Arrauna

Epai batek aukera eman dio Urdaibairi 2018ko Kontxako Bandera eskuratzeko

 Bermeoko klubak esan du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi duela lehen jardunaldian jarri zitzaion zigorra ez zela zuzena izan. "Bandera eta sariak eskuratzeko aukera zabalik utzi dizkigu erabaki horrek", adierazi du Urdaibaik. Eneko Goia Donostiako alkateak ez du baztertu epai horren aurkako helegitea aurkeztea. 

Urte hartan, Hondarribiak irabazi zuen bandera. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 7a
12:30
Entzun

Kontxako Bandera eta eztabaida amaigabeak albiste dira berriz ere. 2018an gertatua baliteke zalantzan egotea. Hala adierazi du Urdaibaik,  EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai baten berri emanez.«Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman digu 2018ko Kontxaren deskalifikazioari dagokionez, eta irabazlearen bandera eta sariak eskatzeko aukera zabalik utzi du. Ezarritako zigorrik gabe, Bermeo izan zen onena bi igandeetako denboraren baturan». Hori idatzi zuen atzo iluntzean klubak sare sozialetan. 

Duela bi urteko Kontxan, lehen jardunaldian, Urdaibaik eta Zierbenak arraun palak jo zituzten bigarren luzean. Bermeoko kluba jo zuten erruduntzat epaileek orduan, eta azkeneko postura bidali zuten; gainera, Bermeokoen egun hartako denbora hau izango zela ebatzi zuten: azkenaren denborari 15 segundo batzea. Hondarribiak irabazi zuen bandera, baina, Urdaibairen zigorra baliogabe geratuko balitz, bi egunetako denborak batuta, banderak Bermeon behar luke. 

Justizia Auzitegi Nagusiaren epai horren inguruan, Eneko Goia Donostiako alkateak esan du ez dutela baztertzen helegitea aurkeztea. Horretarako, hilabeteko epea du Udalak, estropadaren antolatzaileak. «Bandera batentzat edo bestearentzat izateaz harago, gauza asko jartzen ditu jokoan epaiak. Adibide batekin azalduta, futbolean, epaileek erabakitzen dute jokaldi batean gola izan den edo ez. Talde batek helegitea jar badezake, eta handik hiru urtera epaile  batek ebaztea gola izan den edo ez...» . 

«Harrituta» azaldu da Goia epaiarekin, «baina erabaki judizialak ezin direnez zalantzan jarri, ez dugu horrelakorik egingo. Kirol proba batean, kasu honetan Kontxako Banderan, epaile batzuek hartzen dituzte erabakiak, eta harrigarria da epaiarekin hori guztia ari direla zalantzan jartzen. Eta inoiz ez da horrelakorik egin gurean». Aurreko kasu batzuen aipamena ere egin du: «Izan ditugu aurrekariak, eta horrelakorik ez da sekula gertatu. Harritu egiten gaitu epaiak, lehen gure aldekoa izan zelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.