Eta amaitzeko, Galibier eta Alpe d'Huez. Aldatuta dator 2015eko Frantziako Tourra, historiako 102.a. Herbehereetan hasiko delako —seigarrenez—; hirugarren etapa Huyko horman amaituko delako; Cambraira bidean harbide zati arriskutsuak igaro beharko dituztelako; Pirinioetan hiru etapa gogor izango dituztelako —San Martingo Harrian amaituko dena, tartean—; eta azken epaia Alpeek emango dutelako. Antolatzaileek azkenera arte eutsi nahi diote tentsioari, eta horregatik gorde dute azken-aurreko egunerako etaparik erakargarriena. Telegraphe igoko dute lehenengo, Galibier gero, eta Alpe d'Huezeko 21 bihurguneei egin beharko diete aurre azkenik.
Atzo aurkeztu zuten hurrengo urteko Tourraren ibilbidea; igoera askokoa, eta, begiratu batera, oso erakargarria. Azken urteekin alderatuta, ezohikoa izango da hasiera, 14 kilometroko erlojupekoa izango dutelako uztailaren 4an, Utrechten. 2009tik Tourrak ez zuen izan halako hasierarik; 15,5 kilometroko saioa izan zuten orduan, eta denak egurtu zituen Fabian Cancellarak (Trek). Herbehereetan hasi eta amaituko da bigarren etapa ere, haize-babesen arriskuarekin, eta Huyko horma gogorrari aurre egin beharko diote hirugarren etapan. Fleche Wallone txiki bat uztaileko berotan.
Tourraren hasiera arriskutsua birilbitzeko, bigarren urtez jarraian harbide zatiak izango dituzte laugarren etapan, Cambraira bidean: zazpi zatitan banatuta, 13,3 kilometro denera, inoiz baino gehiago. Harbideetako azken 11,5 kilometroak etaparen azken 30 kilometroetan pilatu dituzte, eta tentsio handia eragingo du horrek. Besteak beste, Chris Froome (Sky) eta Alberto Contador (Tinkoff-Saxo) aurten harbide zatietan zein larri ibili diren ikusita, txirrindulariek galtzeko asko izango dute lehen etapa horietan.
Esprinterako bizpahiru etapa aproposen ondoren, Murren amaituko da lehen atseden egunaren bezperako etapa. Bi kilometro eskas dauzka azken igoerak, eta %6,9koa da batez besteko aldapa; baina ia %10ekoa da lehen kilometroko gogortasuna. 2011n iritsi zen azkenekoz Tourra hara, eta garaipen polita lortu zuen Cadel Evansek (BMC), Contadorri eta Aleksandr Vinokurovi aurrea hartuta. Aurkezpenean izan zen australiarra, atzo, eta behin betiko agurtu zuen Tourra —2015eko otsailean hartuko du erretiroa, Down Under itzulian—.
Bakarkako lanari taldekakoa gehituta, 28 kilometroko erlojupekoa izango dute uztailaren 12an, 9. etapan, lehen atseden egunaren bezperan. Ordurako ahulduta egongo dira talde dezente, eta min egingo du amaierako kilometro eta erdiak, %6,2ko batez besteko aldapa daukalako. Lehen etapari bederatzigarrena gehituta, 40 kilometro pasatxo egin beharko dituzte txirrindulariek erlojuaren aurka; inoiz baino gutxiago. Azken hiru urteotako beherako joerari eutsi diote antolatzaileek, eta aurtengo emaitza ez da txarra izan frantziarrentzat, amaieran podiumera igo zirelako Jean-Christophe Peraud (Ag2r) eta Thibaut Pinot (FDJ.fr).
Paueko atseden egunean berrindartuta, frantziarren egun nazionalean iritsiko da Tourra Pirinioetara, Euskal Herrian sartu-irtena eginda. Tarbesen hasi eta San Martingo Harrian amaituko da 10. etapa, eta 30 bat kilometro egingo ditu Euskal Herrian, Zuberoan. Arettera bidean, Mauletik igaroko da tropela. Serioa da azken igoera, 15,3 kilometrokoa, %7,4ko batez besteko aldapa dauka. Aspin eta Tourmalet igoko dituzte biharamunean, eta, jaitsiera luzearen ondoren, Cauteretsen gora amaituko da etapa. Fabio Casartelli zenari keinu bat eginez —20 urte beteko dira Portet d'Aspeten behera erori eta hil zela—, Plateau de Beillen amaituko da Pirinioetako hirugarren eta azken etapa, aurretik Portet d'Aspet, Core eta Lers igo ondoren. 15,8 kilometro eta %7,9ko batez besteko aldapa dauzka azken igoerak.
Pirinioak eta Alpeak goraipatu behar horretan, urtero erdi ezkutuan geratu ohi da Erdialdeko Mendikatea, baina, Mendera bidean, amaiera serioa izango du 14. etapak. Hiru kilometro eta %10,1eko batez besteko aldapa dauzka Croix Neuvek, eta kilometro eta erdi pasatxo besterik ez daude mendiko pankartapetik Mendeko helmugara.
Galibier eta Alpe d'Huez
Alpeetan pilatu dute, hori bai, benetako gogortasuna. Pra Loup (17. etapa), La Toussuire (19. etapa) eta Alpe d'Huez (20. etapa) —gogorra da 18.a ere, Bayard, Malissol, Morte, Glandon eta Lacets de Montvernier igo beharko dituztelako—. Historia handiko hiru amaiera gogor-gogor azken leherketan. Pra Loupek Eddy Merckx txikitu zuen 1975eko Tourrean —Bernard Thevenet frantziarrak jantzi zuen maillot horia—; Michael Rasmussenen gozamena eta Floyd Landysen ezina bizi izan zituen La Toussuirek 2006an —estatubatuarrak liderraren maillota jantzi zuen bezperan—; eta Alpe d'Huezek bere 21 bihurguneetan dauka gordeta bi pedalen gaineko historia. Azken etapa horretan, gainera, Galibier erraldoia igo beharko dute txirrindulariek aurretik.
Urteroko legez, irabazleen eta esprinten gozamenerako etapa izango da azkena, Sevresen hasi eta Parisen, Eliseoetan amaituko dena. Erlojuaren aurkako lana 40 kilometro eskasera mugatuta —13,7 soilik bakarka—, eta mendian amaituko diren bederatzi etapekin, igotzaileen aldeko apustua egin dute antolatzaileek.
Erlojurik gabe, aldapan gora
Erlojupeko lana ia ezerezera murriztuta, igotzaileen aldeko apustua egin du Tourrak 2015erako.Harbideak, haize arriskua, igoera motzak, Euskal Herrian sartu-irtena eginda Pirinioak, eta Alpeak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu