Tau Baskoniak badaki zein bide izango duen Espainiako Kopa -denboraldiko bigarren titulua- lortzeko borrokan. Erosoa da lehen koskan; bigarren koska, finalerdietakoa, zaila, eta azkena, finala, batek daki. Denboraldiko bigarren titulua da, baina, otsailean erabakitzen den neurrian, oso mamitsua. Euroliga maiatzean erabakitzen da, eta ACB liga ekainean. Haien adinako interesa pizten du Kopak, lau egunetan oso talde onak biltzen direlako eta faborito argirik ez delako egoten. Akatsak edo erregulartasun falta garesti ordaintzen dira. Lau egunean hiru partida jokatzeko ahaleginak dakarren nekea eta intentsitate falta talentua eta kalitatea baino erabakigarriagoak izan daitezke, eta apalenek handiak irensteko txapelketa aproposa omen da Kopa.
Madrilen jokatuko zela jakina zen. Egunak ere jakinak ziren: otsailaren 19an hasi eta 22an bukatu. Atzo final-laurdenetarako zozketa egin zuten. Koska zailena lehenengoa izan daitekeela aintzat hartuz, Tau Baskoniak izan zezakeen aurkari samurrena izango du final-laurdenetan: Pamesa Valentzia. Neven Spahijaren taldeak justu-justu lortu du Koparako txartela. Herenegun, hain zuzen ere, Bilbon garaipena lortuta. Gaur-gaurkoz Tau Baskoniak talde hobea dauka, eta, Kopak ezustekoei bide ematen badie ere, final-laurdenetan kanporaketa erosoa egokitu zaie arabarrei.
Bigarren koska zailagoa izango da. Aurkaria bat edo bestea izan, parez pare talde handia izango du Baskoniak finalerdietan: Real Madril edo Bartzelona. Bi horien artekoa da final-laurdenetako partidarik interesgarriena, baina neurketa horretako garaileak are partida zailagoa izango du finalerdietan: Tauren aurka, ligako talde onenaren aurka. Talde onena, Dusko Ivanovicen taldea, sailkapeneko lidergoan dela iritsiko delako Madrilera, ezusteko handiren bat gertatzen ez bada. Hilabete pasatxo geratzen da Kopa hasteko, eta Tauk hiru garaipeneko aldea ateratzen dio bigarrenari. Alde horri eustea izango da, hain zuzen ere, Baskoniaren erronka hurrengo hilabetean, eta ahal bada 11 garaipeneko bolada handitzea. Taldea konfiantzaz lepo dabil, eta Kopa hasi bezperan hamazazpi garaipen pilatzea marka historikoa litzateke. Aurkariak beldurtzeko adina ere bai txapelketa hasi aurretik.
Azpimarragarriak izan ziren Ivanovicek eta Spahijak atzo egin zituzten balorazioak, batez ere ezohiko esaldiak esan zituztelako. Jokalariek kontzentrazioa, intentsitatea eta beste izan zituzten ahotan. Ivanovicek, Kopa txapelketa berezia dela eta faboritoek muturrekoak hartzen dituztela. «Kopak, ustez, talde handia zigortzen du, faboritoa dena, eta talde apala saritzen du. Ustekabeen txapelketa da».
Spahijak umoretsu erantzun zion Ivanovici, honek Tau faboritoa ez zela esan zuenean. Iritzi horrekin ados ote zegoen galdetu zioten Spahijari, eta ezezko biribila eman zuen: «Tau, Espainiako talde onena izateaz gain, Europakoa ere bada. Gu haiek menderatzen saiatuko gara, jakina, baina gaur-gaurkoz ia ezinezkoa da».
Analisi sakonik egin gabe, komenigarria da bi partida gogoratzea. Baskoniak 2006ko Kopa irabazi zuen, Madrilen, finalean Pamesari 80-85 irabazita. Sasoi honetan orain dela hilabete jokatu zuten elkarren aurka, Valentzian, eta Tauk garaipen argia lortu zuen: 73-91. Historiari erreparatuta ere, Kopan tradizio handiagoa du Baskoniak: bost aldiz irabazi du Kopa. 1995ean hasi zen bolada arrakastatsua, eta 1999an lortu zuten XX. mendeko azken titulua. Gizaldi honetan urte bikoitietan bakarrik irabazi du Kopa Tauk. Bost urte bikoiti pasatu dira, eta hirutan Tauk altxatu du Kopa: 2002, 2004 eta 2006an. 2009a urte bakoitia da...
Erosoa, zaila eta finala
Tau Baskoniak Pamesa Valentziaren aurka jokatuko du Espainiako Kopako final-laurdenetan, Madrilen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu