Erakutsi ezin denaren bila

Urko Vera da Athleticek fitxatutako azkena, baina aurretik makina bat aurrelari fitxatu du. Gaur egun Llorente da harrobitik irten eta lehen taldean postu horretan jokatzen duen bakarra.

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Florentino Perezek Emmanuel Adebayor oparitu dio Jose Mourinhori neguko merkatuan, erasoko jokoa indartzeko; Unai Emeryren taldeak, Valentziak, Jonas Gonzalves Brasilgo txapelketako golegilerik onena fitxatu berri du; Malagak Julio Baptistari eman dio golak sartzeko ardura; Racingek Nicola Zigic fitxatu gura du hirugarrenez, taldea beheko postuetik ateratzeko… eta Athleticek Urko Veraren alde egin du. Hori da talde zuri-gorriaren errealitatea. Gainerako taldeek futbolari handiak fitxatzen dituzte, eta Athletic, berriz, arriskatzera behartuta dago, inork ez baitaki zer emateko gai den aurrelari bilbotarra.

Dohatsua bada, lekua izango du zuri-gorrien artean, eta balio ez badu bila, jarraitu beharko da. Lemoako golegile izandakoari futbolari guztiek amesten duten aukera eman diote. Haren esku dago baliatzea. Honezkero, argi izan beharko luke zein den jarraitu behar dion bidea. «Vera ez dut ondo ezagutzen. Jakin badakit Taxoaren jokatu zuela joan den astean eta gol bi sartu zituela. Indar handiko jokalaria dela esan didate. Toquerok izan behar du haren ispilua. Aurrelari gasteiztarraren lana aztertuta jakingo du zein den bide egokia», adierazi zion BERRIAri Jose Angel Zigandak.

Entrenatzaile nafarrak badaki zer den Athleticeko erdiko aurrelari titularra izatea. Zazpi denboralditan 291 norgehiagoka jokatu zituen elastiko zuri-gorriarekin, eta guztira 91 gol sartu zituen. Oso maitatua izan zen jarraitzaileen artean. «Kuko, kuko!» sarri kantatzen zuten zaleek San Mamesen. Baita Urko Verak ere. Mutikotan gehien gustatzen zitzaion futbolaria omen zen Ziganda. Athleticek golak sartzeko fitxatu zituztela, horrek lotzen ditu biak. Baina aurrelari bilbotarraren egoerak ez dauka zerikusirik Zigandarenarekin. Nafarra gorengo mailan lehiatzeko gaitasuna erakutsi ostean fitxatu zuten. Vera, berriz, epe ertain eta luzerako apustua da. Dakiena erakusteko denbora gehiago izango duela, alegia. Jokatzen baldin badu taldeari lagundu diezaiokeela iritzi dio Zigandak. «Vera Llorenteren eta Toqueroren itzalean egongo da. Presio barik jokatuko du. Eta nik uste dut jokatzen baldin badu kendu baino gehiago eman egingo diola Athletici. Etxean aritzeko jokalari aproposa da».

Lezaman, aurrelaririk gabe

Athleticek itxaropen handia du Verarekin. Taldeari laguntzeko gai dela iritzi diote. Bizkaiko taldeetan futbolari interesgarriak daudela berretsiko luke Veraren arrakastak. Baina, era berean, Lezaman aurrelariak ateratzeko zailtasunak dituztela ere erakusten du. Beste behin kanpora jo behar izan du Athleticek erasoko jokoa indartzeko. Orain, Fernando Llorente da Athleticeko beheko mailetatik lehen taldera arteko bidea egin duen aurrelari bakarra. Gainerako guztiak fitxatuak dira: Igor Martinez eta De Marcos Alavesetik, Toquero Eibartik eta Diaz de Zerio Realetik. Kezkagarria al da? «Ez. Nire ustez, kasualitatea da. Mementoko kontua da. Orain Llorente bakarrik dago, baina Aduriz ere egon zitekeen».

Kukok ez dauka zalantzarik, baina aurrelarien inguruko eztabaida etengabea da. Eta eztabaida guztietan galdera bat agertzen da beste guztien gainetik: aurrelaria jaio egiten da edo egin daitekeen futbolari mota da? Zigandaren ustez, erakutsi ezin daitekeen zerbait dute aurrelariek. «Gol senarekin jaio egiten da. Golak sartzeko gosea txikitatik izaten da. Ahalmen edo obsesio hori berezkoa dela uste dut. Diaz de Zeriok eta Llorentek futbolean jokatzen hasi zirenetik sartu dituzte golak». Baina, era berean, berezko dohainak lantzea ezinbestekoa da gorengo mailan nabarmentzeko. «Berezkoari eguneroko lana gehitu behar zaio: buruz zein hankaz egiten den errematea landu egin daiteke». Horregatik, Zigandak lan berezia egingo luke aurrelariekin, baina baita gainerako postuetan jokatzen dutenekin ere. «Gaur egun postu guztietan egin beharko litzateke lan berezia: aurrelariek errematea, hegalekoek erdiraketak, euskarriek joko aldaketak… postu bakoitzak bere berezitasunak ditu», azaldu du Zigandak. «Hori bai, partidetako tentsioa, presioa… ezin da entrenamenduan landu. Eta kontu horiek ere oso garrantzitsuak dira», gaineratu du.

Kezkatuta daude zaleak aurrelarien kontuekin. Zer gertatuko da Llorentek taldea lagatzen badu? Nork sartuko ditu golak Athleticen? Orain gaitza da galdera horiei erantzutea. Hala ere, Zigandak lasaitasun mezua bidali du. «Ez dut uste denbora asko pasatuko denik harrobitik aurrelari on bat agertu aurretik. Athleticek beti izan ditu golegile onak. Bistan da Llorente futbolari handia dela. Talde batzuk haren etete klausula ordaintzeko prest agertu izanak asko esan gura du. Hala ere, Athleticek beti izango du denboraldi bakoitzean hamar goletik gora sartuko duen futbolari bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.