Aritz Laskurain. Pilotari ohia

«Erabakia ez da zaila izan: ezin nuen jarraitu»

Hamabost hilabete egin zituen jokatu gabe aldakako gaitz baten ondorioz; azkenean, gerrikoa eskegi behar izan du. Atzelari langilearen oroitzapena utzi du zaleengan, baina txapelaren arantza sartuta dauka.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko abenduaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
2013ko irailean jokatu zuen azken partida, eta geroztik zazpi kilo galdu ditu Aritz Laskurainek (Soraluze, Gipuzkoa, 1979). 79 kilotan dago; debutatu zuenean baino bi gehiago, halere. «Giharreria galdu dut, eta apurka ari naiz berreskuratzen. Baina pisua zaindu behar dut». Umoreko dago, erretiroaren erabakia aspaldi hartu zuen eta barneratuta du.

Zer moduz zaude?

Orain ondo. Urtea ez da ona izan. Hasiera batean ez genekien zer zen, gero ebakuntza egon zitekeela... Baina, tira, ez da lesio txikia. Aspaldi onartu nuen; erabakia ez da zaila esan: ezin nuen jarraitu.

Omenaldirik egingo al dizute?

Enpresarekin ez dut berbarik egin horri buruz. Herrian zerbait egingo didatela uste dut.

Herria aipatu duzu. Zer egingo duzue Emoixok, Lasku pankartarekin? Famatu egin zen...

Eskatuko diet. Aspaldiko hilabeteetan, pilotara ezingo nintzela itzuli ikusten zenetik, herriko kiroldegiko pilotalekuan eskegita daukate, ni animatzeko handik pasatzen naizenean. Pankarta hori bizirik dago oraindik!

Eta lortzen al du efektua?

Bai, eskertzen da animoa. Herriaren babesik ez zait falta izan. Detaile handi bat da! Armairu batean sartuta eduki beharrean... Eta hortik ezingo dela ibili jakinda, polita da hilabete hauek herriko pilotalekuan jarri izana.

Zuriz agur ezin esateak pena emango zizun, ezta?

Ez da agur naturala. Aspaldi jokatu nuen azken partida. Mina partida hura jokatu baino askoz aurreragokoagoa zen, baina ez nuen uste hain gauza larria izango zenik. Ez da ebakuntza batekin konpondu daitekeen lesio bat.

Gaitz kronikoa da, beraz.

Bai. Honi buruz ez nekien ezer. Jaiotzatik dudan patologia bat da, hezur formazio txarra. Formazio horrek eragiten du artrosia normala baino lehenago hastea. Artrosia gauza naturala da, kartilagoa higatzen joatea, baina ez hain gazte. Arazoa da 32 urterekin hasi nintzela minekin, kirola egiteagatik, eta, batez ere, gaitz horregatik. Hondaturiko kartilago hori berregiten saiatzen dira, baina jada ez da naturala, eta ezin da guztiz berreraiki. Aldakek bizitza muga bat dute, eta nireak gutxiago zuen. Protesia eragozteko eginiko ebakuntza da. Egin ez banu agian 40 urterekin jarri beharko nuke protesia. Orain askoz hobeto nago, ebakuntza aurretik baino mila aldiz hobeto, baina tira... Korrika hasten naiz 500 metro korrika eta minez nago. Ezin dut behartu, ez pisurik hartu...

Bizitza arrunterako bai?

Bai. Baina inpaktu kirolak: korrika, pilota... ikusteko baino ez.

Noiz arte mantendu zenuen jokatzen jarraitzeko itxaropena?

Oso nahasia izan da. Pentsa, mina 2011ko urrian hasi zen. Giharretako zerbait zela uste nuen, baina iazko urrian jakin genuen aldakako arazoa zela, artrosien mundukoa. Beltz ikusten nuen. Gero ebakuntza bazegoela jakin eta argi bat piztu zen. Ebakuntzaren ondoren esan zidaten ez zela txikikeria. Minak ez zaizkit kendu kirola egiteko adina, eta halako zerbaitekin kirolera itzultzea egin dezakedan gauzarik txarrena da.

Enpresa eta enpresakideekin harremana izan al duzu?

Batzuekin estuagoa izan dut, gertutasun gehiago dudanekin. Ebakuntza garaian kide guztiekin hitz egin nuen eta duela gutxi Erriberrin eurekin elkartu nintzen. Enpresarekin ere oso ondo, ulertu dute nolako gaitza zen.

Atzera begiratu eta zer ageri da?

Lesioen erruz ibilbidea asko moztu zitzaidala uste dut, ez hau bakarrik, aurrekoa ere bai. Ni estelarretara 26 urterekin iritsi nintzen eta debuta 22rekin egin nuen. Lehen hiru urteak oso txarrak izan ziren eskuetako arazoen erruz —14 hilabete geldirik egin zituen papiloma baten erruz—, eta, nire ustez, lesioek errespetatu izan banindute goizago iritsiko nintzen lehen mailara, eta beranduago eroriko nintzen. 12 urte eta erdi egin ditut profesionaletan eta benetan ondo egon naizenak sei izan dira.. Sei urtez eman dudan maila denbora gehiagoz eman ez izana da pena.

Une bereziena?

Bat esatearren, Titin-Pascualen aurkako 2010eko binakako txapelketako finalerdia. Logroñon, azken partida, Gonzalez eta biok. Finalerdi garbia zen, eta hango giro hura, tentsioa...

Txapel bat falta izan zaizu? Binakako hiru final galdu zenituen.

Txapel bat irabazi izan banu irabazitako finala nabarmenduko nuke. Pena itzela, baina zer egingo diogu? Hiru finala jokatu izana, dena den, asko da.

Kide bat aukeratzekotan?

Bat? Titin. Lehen estelarrak berarekin jokatu nituen, lehen txapelketa era bai... Erosoen berarekin bili naiz.

Eta ikusi nahi ere ez zenuen aurkaria?

Ez dakit. Akordatzen naiz 2. Mailako lehen urteekin, Atxa, berarekin beti galtzen nuen. Bai bikote ginenean eta bai aurkari zenean. Irakurtzen badu grazia egingo dio.

Orain zer?

Proiektu batzuk baditut buruan, eta zerbaiti ekin beharko diot. Bizitza ez dut konpondu.

Pilotak ez zaitu lanetik atera?

Ez, hainbeste lesiorekin, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.