten dut nik hau: badakite Zizurren bizi naizela [barrezka]. Izan genuen Polonian jarraitzeko aukerarik —baldintza hobeekin, gainera—, baina aukerak baliatu egin behar dira, eta gure desioa eta nahia Osasuna entrenatzea izan da. Pentsa zer gogo dudan emaitza onak lortzeko. Jokalari nintzenean bezala aterako bazait, sekulakoa litzateke. Bete egingo ninduke erabat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.