Txirrindularitza

EPOa atzemateko azterketaren zuloak

2007ko urriaren 24a
13:16
Entzun
Xabier Usabiaga. Analisia

WADA Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak oso albiste txarra jaso zuen astelehenean. Iban Mayoren kasuak larrugorritan utzi du, erabat lotsatuta. Harro eta boza gora aldarrikatu zuten akatsik gabeko EPOa atzemateko azterketak zuloak ditu oraindik. Beti izan ditu.

EPOaren jarraipena 1997an hasi zen. 80ko hamarkada erdialdean EPOak eragin zituen heriotzak saihestu eta hamarkada bat geroago egiten ziren basakeriak mugatu nahirik, hematokritoari, odoleko zelulen portzentajeari muga jarri zitzaion %50ean. Langa hori gainditzen zuen ziklista 15 egunetarako baztertzen zuten, osasun arrazoiak tarteko (beste kiroletan artean ez zuten tankerako araurik jarri). Ohartu ziren, ordea, salbuespenak bazirela, eta txirrindulari batzuek berez sortzen zutela hematokritoa baimendutako portzentajetik gora. UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak baimen bereziak eman behar izan zizkien hori frogatzen zutenei.

2000. urtean onartu zuten EPOa gernuan atzemateko metodoa. Parisko Chatenay Malabry laborategiak asmatu zuen, eta Sydneyko Olinpiar Jokoetan odol eta gernu azterketak jarri ziren abian, erabateko fidagarritasuna lortzeko asmoz. Odol azterketak datu susmagarriak erakusten bazituen, gernu azterketa egiten zen EPO artifizialik bazegoen atzemateko. Azaletik esplikatuta, gakoa hauxe da: EPO naturalak (batez ere giltzurrunean sortzen da) eta artifizialak karga elektriko diferenteak dituzte (naturala azidoagoa da), eta azterketa egitean bi esparru bereizten dituzte. EPOaren arrastoak esparru batean edo bestean agertu, positibotzat edo negatibotzat jotzen dute. Batzuetan oso argi ikusten da arrastoek zein aldetara egiten duten, baina beste batzuetan mugan gelditzen dira, eta orduan ikertzailearen irakurketaren baitan gelditzen da emaitza. Hori da arazoa. Laborategi batek positibotzat jo dezakeena bestearentzat negatibo izan daitekeela. Eta hori gertatu da Iban Mayoren kasuan.

EZ DA KASU BAKARRA. Metodo hau abian jarri zenetik, ziklismoan lau kasu izan dira: Bo Hamburgerrena aurrena, eta ondoren, hurrenez hurren, Juan Llanerasena, Massimo Strazzerrena eta Fabrizio Guidirena. Kasu haietan guztietan ere A azterketa eta B azterketa ez ziren bat etorri. Atletismoan gauza bera gertatu zen Bernard Lagatekin eta Marion Jonesekin, eta triatloian oso gertuko kasuak izan ziren Virginia Berasategirena eta Iban Rodriguezena.

Baina deigarriena Rutger Beke belgikarraren kasua izan zen. A azterketak positibo eman zuenez, zigortu egin zuten, baina berak epaitegietara eraman zuen kasua. Epaitegiak ikerketa bat agindu zuen, eta Belgikako Lovainako Unibertsitateak gidatuta ohartu ziren azterketa ez zela erabat fidagarria, EPOa atzemateko erabiltzen zituzten agente erreaktiboek beste proteina batzuk ere atzematen zituztelako, eta hala, emaitza aldatu. Bekeri arrazoia eman behar izan zioten, zigorra kendu. Bekek berak WADA eta Ganteko eta Koloniako laborategien kontra jo zuen, eta 185.000 euroko kalte-ordainak eskatu.

Arazo bakarra, gainera, ez da zalantza dagoenean egiten den irakurketarena, baizik eta gernua kontserbatzen denean isoformaren karga elektrikoek aldaketaren bat izan dezaketela uste dela. Horrenbestez, lagin bereko bi azterketek emaitza ezberdina eman dezakete.

Egoera ikusita, WADAk EPOa atzematen zuten munduko 30 laborategietako zuzendariak elkartu zituen Parisen 2005eko azaroan eta arren eskatu irakurketa zorroztu eta irizpideak bateratu beharra zegoela. Positibo kasuren baten errezeloa dagoenean, eskarmentu handiko laborategiren batera jotzeko aholkua ere eman zien. Erabaki horiek hartuta, WADAk txosten bat argitaratu zuen, non EPOa atzemateko metodoa erabat fidagarria dela zioen. Mayoren kasuak ezezkoa erakutsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.