Epaileak auzi iheslaritzat jo du Dimitri Piterman Alaveseko presidente ohia

Enpresaburu ukrainarra bilatzeko eta atxilotzeko agindua ere eman du Arabako Probintzia Auzitegiak. Haren agindupean Arabako taldeak hirukoiztu egin zuen zeukan zorra, 24 milioi euro ingururaino.

Dimitry Piterman, Alavesen agerraldi batean. DAVID AGUILAR / EFE
Dimitry Piterman, Alavesen agerraldi batean. DAVID AGUILAR / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko apirilaren 9a
10:00
Entzun

Hamabost urte baino gehiago dira Dimitri Piterman (Odesa, Ukraina, 1963) Gasteizera iritsi zela, baina, oraindik ere, harrabotsa dago haren inguruan. Arabako Probintzia Auzitegiak auzi iheslaritzat jo du Alaveseko presidente ohia, epaiketara ez aurkezteagatik. Alavesen izandako hiru urteko agintaldian Arabako taldeak hirukoiztu egin zuen zeukan zorra, ia 24 milioi euroraino.

Arabako Probintzia Auzitegiak Piterman Deportivo Alaveseko jabe eta presidente ohiaren eta Jose Nereo klubeko kontseilari kudeatzaile ohiaren aurkako epaiketaren lehen saioa egin zuen atzo. Epaiketa 10:15ean hasi zen. Pitermanen defentsak, Nereorenak, fiskalak eta klubeko akusazio partikularrak parte hartu zuten. Piterman ez zen agertu ere egin, gaur Kalifornian belauneko ebakuntza bat zuela arrazoituta. Horrela, epaiketa ekiditen saiatu zen haren defentsa, ukrainarra falta dela aipatuz. Epaileak ez zuen hori onartu, eta auzi iheslari deklaratu zuen Piterman; hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua ere eman zuen. Dena den, ez dago akordiorik AEBen eta Espainiaren artean estradizioen arloan.

Piterman aurkeztu ez arren, ahozko saioek Nereorekin jarraitu zuten. Hala ere, epaiketa bertan behera geratu zen Nereoren eta Fiskaltzaren arteko akordio bat lortzen saiatzeko ahal izateko, baina ez ziren ados jarri. Hori dela eta, epaiketa gaur arte etetea onartu zuen epaileak. Akordiorik balego, epaiketa gaur bertan amaituko da; bestela, aste osoa iraungo du. Alavesek bederatzi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du Pitermanentzat eta haren eskuineko eskua zen Nereorentzat. Biak izan ziren klubeko aurreko administrazio kontseiluko kideak. Espetxe zigorraz gain, Gasteizko klubak 15.000 eurorainoko isuna proposatu du bi ikertuentzat, «bidegabeko onarpenagatik, kontabilitatea faltsutzeagatik eta sozietate delituagatik».

Hiru urteko amesgaiztoa

Santandergo Racingen egon ondoren, Gasteizen aukera bat ikusi zuen enpresariak, eta Alavesen akzioen % 51 erosi zizkion Gonzalo Antoni 2003an. Klubean hainbat arazo ekonomiko izan zituen. Besteak beste, nominak ez ordaintzeagatik hainbat kondena izan zituen. Haren agintean taldea 2. Mailara jaitsi zen, eta zaleekin izandako liskarrak ugariak izan ziren. 2007ko martxoan Pitermanek Alaves utzi zuen, inbertitzaile talde batek akzioen %51 erosi ondoren. Klubak hartzekodunen lehiaketara jo behar izan zuen, eta, Pitermanek kargua utzi ostean, Alavesek haren kontrako salaketa jarri zuen.

Kluba utzi eta urtebetera, Gasteizko Merkataritza Arloko Epaitegiak Pitermanek Espainian zituen ondasun guztiak enbargatzea agindu zuen. Gainera, 2012an, epaitegi batek Alavesi 6,8 milioi euroko kalte ordaina ematera zigortu zuen, bere agintaldian kudeaketa ekonomiko txarra egin zuelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.