Talde handia osatu du Oriok, baina zuhurtziaz mintzo da Igor Makazaga entrenatzailea eta arraunlaria (Pasaia, 1972). Pausoz pauso joan nahi du, etorkizun sendoa eraikitzeko asmoz.
Zein dira Orioren asmoak?
Igo berriak garela ezin dugu ezkutatu, eta erdikoen multzo horretan ibiltzea egon da beti geure buruan. Gustagarriagoa da hortik gora begira ibiltzea, eta hori da gure asmoa. Ez dugu motiborik beste ezertan pentsatzeko.Maila nagusiari neurria hartu behar diogu, eta oso talde onak daude; gainera, urteetako proiektuak dira gurearen aldean, berriagoa da gurea, eta errespetua ematen dit horrek.
Baina Mutrikun irabazi egin zenuten joan den larunbatean.
Bai, baina ez du ezer esan nahi. Beste taldeak zertan aritu ziren ez dakit, eta emaitzari ez diot garrantzirik ematen. Gure lana ona izan zen, eta pozik gaude.
Aldaketa batzuk dituzue taldean iaztik. Zer dela eta?
Faktore pertsonalak daude tartean, lan kontuak eta abar. Era naturalean berritu dugu taldea: ba- tzuk etorri egin dira, eta gero, iaz bigarren ontzian zeuden bi arraunlari daude. Horrek dauka garrantzia guretzat, harrobikoek gora egiteak. Oso pozik nago taldearekin. Ez du disdira handirik izango ezertan, baina talde bezala oso ona da.
Nolakoa izango da liga?
Kaikuri, Urdaibairi eta Hondarribiari eskua sartzea oso zaila izango da. Talde sendoak dira. Besteen artean ondoen asmatzen duena ibiliko da horiekin: bi pasaitarrak, Portugalete, Astillero, Tiran edo gu. Koska bat beherago egongo gara beste hiru horietatik. Eta gure artetik ere bat edo beste behera begira egongo da ezinbestean.
Bartzelonako estropadaz zer diozu?
Beti izan naiz aldekoa kanpora ateratzearena. Izan ditugu hutsak eta ikasiko ote genuen... Festa bezala saltzen da, eta estropada jarrita dago egitarauko beste zerbait bezala. Espero dut merezi dugun tratamendua izatea, eta lehia ez izatea gutxietsia festaren barruan.
Ligaz gain, zein dira Orioren asmoak?
Astez aste joango gara, eta gozatu egin nahi dugu momentua. Gero gerokoak. Taldeak sendotzen joan behar du, etorkizunean ere pauso sendoak emateko.
Igor Makazaga. Orioko entrenatzailea
«Erditik gora begira ibili nahi dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu