EIBAR 1 MALAGA 1

Ematen zuenetik urrun

Puntu bakarra eskuratu du Eibarrek Malagaren aurka, ia partida osoan galtzen eta ezinean arituta. Kikek egin du etxekoen gola

Eibarreko Inui, Malagako Kekori iskin egiten saiatzen atzoko partidan. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Golak. 0-1: El Nessyrik (16. min). 1-1: Kikek(76. min). Epailea. Medie Jimenez. Txartel horiak: Eibarreko Orellanari; eta Malagako Ricca eta Kuzmanovici (2). Txartel gorria: Malagako Kuzmanovici (92. min.).Bestelakoak. 4.520 ikusle Ipuruan.

Iratzargailuak garaiz jo dio Eibarri, eta horrek ez du esan nahi lo zegoenik. Ezta gutxiago ere. Lo ez hartzeko jo dio, eta atzo Malaga azken sailkatuaren aurkako partidatik ikasgaia atera behar du: ez da erraza izango hain beharrezkoak dituen 40 puntuak eskuratzea. Lana beltz egiten segitu beharko du, eta berea ematen ez badu, motiboa edozein izanda ere, uste dena baino estuago ibili beharko du.

Malaga entrenatzaile berriarekin azaldu zen atzo Ipuruan, eta Jose Gonzalezen gustuko jokatzeko moldea dotore erabili zuten bere jokalariek: atzera samar sartu defendatzera, eta kontraerasora azkar atera. Eta beste hau ere bai: aurkariaren hutsak baliatzen saiatzea. Bat, bi eta hiru baino gehiago egin zituen Eibarrek baloia erabiltzen hasi zenean, eta ia denak leku arriskutsuetan. Horietako batean sartu zion gola kanpoko taldeak. Capak huts egin zuen Oliveirari baloia ematerakoan hamaseigarren minutuan, eta ondo baliatu zuen aukera El Nessery aurrelariak.

Ondo jarrita jarraitzen zuen Malagak defentsako lanean, 4-4-2 sisteman oinarrituta, eta Eibar bultzaka bezala ari zen, baina jarraitutasunik gabe. Inuik eta Charlesek gertu antzean izan zuten gola, baina Roberto atezainak galarazi zien. Malagak ere izan zituen bere aukerak kontraerasoan, etxekoen hutsak tarteko ia beti, eta El Nesseryk gertu izan zuen bigarren gola ordu erdia jokoan zela.

Partida bukaera eroa

Eibarrek beste zerbait behar zuen partida iraultzeko, baina bigarren zati ia osoan ere ezinean bezala ibili zen. Lehen zatiaren traza bera zeukan jokoak, eta Malagak berean segitzen zuen. Adrianek eskas amaitu zuen kontraeraso bat 56. minutuan, gola sartzeko aukera garbiagoa egitea errezagoa zen jokaldi batean.

Ordurako Ramis zen zelaian Eibarren aldetik, Oliveirak min hartu zuelako zaintiratu baten erruz —Enrichen hutsuneari gehituko zaio, meniskoa hautsia duelako honek—. Orellana eta Bebe ere atera zituen Mendilibarrek, eta portugaldarrak egindako azpiko erdiraketa ederki baliatu zuen Kikek berdinketa lortzeko. 76. minutuan sartu zuen gola Eibarrek, eta handik hamar minutura zoratu zen partida. Eibarrek hiru aukera garbi sortu zituen 86. minututik 87.erako tarte txikian, baina Charles eta Kike ez ziren gai izan Roberto gainditzeko; hirugarrena Rosales Malagako atzelariarena izan zen, bere zutoinera urrundu zuelako baloia. Malagak ere izan zuen bere aukera 91. minutuan, Mularen bitartez, baina Dmitrovic ondo moldatu zen, eta Iturrak kanpora bota zuen gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.