Alpe di Pampeagon gora jo zuen erasoa behin Michele Scarponik (Lampre); jo zuen bigarren aldiz ere; eta hirugarren saio bat ere egin zuen. Baina ezin. Ivan Basso (Liquigas) bai, hura erori zen; Joaquim Rodriguez (Katuxa) ere bai, hark ere erakutsi zuen ezina. Baina ezin Ryder Hesjedal (Garmin) gurpiletik atera. Harrigarria da kanadarra erakusten ari den gaitasuna. Lotsarik gabe, aurkariei lehen kolpea emanez, tropeletik tiraka jartzeko agindu zien taldekideei Alpe di Pampeagoko lehen maldetan. Eta hazita, eustera mugatu gabe, Scarponi bera ere ito egin zuen azkenean. 13 segundo Rodriguezi, 15 Scarponiri, 23 Domenico Pozzovivori (Colnago), 35 Bassori... Giro erdia eta beste pixkat bat poltsikoratu zuen atzo Garmineko taldeburuak. Mortirolo eta Stelvioren baimenarekin. Etapa gogorra daukate gaur ere, eta atzo egin ez zutena egin beharko dute gaur Rodriguezek, Scarponik eta Bassok bihar Milanen euren jardurna txalo egitera mugatu nahi ez badute, behintzat.
Eta zer esan Roman Kreuzigerren (Astana) etapa garaipenari buruz. Ausart jokatuta, taldekideen mugimendu onak baliatuta, dotore atera zuen asteazkenean Cortina d'Ampezzora bidean barruraino sartu zitzaion arantza. Passo Lavaze bigarren mailako mendatean jo zuen erasoa, Dario Cataldok (Omega Pharma) irekitako bideari segika. Eta erakustaldi polita eman zuen gero Alpe di Pampeagon gora. Hustu egin zen azken hiru kilometroetan, baina erakutsi zuen gaia badagoela gorputz horretan. Buruak huts egiten dio gehiegitan txekiarrari, baina, sailkapen nagusia ahaztuta, etapa garaipen polita kendu dio aurtengo Giroari.
Hesjedal eta Kreuziger izan ziren atzoko garaile argiak, eta Giroa irabazteko beste hiru faboritoez gain, Beñat Intxausti (Movistar) eta Paolo Tiralongo (Astana) dira galtzaileen artean kokatu beharrekoak. Erabateko txakalaldiak jota, 40.42 minutu galdu zituen bizkaitarrak Alpe di Pampeago gainean, eta seigarren postutik 33.eraino jaitsi da sailkapen nagusian; italiarrak, berriz, 17.51 galdu zuen, eta 22. posturaino egin du atzera. Oso txukun Mikel Nieve (Euskaltel-Euskadi) ibili zen. Azken mugimenduetan bakarrik geratu zen indarrik gabe, baina Kreuzigerrekiko 1.18 besterik ez zuen galdu. 13. postuan dago orain sailkapenean, eta 19 segundo eskasera dauka hamargarren postua, Damiano Cunegorena (Lampre). Estu dago 7. postutik 14.era arteko borroka, 1.05 minutuko aldea besterik ez dagoelako John Gadreten (Ag2r) eta Dani Morenoren (Katuxa) artean. Horien artean ere zalaparta handia izango da gaur.
Azken zalapartaren aurretik, 20. kilometrorako osatu zen ihesaldia, 18 txirrindularikoa. Tartean ziren bi euskal herritar: Juanma Garate (Rabobank) eta Pierre Cazaux (Euskaltel-Euskadi). Giroko liderrarentzat, berriz, Sandy Casar (Francaise des Jeux) zen arriskutsuena, 12.25 minutura zegoelako sailkapenean, 19. postuan. Hamar minuturen baino gehiagoren aldearekin iritsi zen ihesaldia Mangheneko lehen maldetara.
Casarren ahalegina eta ezina
Atzean Katuxa ari zen lanean, lasai antzean. Espero zen eguneko lehen mendate gogorrean gora Liquigasek erritmoa bizituko zuela. Baina italiarrek Katuxari utzi zioten ardura. Tantaka-tantaka, errepidea bera hasi zen bakoitza bere lekuan jartzen. Hortxe lehertu zen Intxausti, eta pixka bat lehenago hartu zuen etxerako bidea Jose Rujanok (Androni). Passo Pampeagon hasi zen Liquigasen benetako egurra. Talde guztia tiraka jarrita, ederki txikitu zen tropela. Casar eta Pirazzi ziren aurrean, hiru minutu eta erdiren aldearekin. Tiralongo lehertuta, tropelean eutsiz zihoazen gainerako faboritoak.
Aurrean Casar saiatu zen Pirazzi atzean uzten. Baina ordurako mugimendua eginda zeuden Cataldo eta Kreuziger. Atzean benetako mugimendua, ordea, Garminena izan zen. Abisua argia izan zen. Hesjedalek Alpe di Pampeagon hasi nahi zuen Giroa irabazten. Helmugara iristeko 3,5 kilometro falta zirenean jarri zen Kreuziger lasterketa buruan, eta sufrituz gozatzen jakin izan zuen... Hesjedalen erakustaldiari kasurik egin gabe.
Txirrindularitza. Italiako Giroa
Erasoa delako defentsarik onena
Dolomitetako etapa gogorrenean faboritoei segundo politak janda, Giroa irabazteko pauso handia eman du Ryder HesjedalekRoman Kreuziger izan da indartsuena Alpe di Pampeagon; Beñat Intxaustik pot egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu