Iritsi da eguna, baina botilak erdi hutsik segitzen duela esan liteke. Sito Alonso entrenatzailea eta Alvaro Bilbao Lagun Aroko presidentea prentsaren aurrera agertu ziren atzo, bi aldeek hitzartutako kontratu berriari ofizialtasuna eman, eta duela hiru aste bien artean sortutako haserrealdiaren inguruan xehetasunen bat emate aldera. Kazetariek hamazazpi galdera egin zituzten, asko, baina bai entrenatzaileak eta bai presidenteak ere, ura bere errotara eramaten asmatu zuten beti, polemika oro saihestuz.
Bizpahiru aldiz azpimarratu zuten biek interes berdina zutela, Sito Alonsok klubean jarraitzea, eta azaletik aztertu zuten entrenatzaileak kontratua eteteko hartu zuen erabakia, eta erabakiak eragindako sua: «Kontratu guztietan erabakiak hartzeko egun jakin batzuk daude, eta eteteko aukera hori baliatzea erabaki nuen nik. Zergatik? Zuzendaritza berria zelako, eta Alvaro Bilbaorekin eta zuzendaritza berriarekin batzartu nahi nuelako, egonkortasun bila, proiektuaren nondik norakoak jakiteko», esan zuen Alonsok. Zuzendaritzak eman beharreko informazio hori kontratua eten gabe jasotzeko aukerarik ez ote zuen eduki galdetu zitzaion entrenatzaileari: «Ez. Ezin dut kontratu bat sinatu zuzendaritzaren asmoak jakin gabe, lotuta geratuko nintzateke atzera».
Sito Alonsok bitan aipatu zuen joan den sasoian entrenatzaile batek ACB ligan jaso dezakeen soldata apalena poltsikoratu zuela, bere hitzekin esan gabe, kontratu eteteak jatorri ekonomikoa izan zezakeela iradokiz. Alegia, Alonsok soldata hobea lortzeko asmoarekin hartu zuela kontratua eteteko erabakia. Helburu logikoa, bide batez.
Kazetari batek kontratuaren luzapenaren kontua sasoia bukatu aurretik adostu izan balitz, tamainako gaizki-ulerturik ez zela gertatuko galdetuta, baiezkoan agertu zen entrenatzailea: «Litekeena da». Gaizki-ulertuaz, serio antzean jardun zuen Alonsok: «Ez dut ondo ulertzen nolatan sortu den halako burrunba. Nik Lagun Aron jarraitzeko asmo bakarra nuen hasieratik, eta hemen nago. Ez naiz inora joan. Ez dut beste taldeen eskaintzarik jaso, bakar bat ere ez, sakelakoan ustez beste talde batekin fitxatu nuelako 200 zorion mezu jaso banituen ere».
Sito Alonsok klubari dion fideltasunaren adibide batzuk eman zituen prentsaurrekoan, kazetariak harritzeraino. Berak antolatzen dituen campusetan kolore txuri-urdineko kamisetak erabili dituela esan zuen, eta haurrek klubak emandako 250 kapela eraman dituztela soinean. Kontratu etetea tramite hutsal baten pare jarri zuen berriro, eta kontratu berria ofizial egin bitartean pasatutako bi asteak agenda betearen bizkar jarri: «Bi campus egin ditut, eta alaba txikiarekin hiru egun egon. Klubak nahiago izan du nire beste lan horiek errespetatzea, eta aukera izan dugun bezain pronto batzartu gara».
Behin karguan finkatuta, Sergi Vidal eta Andy Panko ordezkatzea izango da Alonsoren lehen lana. Zaila izango dela aitortu zuen, eta zentzu horretan, Papamakarios eta Loranten zalantza beste bi hutsuneak konpontzen direnean konponduko direla argitu zuen. «Ez lehenago». Antonio Alonso idazkari teknikoa Las Vegasko udako txapelketetan dagoela jakinarazi zuten (AEB), «merkatua arakatzen».
Erdi hutsik edo erdi beteta?
Sito Alonsok eta Alvaro Bilbaok argi gutxi eman diote bi aldeen arteko haserrealdiari, akordioa lortu izana goraipatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu