MOTOZIKLISMOTOZIKLISMOA. MUNDUKO TXAPELKETA. EMOA. MUNDUKO TXAPELKETA

Erantzunaren zain

Igandean hasiko da Munduko Motoziklismo Txapelketa, Valentino Rossiren nagusitasunaren aurrean Hondak nola jokatuko duen ikuskizun

jon ordonez garmendia
2005eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Kolpe bat ematen duenak, badaki ondoren erne egon behar duela. Lapurreta bat egiten duenak, badaki ihesaldian atzera begiratu behar duela. Esprinta jotzen duenak, badaki atzekoek ez dutela amore emango. Akzioa eta erreakzioaren arteko lotura da, hain zuzen ere, hastear den Munduko Motoziklismo Txapelketan ikusmin gehien pizten duena. Masailekoa eman zion Valentino Rossik iaz Hondari. RC211V motoaren arduradunei, lotsagabe, onena bera dela esan zien ozen. Eta Hondak orain erantzun egin behar du.

Igandean hasiko da Xerezen Munduko Motoziklismo Txapelketa, eta oraingoan hitzak baino zerbait gehiago beharko du Hondak Rossiri aurre egiteko. Iazkoa ezustekoa izan zen, baita Rossi berarentzat ere. Baina aurten aitzakiarik ez duela badaki Hondak, eta ahal duen guztia egingo du txapelketa irabazteko. Hasteko, Sete Gibernauri moto ofiziala eman eta arreta osoa eskaini dio, nahiz eta ez den HRC talde ofizialeko gidaria. Rossi estutzera iritsi zen bakarra izan zen iaz eta, aurten ere, arerio nagusia bera duela esan du italiarrak.Ez du Hondak arriskurik nahi. Iaz Max Biaggirekin espero baino emaitza txarragoak jaso zituen, nahiz eta Rossiren ordagoari erantzuteko aukeratu zuen. Irregulartasunak utzi eta lehen postura salto egitea saiatzeko unea iritsi zaio; hori gutxienez. Hondak dena eman dio, eta gutxi jaso du. Xerezko azken entrenamenduetan haserre zen, gainera, gidaria bere taldearekin.Orain arte bigarren eta hirugarren postuak bereak izan ditu Biaggik, baina aurten garestiagoa izango du podiuma. Denboraldi-aurreko entrenamendu ofizialetan Nicky Hayden, Marco Melandri eta John Hopkinsek pozteko moduko ezustekoa eman dute. Hiruek 23 urte baino gutxiago dute, eta Rossiren ondorengoa bilatzerakoan gidari gazteen artera ez ote den begiratu behar zer pentsatu eman dute. Eta, agian, erantzuna 250 cc.-etan egon daiteke. Hondak apustu indartsua egin nahi du Dani Pedrosarekin, eta gidari kataluniarra ziurrenik MotoGPn ariko da datorren urtean. Horregatik, trantsiziozkoa deitu dute batzuk hastear den denboraldiari ere.BMWk MotoGP edo Superbike talde bat sortuko duela dioen zurrumurrua egia bihurtzen ez den bitartean, poztekoa da denboraldi-aurrean Suzuki eta Kawasakiko gidariek lortu dituzten emaitzak. Ducatik, bitartean, iazkoan jarraitzen du, eta hortik ateratzeko Bridgestone pneumatikoekin korrituko du aurten.

-

EUSKAL GIDARIAK



 

Ion Garrido eta Efren Vazquez, debuterako prest





Herri Torrontegik zirkuituak utzi zituenez geroztik bi euskal gidarik lehen aldiz Munduko Motoziklismo Txapelketan korritzeko aukera izango dute sasoi honetan. Ion Garrido aiegiarrak (16 urte) eta Efren Vazquez bilbotarrak (18) eman dezakete jauzia. Espainiako Txapelketan hartuko dute parte, eta lehen postuetan egonez gero Garrido faboritoetako bat da, Munduko Txapelketan aritzeko gonbidapena jasoko dute.

Jauzia ekainaren 12an edo azaroaren 6an iritsi daiteke. Espainiako Txapelketan ariko diren gidariek Katalunian eta Valentzian korritzeko aukera izango dute. Gonbidapenak Portugalen aritzeko ere banatu behar ziren, baina karrera hori aurreratu egin da, eta artean Espainiako Txapelketa oraindik hasi gabe dagoela korrituko da Portugalgo Sari Nagusia.Orain bi gidariak Bartzelonako Goi Errendimendu Zentroan daude, Munduko Txapelketa antolatzen duen enpresak gidariak trebatzeko sortu duen eskolan, MotoGP Akademia. Sei ikasle dira. Garrido izan zen bertara joateko eskaintza jaso zuen lehenegoetakoa, eta, azkenean, Efren Vazquezek osatu zuen seikotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.