Golak: 1-0: Sinamak (10. min); 1-1: Prietok (32. min); 2-1: Brauliok (89. min.). Epailea: Teixeira Vitienes, txartel horiak Zaragozako Paredes, Ponzio eta Gabiri, eta Realeko Griezmanni. Bestelakoak: 20.000 ikusle La Romareda estadioan.
Egia esan, aurretik ere ez zuen traza onik norgehiagokak. Eroso zebilen Reala sailkapenean, eta, halakoetan, batek daki zergatik, kosta egiten zaio berea ematea. Atzokoaren antzeko aukera ugari galdu izan ditu azken urteetan, garaian garaiko helbururantz aurrerapausoa emateko. Horietako asko estu eta larri zebiltzan taldeen aurka. Auskalo hilzorian zeuden zenbat aurkari berpiztu dituen. Zigor handia jaso zuen taldeak luzapenean atzo, garaipena gertu izan ondoren, baina, egiari zor, inolaz ere ez zuen merezi, lehen zati negargarria egin zuelako, eta Braulioren golan izandako zorte txarra alde izan zuelako Prietok sartutakoan.
Urtezahar gaueko ajea gainditu gabe balego bezala ekin zion Realak partidari. Elustondo eta Markel zelairatu zituen Lasartek euskarrian, eta Estradak eskuin hegalean. Zarauztarrak 23 urte bete zituen atzo. Berehala nabaritu zitzaion Zaragozari presioaren eragina, urduri aritu baitzen. Ez da gutxiagorako, garaipen bakarra zeramalako hamasei norgehiagoketan. Baina Realak ez zuen aprobetxatu. Aitzitik, erraztasunak eman zizkion. Barruko pase batekin aise zeharkatu zuen Zaragozak Realaren lerroa, eta ondoren Sinama-Pongolle izan zen Mikel Gonzalezen gerria apurtu eta baloia eragozpenik gabe gurutzatu zuena. Bravok ere ez zuen askorik egin.
Hazita aritu zen Zaragoza hortik aurrera, eta lo hartuta Reala. Zerbait dabil gaizki Llorente Llorente ez denean, eta presioan husten ez denean. Zerbait dabil oker aurkaria baloi guztietara lehenago iristen denean, eta azken sailkatuak nahierara ukitzen duenean. Hori gertatu zitzaien minutu horietan Lasarteren jokalariei. Artistak ez ziren agertu, eta agertu zirenean, egurra jaso zuten Javier Aguirreren aginduz, Zurutuzak batez ere. Oso gutxi falta izan zitzaion Zaragozari abantaila handitzeko. Sinama-Pongollen eskuinkada bat ozta-ozta joan zen kanpora, eta Diogok ere gora bidali zuen burukada. Zorionez, errematean ez ezik, azken pasean ere ez zuen asmatu Zaragozak, eta ez zion behar adina etekin atera bere nagusitasunari.
Ondo asko daki Realak zer den dena ondo egin arren saririk ez lortzea. Badaki gauzak gaizki doazenean zorteak ere bizkarra eman ohi duela. Zaragozako jokalarien begietan ikusi zuen atzo zama hori, berdinketaren gola sartu ondoren. Teixera Vitienesek Zaragozaren pase bat eten zuen, nahi gabe, eta Realaren kontraerasoa baliatu. Llorentek ondo zabaldu zuen eskuin hegalerantz, eta Prietok bikain amaitu zuen jokaldia. Txantxetako gola izan zen, baina ez zen giro izango etxekoen aldagelan. Ezer egin gabe, atsedenaldira aurretik joateko zorian egon zen Reala, baina Griezmannek gehiegi gurutzatu zuen ezkerkada, Llorenteri pasea emateko aukera garbia izan arren.
Bigarren zatian hobera egin zuen Realak. Gehiago ahalegindu zen presioan, eta indar handiagoa erakutsi zuen. Zaragoza ere gogotsu aritu zen. Hala ere, inork ez zuen lortu zelai erdiaz jabetzea, eta baloia batetik bestera ibili zen, zeruan beti. Behetik jokatzeko duten gaitasunean konfiantza handiagoa edukitzea falta izan zitzaien txuri-urdinei. Hala jokatu zutenean, eta Zurutuza jokoan sartu zenean, aukera onak sortu zituzten. Tamudok izan zuen garbiena, baina zentimetro eskasetara gelditu zitzaion Griezmannen erdiraketa. Frantziarrak gutxigatik bidali zuen kanpora angelurik gabe baloia, eta epaileak Zurutuzaren gola baliogabetu zuen, Elustondoren faltagatik.
Nolanahi ere, Zaragozako jokalarien abiadurak arazo handiak sortu zizkien Realeko erdiko atzelariei, eta euskarriei bizkarra hartuta ere min egin zuten Javier Aguirreren jokalariek, Rivasen falta sumatu baitzen. Baina errematean ez ziren fin aritu, ez Bertolo eta ezta Marco Perez ere. Partida bukatzear zela, ordea, zorte handiko aldaratze bikoitz bati esker, Brauliori aukeran gelditu zitzaion baloia, eta ez zuen barkatu. Azken saioan, atzelari batek penalti argia egin zion Tamudori, baina txuri-urdinek protesta zirkinik ere ez zuten egin. Burua makurtzeko joera kezkagarria du Realak halako jokaldietan aspaldian. Hiru porrot dira jarraian dagoeneko, eta azken biak luzapenean.
ZARAGOZA 2. REALA 1
Enegarren berpiztea
Realak arnasa eman dio Zaragozari partida luzapenean galduta, eta ez du baliatu pauso handia emateko jardunaldi aproposaLehen zati kaskarraren ondoren, irabazteko aukerak izan ditu bigarrengoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu