Talde erdia erizaindegian du Portland San Antoniok; handik ateratzeko zorian zen Alberto Martin, baina, ezkerreko hankako zuntzak hautsi, eta beste hiru aste eman beharko ditu jokatu gabe. Joan den ostiraleko entrenamenduan hartu zuen min jokalari nafarrak,baina ez zen bakarra izan, saio berean orkatila bihurritu baitzitzaion Jackson Richardsoni. Orkatila bihurritua eta ukondoa oraindik erabat osatu gabe du Reunion Uharteko erdikoak; Martin eta Richardson, hala ere, ez dira bakarrak min hartutakoen zerrendan: Iakimovitxek ere ukondoko mina du; Kisselev, meniskoan egindako ebakuntza dela-eta, atseden hartzen ari da, ongi osatzeko; Jovanovic osatu da eta ongi du belauna, baina oraindik taldekideekin ezin bat eginda dabil; Rivero ateizanak hatz bat apurtu zuen eta oraindik osatzen ari da.
Portlandeko sendagile Javier Miguel Akerreta taldearen azken hilabeteotako bolada txarra noiz amaituko zain dago. «Balbea dugu», erran dio Berriari. Barre egin du, baina egoera ez dela batere samurra gaineratu du. «Urtebetean behin besterik ez dira jokalari guztiak batera entrenatu». Portlanden gurutze-bidea Mundialaren ostean hasi zela aipatu du Akerretak: «Jovanovic eta Richardson min hartuta itzuli ziren; geroztik, burua ezin altxatuta ibili gara lesioekin; bat osatzen denean beste batek hartzen du min», azpimarratu du.Telefonoa entzuten duen bakoitzean min hartutako beste jokalari bat izanen ote den pentsatzen du Akerretak. «Beldurrez nabil egun osoan!». Jokalarien lesioak lehenbailehen osatzea da Akerretaren lana, baina lesioei ihes egiteko formula magikorik ez dela azaldu digu. Portlanden bolada txarrari dagokionez, hainbat elementuk eragin dutela erran du: «Zorteak, noski, badu zer erranik; zorte txarra izan dugu. Baina adina ere ezin dugu bazter utzi, adinak areagotzen baititu lesioen ondorioak».Zorteaz eta adinaz gain, jokalariek duten egutegiak ere zerikusirik badu. «Partida asko eta asko jokatu behar dira; Asobal Liga, Europako Errekopa, Espainiako KopaÉ lehiaketa asko dago eta guztietan parte hartzeagatik batzuetan prezio altua ordaindu behar da». Akerretaren ustez altuegia izan zen aurreko denboraldian nafarrek ordaindu beharreko prezioa, eta, oraingo denboraldian, oraindik, nabariak dira jokalariek pilatutako nekearen ondorioak. «Eromena da egutegiak ezartzen duen erritmoa».
Iakimovitx eta Rivero, ia jokatzeko prest
Boesen eta Richardson euren selekzioekin daude egunotan, eta, Akerreta, noski, «kezkatuta» dago. «Ea nola itzultzen diren». Sendagileak, gainera, Portlandek datozen asteotan dituen partiden garrantzia azpimarratu du, eta, horiek jokatzeko, «jokalariak ongi egotea» funtsezkoa dela gaineratu du. Ez dago oso baikor, hala ere. Datorren asteazkenean Pilotes Posadasen aurka ariko da Iruñeko taldea, Asobal Ligan, eta, egun horretarako, Iakimovitx eta Rivero «prest» egotea espero du Akerretak: «Iakimovitx ongi dago, baina jokatzen hasten den arte ez dugu jakinen ukondoa benetan nola duen, min emanen ote dion edo ez; Riverori dagokionez, gauza bera: ongi dago, baina partida bati nola eginen dion aurre ikustea falta zaigu».
Pilotes Posadasen aurkako partidak eskainiko dio Portlandi bi jokalarion benetako egoera neurtzeko aukera. Partida garrantzitsua izanen da, kontuan hartuta haren ondotik Europako Errekopako norgehiagoka jokatu beharko duela Iruñeko taldeak Danimarkako Gudmeren aurka. «Kanporaketa gogorra egokitu zaigu», azpimarratu du Portlandeko sendagileak. Iakimovitx eta Rivero ordurako prest egotea espero du Akerretak; argi da, ordea, Martinek eta Kisselevek ezin izanen dutela jokatu. «Kisselev jokalari garrantzitsua zen partida horretarako», erran du Akerretak.Richardsonek eta Jovanovicek ere jokatuko dute, nahiz eta sasoi onenean ez egon. «Richardsonen ukondoa ongi dago, baina pozik egoteko arrazoi handirik ere ez dugu; bihurritua egin zuen ostiralean, baina jokatzeko moduan izanen da datorren astean». Jovanovicen belauna ere «oso ongi» dagoela azpimarratu du sendagileak, baina jokalari jugoslaviarra jokatu gabe ia zortzi hilabetean egon dela kontuan hartuta, «taldearekin bat egitea kostatzen ari» zaiola gaineratu du.Portland Asobal Ligako eta Europako aurkarien zain da, eta, Iruñeko taldeko medikua, bolada txarra noiz amaituko den zain. Talde erdia erizaindegian izanda zail da edozein talderentzat tituluak lortzeko borrokan egotea, baita Portlandentzat ere, aurreko denboraldian agerian gelditu zenez. Egoerak hobera egin beharko du laster aurten ere, iazko esperientzia ez errepikatzeko.
ESKUBALOIA
Erizaindegiaren madarikazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu