Erdilari asko, toki eskasia

Harrobiko jokalari asko ditu Realak zelai erdirako, eta Montanierrek aurrelari batzuk ere kokatu ditu bertanEntrenatzaileak zalantzak izango ditu hamaikakoa hautatzeko sasoia hastean

Ruben Pardo eta Javi Ros, Realaren denboraldi-aurreko lehen entrenamenduaren aurretik. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
«Gazteei lekua uzteko» erretiratu zen Mikel Aranburu, aurreko denboraldia amaitutakoan. Bazekien zerbait Realeko kapitainak. Haren lekua hutsik geratu zen, baina ez ditu falta betetzeko hautagaiak. Are gehiago, sobera ditu. Harrobiko erdilari asko ditu Philippe Montanier entrenatzaileak bere aginduetara, bi hamaikako osatzeko adina. Horrekin nahikoa ez, eta aurrelari batzuk ere erdian kokatu ditu denboraldi-aurrean, probak egiteko. Jokalari gehiegi ditu Realak zelai erdian.

Taldearen lehenengo lagunartekoek erakutsi dituzte gauza batzuk. Horietako bat, Montanierrek iazko sistemari eutsi nahi diola, 4-3-3koari, erdiko aurrelari bakarrarekin. Beste bat, aurreko hiru postuetatik kanpo geratuko direnak beste nonbait kokatu nahi dituela Xabi Prieto eta Antoine Griezmannen kasuak dira.

Aurreko hegalek jabea dutela dirudite: fitxatu berriak. Carlos Velak eta Gonzalo Castro Chory-k ziurtatuta izan ditzakete bi hegalak, eta horrek Griezmann eta Prieto lekurik gabe uzten ditu. Aurrean, behintzat. Horregatik atzeratu ditu zelai erdira. Probak egiteko, denboraldi-aurrea da egokiena.

Griezmannek berak azaldu zuen «erdian aritzen ikasteko» jarri duela entrenatzaileak bertan. Hala ere, postu berrira egokitzen ari da oraindik: «Defentsa lanetan gehiago pentsatu behar dut, ondo kokatu eta azkar itzuli». Esperimentuak emaitzarik ez ematekotan, beharbada Chory Castro bera ere jar daiteke bertan. Uruguaitarrak esan zuen «onena zenbait postutan ondo moldatzea» dela, leku finko bat izan beharrean.

Ez dute erraza izango, baina, zelai erdiko postu bat eskuratzea. Bertan konpetentzia handia dago jada, iturburua harrobian duena. Sei dira Zubietan hezitako erdilariak, lehen taldean. Hiru esperientziadun, hiru gazte. Gorka Elustondo, Markel Bergara eta David Zurutuza trebatuago daude profesionaletan. «Baina gazteak ez dira kikilduko, eta lehia handia izango da», aurreratu zuen Elustondok.

Iaz lehen taldean aritu zen Asier Illarramendi, asko jokatuta, gainera. Ruben Pardok ere izan zuen jokatzeko aukera, baina lehenengoz izango du aurten postu bat lehen taldean, Javi Rosek bezala. Goi mailan hasiberriak dira hirurak, baina asko dute esateko. Eta isilik, behintzat, ez dira geratuko. Bai Pardok eta bai Rosek beren «mailarik onena» erakutsi nahi dute, entrenatzaileak «kontuan hartu» eta hamaikakoa erabakitzeko orduan «zalantzak» izateko.

Rosek berak jasan du konpetentziaren lehen eragina. Hegaleko atzelari gisa jarri du Montanierrek denboraldi-aurrean, ezezagun duen postu batean, hain zuzen ere. «Edozein dela ere, postu bat lortzea» du helburu Rosek. Dena den, postu berrian esperientzia faltagatik «zalantzak» izaten dituela onartu zuen, baina ziur dago «pixkanaka ikasiz» joango dela.

Harrobikoak izatea, «ohorea»

Aurreko denboraldiari begira, Zurutuza da postu bat eskuratzeko aukera gehien duena. Rochefortekoak Montanierren konfiantza izan zuen, eta hamaikakoanfinkatu zen. Sasoi berrian «erantzukizun handiagoa» hartu nahi du taldean. Haatik, ez dauka despistatzerik, postua mantendu nahi badu. Elustondok ere dezente jokatu zuen, baina lesioek egin zioten kalte. «Gustura aritu nintzen erdilari postuan, eta badirudi bertan ariko naizela sasoi honetan ere».

Zurutuza eta Elustondoren aldean, bestelako ezaugarriak ditu Markel Bergarak, eta bere «estiloko eginbeharretan» lagundu nahi du. Fisikoki «ondo» egonda, jokalari «garrantzitsua» izan daitekeela uste du, eta «ilusio» horrekin dabil. Zaila izango du, ordea, harrobiko gazteak «indarrez» iritsi baitira taldera.

Denek nahi dute postu bat lortu, baina badakite handia izango dela lehia. Edonola ere, eurentzat «ohore handia» da erdilari guztiak harrobikoak izatea, eta horrek «ilusioa» eragiten die. Sei erdilariak eta Montanierrek denboraldi-aurrean bertan kokatu dituen biak —Griezmann eta Prieto— Zubietan hezitakoak izatea «taldearen balioen erakusle» dela uste dute.

Orain, prestatzaile frantziarrak izango ditu zalantzak. Jokalari asko eta toki gutxi. Denboraldi-aurrea du probak egiteko, baina sasoia hastean, uxatuta behar ditu izan duda guztiak, eta hamaikakoa erabakita. Itxuratuta, behintzat. Txapelketa ofizialek ez baitute horrelakorik barkatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.