Lehen taldean tokia ziur izango ez zuelakoan, kluba uztear egon zen David Zurutuza 2009ko ekainean (Rochefort, Frantzia, 1986). Beheko taldean lau urteko ibilia burututa —horietako batean utzita jokatu zuen Eibarren—, ez aurrera ez atzera ikusi zuen bere burua osatzeko aldia amaitutzat jo eta gero. Gogoa Zubietatik urrun, beste hainbat talderen eskaintzak aztertu zituen, Sevillarena esaterako. Garai hartan Anoetako kirol arduradunek Martin Lasarte entrenatzaileari eman zioten multzoaren gidaritza, eta uruguaitarraren eskutik —Zubietako teknikari batek jarri zuen Zurutuzaren arrastoan Donostiara iritsi bezain pronto— bat egin zuten goranzko bidean bai Realak baita Zurutuzak berak ere. Futbolaren paradoxak dira.
Joan den sasoian, Gorka Elustondo eta Mikel Aranbururekin batera osatu zuen hirukoak fidagarritasuna eman zion taldearen jokoari. Orekatuago aritu ziren. Hain zuzen, horren beharrean da berriz Philippe Montanier, gehienbat Anoetatik urrun jokatuko dituzten lehietan zeresana izateko. Horregatik, Zurutuzaren itzulera gogo onez hartu du frantziarrak, okerrik ezean, igandean Zaragozaren aurka jokatuko baitu.
Aurreneko egunetik liluratu zuen Lasarte, eta Montanierren pentsamenduan ere leku berezia izan du hasieratik. Zer esanik ez oraintxe bertan, Aranburuk erretiroa hartu duen honetan. Zelai erdiko eraztunaren inguruan aritzen direnetatik beste inork ez du-eta Zurutuzak adinako eskarmenturik goi mailan. Zubietako langile batek dioenez, «kirolariak heltzen direneko traza» du. «Gorputza itxuratu duelako, egina dagoelako». Zelaiko erantzukizunei dagokienez, beste urrats bat egiteko garaia iritsi zaio, hortaz.
Bigarren Maila atzean utzi osteko lehen denboraldian, jokalaririk erabilienen artean zortzigarrena izan zen Lasarteren hamaikakoen arbelean. Montanierrenean, berriz, hirugarrena Claudio Bravo eta Antoine Griezmannen ondoren. Bi denboraldi horietan pilatutako minutu kopuruaren batez bestekotik 28 neurketa oso ateratzen dira gutxi-asko. Beste era batera esanda, Aranburuk baino zertxobait gehiago, Elustondoren parte hartzearen bikoitza ia, eta Markel Bergararenaren hiru halako.
Haren benetako garrantzia neurtzerakoan ez da horren zehatza jokatutako neurketa kopurua, horietan egindako lana baizik: atzelariak kenduta, beste inork baino baloi gehiago berreskuratu du —partida bakoitzeko 3,5 duela bi sasoi, eta 5,6 aurreko sasoian— eta tarte horretan aurkaria estu hartzen lehena —hark egin du falta gehien— eta haien ostikadak jasotzen bigarrena, Xabi Prietoren atzetik. Behin eta berriz agertzen den erdilari baten garrantziaren adierazgarri dira datuok.
Usteak usteltzen
Aurreneko taldearekin maiztasunez jokatzeari ekin zionean, giharretako arazoak zirela-eta jokalari hauskorra ote zen hotsa zabaldu zen. Montanierren lan eremutik hurbil dagoen laguntzaile batek badu horren azalpena. «Exijentzia fisikoa areagotzearekin batera zangoak sendotu egin behar izan zituen. Indartsua izan arren, berezkoarekin ez zuen aski. Gorputza eraldatze edo gogortze horrek uste baino eragin kaltegarriagoa izan zuen haren zuntzetan hasiera batean. Hilabete batzuk lehenago zein bide hartuko ote zuen garbi ez jakiteak ere ez zion lagundu. Zorionez, aspaldi gainditu zuen ezegonkortasun aldi hori, eta bere momenturik beteenera ari da gerturatzen. Aurreko bi sasoietan asko jokatu du, nahiz eta min hartzeko eremuetan mugitu beti. Ez dauka zainketa berezirik egiteko inolako beharrik. Oso garrantzitsua da guretzat».
Orain arteko hiru neurketak harmailatik jarraitu behar izan ditu anemia baten erruz. Sudurreko hautsia izan zuenean odol asko botatzearen ondorioa da hori. «Ez dakizue ondo zer-nolako gogoa daukadan zelaira irteteko. Hainbeste denboran jokatu gabe egon eta gero zaila da jakitea sasoiko ote nagoen. Osasunaren aurkako lagunartekoan behintzat indartsu ikusi nuen neure burua», esan zuen asteartean.
Zaragoza hartuko dute txuri-urdinek etzi, eta Markelek, Asier Illarramendik eta Zurutuzak osatutako hirukoarekin orekatu nahiko du jokoa Montanierrek, erasotik defentsa lanerako igaroaldia ordenatuagoa izan dadin. Entrenatzaileak hala nahi izateaz gain, irtenbide askorik geratzen ez zaizkiolako ere bai. Griezmann ez baita barrutik ariko, eta Chory Castro eta Elustondo min hartuta daude. Prieto eta Ruben Pardo, berriz, kili-kolo dabiltza. Zurutuzaren funtzio nagusietako bat aurkaria bihurritzea izango da, taldearen presio maila areagotuz.
Erdialdeko etengailua
Anemia baten erruz geldirik egon ondoren, David Zurutuzak Ligako estreinako partida jokatuko du sasoi honetan, igandeanJoan den denboraldian hark egin zuen falta gehien, eta jasotzen bigarrena izan zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu