Entrenatzailea eta ipuin kontalaria

Aitor Manterola Garate.
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Arazoa. Realak eta Osasunak buruko min bera zeukaten duela hogei bat egun. Etxetik kanpo eskas ari ziren. Arazoaren sustraia aurreko sasoira arteko bidea bezain luzea zen. Ordutik baitzeuden emaitza txukunik atera ezinda kanpoan. Igaro dira bi aste eta egun pare bat, eta buruhaustea nafarren artean bakarrik dago orain. Larunbatean beste aukera bat izan zuten, eta kale berriz. Realak orain bi aste irabazi zuen Malagan.



Akatsak zuzenduz. Arazoak luze irauten duenean, eta askotan errepikatzen denean, zerbait ondo ez dabilen seinale da. Hor azaldu behar du entrenatzaileak. Egoeraren diagnosia egin, lehendabizi. Zer gertatzen da. Zergatia ondoren. Konponbideak, azkenik. Pentsatu aurrena, eta entrenatu gero. Reala aldatu egin da etxetik kanpoko azken bi partidetan. Ez da aurreko sasoikoa, ezta oraingoaren hasierakoa ere. Baloiaren jabetzari lehen baino denbora luzeagoan eusten dio. Horri esker, aurkariaren zelairaino heltzen da, eta aurkariak baloia kentzen dionean, han bertan hasten du presioa. Aurkariak joko ez zuzena egiteko joera badu, Malagak eta Herculesek kasu, goian egiten du presioa Lasarteren taldeak. Lehen, lerroak atzeratzea zen agindua. Beti edo ia beti, atzera. Orain ez. Entrenatzailearen hausnarketa dago aldaketaren oinarrian.



Hutsak ikusi ezin. Osasunaren egoera ez da batere aldatu. Puntu gutxi pilatzen zituen lehen etxetik kanpo, eta puntu gutxi batzen ditu orain ere. Bilakaera txarra okerrera doa. Camachoren hitzak ere ez dira aldatu. Gol falta eta gol falta. Edo epailearen komodina. Edo bere jokalariek ez dakitela lehiatzen. Prentsaren aurrean, behintzat, ez du adierazten arazoaren sustraia ebakitzeko hausnarketarik egiten duenik. Ipuinak kontatzen ditu. Beti protagonista bereko ipuinak: gol falta, epaileak eta lehiakortasun eza. Larunbatean, nire iritziz behintzat, baloirik gabeko lanean oso bigun aritzeagatik eta sekulako opari pila egiteagatik galdu zuen Osasunak. Golak sartzeko aukera batzuk ez zituela baliatu egia da. Baina hiru sartu izan balitu ere, ez harritu Atletico Madrilek lau edo bost egin izan balizkio. Aurkaria joan eta aurkaria etorri, ez al dizkiete nafarrei aukera gehiegi sortzen? Eta ez etxetik kanpo bakarrik. Nortasunik gabeko Osasuna ikusi nuen larunbatean, biguna, ez hain aspaldiko Osasuna haren kontrakoa, eta agian, arazo potoloetako bat hori da. Larria litzateke gero Camachok ipuin bera kontatzea jokalariei ere.



Pare bat huts larri. Nafarren opariak eta hutsak xehatzen hasita, bi aipatuko ditut. Agueroren gola: zelai erdian batere oztoporik ez zuen Atletico Madrileko jokalariak, eta pase luzea ematera zihoan. Atzelarien lerroak, hala ere, ez zuen imintziorik egin atzerantz korrika egiteko. Bere burua hil zuten. Ikusirik zelai erdian presiorik ez zuela aurkariak, zergatik ez ziren atzeratu lehenago atzelariak? Aguerok bizkarra hartu zien. Gero, Flaño argentinarrari eta baloiari begira gelditzen da, atzean Forlan duela ikusi ere egin gabe. Ikusteko begiratu egin behar da, jakina. Lehen golean Ricardok egin zuen sekulako hutsa, eta ez du aurrenekoa. Jokalariek huts handiak egin zituzten, teknikoak eta taktikoak, eta talde moduan ere hutsunetaktiko handiak ikusi nizkion. Eta ez du ematen konponbiderik dutenik. Arazoak ikusi behar dituenak ez badu arazoaren muina onartzen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.