LABORAL KUTXA
Iversonen ordezkoa
Laboral Kutxak inoiz baino aurreratuagoak ditu lanak. Jokalari bakarra falta zaio, pibot peto bat,ahal fisiko handikoa eta AEBetako merkatuan ari da haren bila.Eta hori Colton Iversonek auzibidera jo eta kontratua etetea erabaki zuelako —Karsikaya Turkiako taldean jokatuko du—. Hala izan ez balitz, jada taldea osatua luke Baskoniak. Betiere, Victor Claverrekin (2,07 m eta 26 urte)duen hitzezko akordioa paperera ematen badu. Hegal-pibotaren fitxaketak ilusioa sortu du; Valentziak, baina, jokalariaren eskubideak ditu eta eskaintza ekonomikoa berdintzeko eskubidea.BILBO BASKET
Shawn James
Bilbo Basketek uda mugitua izan du. Axel Hervelle, Alex Mumbru, Raul Lopez eta Tobias Borgen kontratuak berritu, eta Clevin Hannah antolatzailea, Alex Ruoff eskolta, Alex Suarez hegal-pibota eta Giorgios Bogris pibota fitxatu ditu. Horiek hala, uztaipeko laukotea itxiko lukeen pibota behar du bakarrik Sito Alonsok. Haren gustuak ezagututa, ahal fisiko handiko jokalari bat beharko luke izan. Zurrumurruetan irten den azken izena Shawn Jamesena da (2,08 metro eta 31 urte). Are gehiago, sportando.com saskibaloi atariak fitxatutzat eman zuen atzo. Jamesek Maccabin jokatu zuen 2014ra arte, eta iragan sasoian maila eskasa eman zuen Milanen bizkarreko herniaren erruz.Beste kontu bat Dairis Bertansen istorioa. Lokomotiv Kubanen hanka eta erdi zuela zirudienean Bilbo Basketek dirua eskatu zuen eta operazioa bertan behera gelditu zen. Ikusteko dago ez den berriz ere pizten. Hala balitz, Bilbo Basket beste eskolta bat bilatu beharko luke. Bertansek taldea utziko zuela ziurtzat eman zenean, izen bat bat agertu zen prentsan: James Feldeine.
GIPUZKOA BASKET
Asmatu behar du
Retabet Gipuzkoa Basket da lan handien egiteke duen taldea. Hiru jokalari falta zaizkio: kanpoko lerroko saskiratzaile bat eta bi pibot. Pibotetako bat Peter Lorant izan daiteke (2,06 m eta 29 urte). Aurretik ere Donostian egondakoa da, eta iragan sasoian maila txukuna eman zuen Italiako ligan.Fitxaketa garrantzitsuak falta zaizkio. Kanpoko lerroko jokalari horrek ardura handiak hartu beharko baititu erasoan. Beste sasoi batzuetan Taquan Deanek, Jimmy Baronek edo Andy Pankok izandako rola jokatu beharko du. Beste pibotari dagokionez, ikusteko dago Will Hanleyk edo Ioann Iarochevitchek jarraituko duten eta beste norbait hautatuko duten. Logikoena ahal fisiko handiko norbait fitxatzea litzateke.