Enpresak buruz burukoa hamasei pilotariraino zabaltzea aztertzen ari dira

Hala jakinarazi diete hainbat pilotariri, eta litekeena da eskailera sistema klasikoak iazko bi ligaxkak ordezkatzea

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Buruz buruko txapelketak berriz ere aldaketa jasan dezake aurten. Litekeena da hamasei pilotariraino zabaltzea eta eskailera sistema klasikoa berreskuratzea. Hala jakinarazi diete dagoeneko hainbat pilotariri. Halere, EPELeko enpresek oraindik aukera hori aztertzen ari direla diote, eta iazko bi ligaxkako sistemarekin alderatzen. Zortzi pilotariko sistema itxiak kritika asko jaso zituen, eta lesioek hankamotz utzi zuten; baina aurtengo negoziaketetan aldeko iritziak ere baditu.

Binakako txapelketa apirilaren 17an bukatuko da, eta buruz buruko finala ekainaren 12an edo 19an jokatzea da asmoa. Beraz, txapelketa ezin da oso luzea izan, eta hamasei pilotariko eskailerarekin sei asteko txapelketa egituratu daiteke. Pilotari batzuei dagoeneko esan diete hala izango dela, eta bat edo besteren prestaketa ere baldintzatu du. Halere, enpresengandik ez da konfirmazio ofizialik iritsi, eta baliteke azken unean iazko sistemaren aldeko iritziek pisu gehiago izatea. Halere, zaila dirudi errepikatzea.

Beloki, baikor

Ruben Belokik ia bi hilabete daramatza entrenatzen eskuz banakakoa prestatzeko. Atzo saio oso gogorra egin zuen Tolosan Mikel Urrutikoetxearen aurka. Zaratamoko aurrelariak gihar asko irabazi du, eta biek oso estu hartu zuten elkarri. Bukaeran Burlatakoak bere burua uste baino hobeto ikusten duela onartu zuen, baina entrenamendu gehiago behar dituela. Azken hitza enpresak izango du, eta zortzi pilotariko eskemak ateak irekiko lizkioke txapeldun ohiari. Bengoetxea VI.ak ere atzo egin zuen lehen buruz buruko pilotaleku saio berezitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.