Joan den ekainaren 17an zati bat, eta atzo gainerakoa. Fermin Otamendi epaileak erabat kendu du Osasuna auziaren sumarioaren sekretua. Otsailaren 19an ekin zioten ikerketari, klubaren kontuetatik desagertutako 2,4 milioi euroak nora bideratu zituzten argitzeko, eta epaileak zantzu argiak ikusi ditu aurreko zuzendaritzak zenbait partidaren emaitzak adostu zituela. Urriaren 27an sumarioaren zati bat sekretupean mantentzea erabaki zuen epaileak, ikerketaren azken zatia gauzatu ahal izateko; auzipetuen sakelakoetatik egindako deien azterketaren ondorengo txostena, alegia. Epaileak azaldu duenez, «datu interesgarriak» aurkitu dituzte ikerketa horretan. Behin epaia dagoenean, epailearen erabakiari helegitea jartzeko aukera izango dute kaltetuek.
Auzian inputatuta daudenen eta zergak Nafarroan ordaintzen dituztenen ondasunen txostenak epaileari bidaltzea falta da oraindik. Baina, epailearen hitzetan, ikerketaren nondik norakoak aztertuta, ez da beharrezkoa izango aginbide gehiagorik egitea. Hain zuzen ere, sumarioa sekretupetik atera aurretik, Txuma Peraltak eta Cristina Valenciak epailearen aurrean deklaratu zuten atzo goizean bertan.
Joan den ekainaren 17an azaleratu zen Osasuna auziaren zati handi bat. 2013-2014 denboraldian diru kopuru handi bat partidak erosteko baliatu zutela ondorioztatu zuen epaileak. Ikerketa lerro horren arabera, 250.000 euro ordaindu zizkieten Espanyoleko jokalariei, Osasunaren aurkako partida berdintzearen truke, eta 650.000 euro Betisekoei, bi zatitan banatuta; 400.000 euro Valladolidi irabazteagatik, eta 250.000 euro Osasunaren aurka galtzeagatik.
27 lagun daude inputatuta
Bestalde, Osasunaren altxortegian falta den diruaren auzian, epaileak ez du aurkitu froga sendorik Osasunak eta Flefield Madeirako enpresak 1,4 milioi euroren truke sinatutako akordioaren inguruan, eta ezta klubak 2013ko ekainaren 1ean bi higiezin-langileri —Cristina Valencia eta Alberto Nolla— ordaindutako 900.000 euroen inguruan ere. Otamendi epailearen arabera, faltsuak dira bi kontratu horiek.
Epaileak 27 lagun inputatu ditu guztira auzi nagusian, tartean Osasunako azken bi presidenteak, Kudeaketa Batzordeko kide izandako hainbat lagun, kudeatzaile ohia, zuzendaritzetako hainbat kide, klubeko hainbat langile, eta hainbat futbolari eta futbolari ohi.
Epaileak erabat kendu du 'Osasuna auziaren' sumarioaren sekretua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu