'ESTROBO AUZIA'

Epaileak du orain azken hitza

Amaitu da Estrobo auziaren epaiketa eta orain epaileak dauka gertatutakoa argitzeko ardura. Fiskaltzak aztarnak lotzeko eskatu dio, eta defentsak froga nahikorik ez dagoela aldarrikatu du.

Milagros Martin Orue auziko epailea, bi aldeen argudioak entzuten. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
2015eko azaroaren 6a
17:18
Entzun

Fiskaltzak kondena mantendu du sei akusatuentzat eta beste hiru errugabetzat jo ditu, froga faltagatik. Epaileari eskatu dio indizioak lotu eta horiei kasu egiteko: “Argi dago substantzia dopagarriak erabili zirela, bestela zertarako nahi zituen taldeak hainbeste medikamentu eta siringa?”. Urdaibaiko arraunlarien ustezko dopatze auziaren azken saioa egin da, eta akusazioak eta defentsak beraien ondorioak aurkeztu dituzte.

Fiskaltzak errugabetzat jo ditu prozesuan inplikatutako bi farmazialari, Urdaibaiko entrenatzailearen emaztea eta Kordobako polizia bat. Bestalde, erruduntzat  jo ditu Josu Zabalondo Urdaibaiko presidentea, Jose Manuel Francisco entrenatzailea, Marcos Maynar medikua eta Arantza Ormaza erizaina. Bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra mantendu du bakoitzarentzat. Borja Garai medikuarentzat kondena txikiagoa eskatu du, urtebetekoa. “Erabili" egin zutela uste du Fiskaltzak:  “Drogen kontu hauetan beti dago aurpegia ematen duen jendea alde batetik, eta ezkutuan dena antolatzen duen jendea bestetik”. Arraunlariei zainetatik ziztatu izana onartu zuen Garaik epaiketaren lehen saioan. Teresa Mesari ere kondena murritzagoa jartzea eskatu du, sei hilabeteko espetxe zigorra. Mesak EPO eta Aranex paketeak Bermeora bidali izana onartu zuen.

Fiskaltzak osasun publikoaren aurkako delitua egon zela adierazi du, arraunlarien errendimendua hobetzeko asmoz debekatutako substantzia kaltegarriak erabili zituelako klubak 2010. urtean. Urdaibai taldeak datuak ezkutatu zituela ere argudiatu du eta beronen presidenteak “berariazko ezjakintasun” jarrera izan zuela ikertu zaionean, jaso zituen paketeetan zer zegoen ez dakiela esaterakoan. Modu berean, Zabalondo presidentearen, Francisco entrenatzailearen eta Maynar medikuaren arteko harremana begien bistakoa zela azpimarratu du. Arraunlarien deklarazioetan kontrakotasunak egon direla esan du, eta ez dela inondik inora posible 23 arraunlarik zer ziztatzen zitzaien ez jakitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.