Emery ez da ondo hasi

Lehen minutuan aurreratu arren, PSGk bana egin du etxean Arsenalen aurka. Bayernek eta Bartzelonak garaipen erosoak lortu dituzte

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko irailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Unai Emeryren liga hasiera ez da gozoa izaten ari. Frantziako Ligan, jokaturiko lehen lau partidetatik bi bakarrik irabazi ditu, eta atzo, Txapeldunen Ligako ligaxkako aurrenekoan, PSGk bana egin zuen etxean Arsenalen aurka. Berdinketa garratza izan zen gainera, Edinson Cavanik partida hasi eta berehala sartu zuelako lehen gola, 41. segundoan.

Gauzak ondo hasi ziren Emeryrentzat, eta lehen zatian Arsenal baino gehiago izan zen. Bigarren zatian ere Cavanik eta Di Mariak gol aukera garbiak izan zituzten, baina ez ziren fin ibili. Bai, ordea Alexis Sanchez (78. min.), hark berdindu baitzuen partida. Ondo bidean bi taldeek bukatu beharko lukete A multzoko lehen bi postuetan eta euren arteko partidak erabakigarriak izango dira. Arsenalen Natxo Monreal nafarrak partida guztia jokatu zuen.

Beste multzoetan, Bayern Munichek eta Bartzelonak partida erosoak izan zituzten Rostov (5-0) eta Celtic Glasgowren (7-0) aurka, hurrenez hurren. Celticek oso irudi kaskarra eman zuen. Jardunaldiko beste partida onenetako batean, D multzoan, Atletico Madrilen garaipen garrantzitsua lortu zuen PSVren zelaian. Napoliren kasua antzekoa izan zen, B multzoan, 1-2 irabazi baitzuen Kieven eta bakarrik dago multzoko lehen postuan. Dinamo aurreratu zen eta Milikek sartu zituen beste bi golak.

Euria Manchesterren

Manchester Cityk eta Borussia Monchengladbachek atzo Manchesterren jokatu beharreko C multzoko partida bertan behar gelditu zen euriarengatik. Zaparrada handia bota eta epaileak atzeratzea erabaki zuen. Azken orduko erabakien zain, litekeena da gaur bertan jokatzea, beste lau multzoetako —E, F, G eta H— partidekin batera.

Gaur, besteak beste, Real Madril iragan sasoiko txapeldunak ekingo dio Txapeldunen Ligari, etxean, Sporting de Lisboaren aurka. Halere, partida erakargarrienak E multzokoak dira: Tottenham-Monaco eta Erroma-Bayer Leverkusen. Juventus eta Sevillaren artekoa ere ikustekoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.