Azken hamar urteetan esperientzia gutxien duen gidari multzoa da aurtengoa. Zalantzarik gabe, Michael Schumacherren agurrak asko jaitsi du esperientzia maila, baina bat-batean bost gidari berrik debutatzeak ere izan du eragina. Nazioarteko Automobilismo Federazioa (FIA) autoek proba egiteko egunak etenik gabe murrizten ari den honetan, zaila da gidari hasiberrientzat egungo 1 Formula autoen makina konplexuetara ohitzea. Pisuzko bi arrazoi daude horrenbeste debutari egotearen atzean: babesleen diru poltsa edo talentua.
Talentua frogatzeke dago guztien kasuan, orain arte ez baitute parte hartu 1 Formularen pareko inguru lehiakor batean. Batzuek zailago izango dute, ordea, jakina baita zergatik fitxatu dituzten. Marussiak HRT desagertuari bakarrik hartu zion aurrea iazko txapelketan, azken lasterketan, Caterhamek hamargarren postua kendu baitzion. Errusiarrek bide traketsa daramate orain artean, eta laugarren denboraldi honetarako autoarekin jauzi ausartagoa eman badute, zer esanik ez gidariei dagokienez. Izan ere, biak lehen aldiz ariko dira: Max Chilton ingelesa (21 urte) eta Jules Bianchi frantziarra (23 urte).
Oso denboraldi-aurre nahasia izan du Marussiak. Chilton aspalditik zegoen zerrendan, batez ere Grahame Chilton aitak semearen taldea erosiz bidea egin ziolako. Iaz GP2-n sasoi ona egin zuela ahaztu gabe, esanguratsua da Chilton familiaren negozio mugimenduak gidatzeko dohainak baino oihartzun handiagoa izatea. Diru premiak bultzata, Luis Razia brasildarra aurkeztu zuten bigarren gidari posturako. Baina gidariaren babesleek ez zuten ordainketa konpromezua bete, eta Bianchi fitxatu zuten. Ferrariren babesean hezitakoa da, World Serieak irabaztear izan zen, eta Force Indiaren hirugarren gidaria izan zen aldi berean. Adrian Sutilekin lehian aritu zen indiarren gidari ofiziala izateko, baina, buruz buruko hori galdu eta errebotez iritsi dela esan badaiteke ere, harribitxia da.
Antzeko kasua da Caterhamena, diru beharrari dagokionez. Charles Picek sasoi txukuna osatu zuen debut urtean iaz Marussiarekin, eta jauzi txikia emanda heldu da Caterhamera. Alboan Guiedo Van der Garde herbeheretarra izango du (27 ure), World Serieak aspaldi irabazi zuena, eta ordutik GP2-n emaitza bera berdindu ezinean aritu dena.
Sauber beti izan da gidari gazteekin asmatu duen taldea: Heinz Harald Frentzen, Felipe Massa, Robert Kubica eta Sergio Perez dira adibide batzuk. Gutxitan egin du kale halako aukerekin, baina aurten Esteban Gutierrez (21 urte) hartzerakoan pisu handiegia izan dute mexikar pesoek. Sergio Perez McLarenera joan ostean, taldeak aurrekontua osatzeko nahitaezkoa zuen aurreko babesleei eustea, bereziki Mexikoko babesleei. Horretarako gidari aproposa zuten, Gutierrez ondo aritu baita GP2-n. Ikusteko dago 1 Formulan aritzeko adorea ote duen.
Ikusmina Bottasen inguruan
Guztien artean ikusmin handien sortu duena Valtteri Bottas finlandiarra da (23 urte). Gainera, bitxia da haren kasua, iaz lasterketarik korritu gabe aritzeaz gain, ez delako aritu 1 Formularako sarrera maila gisa daudenetan: GP3tik zuzenean egin du jauzi. Hori bai, lehiatu den maila guztietan sekulako emaitzak lortu ditu. Williamsek iaz ostiraletako saio libre asko eman zizkion, hamabost hain zuzen, 1 Formularako prestaketa lana eginez. Denbora eta baliabide asko inbertitu dituzte harengan, barrutik askotan esan baitute talentu izugarria duela. Itxuraz, FW35 autoa bere benetako maila erakusteko erreminta ona izango da. Lewis Hamiltonek 2007an McLarenekin debutatu zuenean bakarrik izan du hasiberri batek halako oihartzuna.
Dela talentua, dela diru poltsa, hasiberri guztiek lan zaila izango dute lehen lasterketetan. Abiadura soilik izatea ez da nahikoa, iaz Romain Grosjeanek erakutsi zuen bezala. Arazoetatik urrun egoten era ikasi behar dute. Nico Hulkenbergek hasiera zaila izan zuen Williamsekin 2010ean, ez mailarik ez zuelako, baizik eta egungo araudiarekin oso malkartsua delako 1 Formulan sartzea. Hutsak egingo dituzte nahitaez. Bigarren erditik aurrera eman beharko da haien gaineko epaia.
Erne, gidaria praktiketan
Bost gidari ariko dira estreinako aldiz txapelketan: Esteban Gutierrez mexikarra, Jules Bianchi frantziarra, Giedo Van der Garde herbeheretarra, Max Chilton ingelesa eta Valtteri Bottas finlandiarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu