Energia ez zaio inoiz agortzen

Realak Salzburgon jokatuko du gaur Txapeldunen Ligako multzoen faseko bigarren partida. Austriako taldeak presio aurreratuan eta oldarkorrean oinarritzen du bere jokatzeko modua.

Iñaki Berastegi.
2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Gerhard Struberren Salzburgok oso barneratuta dauka Red Bull multzoko taldeek duten jokatzeko modua: presio oldarkorra, erritmo bizia eta joko zuzen eta azkarra egitea gustatzen zaio. Hala, joan-etorriko erritmo handiko partidak planteatzen ditu, baina gabeziak ditu jokoaren erantzukizuna hartu eta baloia atzetik atera behar duenean. Bestalde, erasora egiten duenean, askotan atzealdea ondo zaindu gabe uzten du.

2018an Reala Europa ligako final-hamaseirenetan kanporatu zuen talde hartatik jokalari bakarra geratzen da: Andreas Ulmer atzelari austriarra. Baina taldearen ideia, tarte horretan lau entrenatzaile ezberdin izan baditu ere, ez da gehiegi aldatu. Halere, badirudi maila apalagoko jokalariak dituela orain, eta, printzipioz, baliteke D multzoko aurkaririk ahulena izatea. Austriako Ligako lehen sailkatua bada ere, Linz igoberriaren aurka galdu egin zuen, eta Sturm Grazi ere ezin izan zion irabazi.

JOKOAREN SISTEMA
Nagusitasuna, barrutik

Erronbo itxuran antolatutako 1-4-4-2 sistemarekin jokatzen du beti Struberren taldeak. Hegalak erabat atzeko lerroko jokalarientzat, Amer Dedic bosniarrarentzat eta Aleksa Terzic serbiarrarentzat, dira, eta barrutik lau jokalari kokatzen ditu entrenatzaile austriarrak. Lau horien artean, Lucas Gourna-Douath euskarri frantziarra da atzerago kokatzen dena: taldeari oreka emateaz arduratzeaz gain, luze jokatzeko erantzukizuna hark du askotan. Gourna-Douathen alboetan, eskuarki, mugikortasun handia duten bi jokalarik jokatzen dute, eta erronboaren posiziorik aurreratuenean azken pasea eman, edo gola sartzeko gaitasuna duen jokalari bat zelairatzearen aldekoa da taldeko entrenatzailea. Azkenik, jokatzeko modu ezberdina duten bi aurrelariren aldeko apustua egiten du normalean Salbzburgok: bata jokoan gehiago sartzen da, goiko baloiak borrokatzeaz arduratzen da; besteak, berriz, sakontasuna emateko agindua dauka.

ESTILOA
Erritmo bizian jokatzen du

Hasi eta buka, erritmo bizian jokatzen ahalegintzen da Salzburgo. Ez zaio energia agortzen. Etengabeko joan-etorriko partidak gustatzen zaizkio, eta, hori horrela, neurketak askotan nahasiak izaten dira, eta baita akats tekniko ugarikoak ere. Finean, Red Bull multzoko taldeen estiloan oinarritzen da. Hortaz, jokaldi azkarrekin eta kontraerasoekin min egin diezaioke aurkariari, jokaldia barruko jokalariekin josiz, edo hegalekoak bigarren lerrotik agertzen direla aprobetxatuta. Oso pase gutxi erabiliz jokaldi arriskutsuak egiteko gai da.

Aldiz, jokoaren erantzukizuna hartu behar duenean gehiago sufritzen du, baloia atzetik garbi eta azkar jokatzeko zailtasun gehiago dituztelako atzelariek. Baloi luzeak jokatuz abiatzen dituzte nagusiki jokaldiak.

ERASOA
Presioa, funtsezkoa

Presio aurreratuaren bitartez antolatzen du bere jokoa eta erasoa Austriako taldeak. Zenbat eta aurrerago lapurtu baloia, orduan eta hobeto. Presio aurreratu eta oso oldarkor hori da taldearen ezaugarririk nagusiena: jende askorekin egiten du presioa, eta ondo landuta daukate nor eta nola estutu. Behin baloia berreskuratuta, bizpahiru pase azkar emanda jokaldia antolatu, eta ahalik eta azkarren amaitzen ahalegintzen da. Gourna-Douath euskarriaren aurretik jokatzen duten jokalariak batera eta bestera mugitzen dira baloia berreskuratu osteko nagusitasun hori sortzeko asmoz, eta hegalekoek, bereziki eskuin hegaleko Dedicek, taldeari sakontasun handia ematen dio duen abiadurari esker.

Taldeak gehienetan luze jokatzen du, eta goiko baloi horietan Roko Simic aurrelari kroaziarra funtsezkoa da, borroka horietako asko irabazi, eta alboan duen aurrelaria ondo aktibatzeko gai delako. Horrez gain, areara jokalari askorekin ailegatzeko gaitasuna dute.

DEFENTSA
Hegaletan, laguntzen menpe

Erronboarekin jokatzen duten talde guztiei gertatzen zaien moduan, taldeak barruan nagusitasuna dauka lau jokalarirekin, baina kanpoan beti jokalari bat gutxiago du. Hau da, erdilarien laguntza ailegatu ezean, hegaletako atzelariak maiz bi jokalari defendatu behar izaten ditu aldi berean. Bigarren zatian, jokalariak nekatuago daudenean, laguntza gutxiago ailegatzen dira hegaletara, eta sistemaren gabezia hori gehiago azaleratzen da da. Gainera, taldeak duen jokatzeko modu nahasi eta bizi-bizia dela eta, batzuetan defentsako egitura galdu egiten dute, eta taldea gaizki kokatuta harrapatzen dute maiz. Hortaz landa, estrategia jokaldietan eta goiko baloietan maiz sufritu egin du denboraldi hasiera honetan.

JOKALARIAK
Jokalari gazte onak ditu

Izarrik ez badu ere, nabarmentzeko moduko pare bat jokalari baditu Salzburgok. Gourna-Douath euskarria taldearen motorra da, eta une oro erasoaren eta defentsaren arteko lotura egiteaz arduratzen da. Fisikoki indartsua izateaz gain, teknikoki ere jokalari ona da.

Dedic atzelaria ere jokalari ona da; 21 urteko bosniarra oso jokalari bizkorra da, eta buruz burukoan edozein gainditzeko gai da, abiadura erabiliz edo driblin bat eginez. Kanpotik ez ezik, barrutik ere gora joaten badaki. Roko Simic aurrelaria ere jokalari ona da, eta taldekideak hobeak egiteko gaitasuna dauka, jokoa ulertzeko duen gaitasunari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.