Erorketak behar ditu Tourrak, Tourra izango bada, eta batzu-batzuk izan dira gaur ere, lehen etapan, Korsikan. Ohiko hasiera izan du urteko lasterketarik handienak, eta etapa hastearekin batera sortu da ihesaldia, bost txirrindularikoa: Juan Jose Lobato (Euskaltel-Euskadi), Jerome Cousin (Europcar), Juan Antoni Flecha (Cavansoleil), Lars Boom (Belkin) eta Cyril Lemoine (Sojasun). Omegak, Lottok eta Argosek gertutik zaindu dute, ordea, ihesaldia, eta hiruzpalau minuturen bueltan mantendu dute, une oro, aurrekoen aldea.
Mendiko maillota norentzat izango zen, argitzeko kontu horixe bakarrik zeukan lasterketak. Eta kolpe polita eman du Lobatok. Lehen postuan igaro da laugarren mailako mendateko pankartapetik, eta mendiko maillotarekin abiatuko da bihar.
Behin boskotea harrapatuta, tentsioa areagotuz joan da tropelean. Eta ezinegon hori urduritasun bihurtu da Orica Greenedgeko autobusak helmugako pankarta jo eta errepidea oztopatu duenean. Behin-behinean etapa hiru kilometro lehenago amaituko zela jakinarazi dute antolatzaileek, eta azken unean autobusa atzeraka mugituta, berriz ere lehengo lekuan jarri dute helmuga. Tentsio ikaragarria sortu du aldaketa multzo horrek, eta erorketa handia izan da tropelean.
Besteren artean, tartean ziren Sagan, Greipel, Rui Costa eta Contador —kolpe handia hartu du espainiarrak—, baina erorketa hiru kilometro pankarta baino lehenago izan arren, epaileek denbora berbera eman diete denei. Marcel Kittel liderraren maillotarekin dela, Bastia eta Ajaccio artean bigarren etapa jokatuko da bihar, 156 kilometrokoa.