Golak. 1-0: Pedro Leonek (18. min.). 2-0: Sergi Enrichek (23. min). 2-1: Ruben Castrok (). 3-1 : Kikek (92. min). Epailea. Ocon Arraiz. Txartel horia: Betiseko Brunori. Txartel gorria: Betiseko Picciniri (16. min.).Bestelakoak. 5.150 ikusle Ipuruan.
Ez da erraza izaten batzuetan futbol zelaian gertatzen denari logikarik aurkitzea. Inork ez zuen pentsatuko Eibar 2-0 irabazten joango zitzaionik Betisi atzo hogeita hirugarren minutuan, partidako lehen ordu laurdena ikusi eta gero. Baina gertatu egin zen pentsaezina zirudiena. Ordura arte ezer eduki ez zuen lehiak enbata antzekoa izan zuen hamaseigarren minutuan. Horra iristea kosta egin zitzaien arren bi taldeei, oso makala zihoalako partida. Erritmo motelean, lasai antzean.
Baina logikarik ez duen hori jokaldi batean aurkitu beharko da. Hasia zegoen Betis baloiaren jabe pixka bat egiten, eta ematen zuen Eibarrek kontraerasoan izan zezakeela aurkaria zulatzeko aukera. Hala gertatu zen. Inuiri heldu zitzaion baloia ezker hegalean, eskuinetik emandakoa, eta Adan atezainarengana zihoanean, area gainean bultzadatxoa eman zion Pezzella atzelariak. Falta eta txartel gorria Betiseko atzelari argentinarrari Ocon Arraiz epaileak. Bat gutxiagorekin kanpoko taldea. Zigor handiagoa eman zion Pedro Leonek falta jaurtiketan, gainera [bosgarrena du ligan]. Zartako latza bezain zehatza sarera. Ia ezer egin gabe, aurretik zen Eibar. Eta jokalari bat gehiago zeukan.
Betisek aldatu egin zuen sistema, eta lau atzelarirekin jokatzen hasi zen orduan, erdiko hiru atzelariena aldatuz. Baloiaren jabe egin zen Jose Luis Mendilibarren taldea, eta kanpotarren presiorik ezaren babesean, eroso jokatzen hasi zen.
Are erosoago eta lasaiago ibiltzeko aukera eman zion bere buruari hogeita hirugarren minututik aurrera. Bigarren gola egin zuen Sergi Enrichek [sasoiko laugarrena du], Inuiren erdiraketa zoragarria area txikiaren gainean bote lasterrean harrapatu eta gero. Konturatzerako, partida ondo baino hobeto zeukan bideratuta Eibarrek, eta olatu onaren gainean, oso minutu onak jokatu zituen lehen zatia amaitu bitartean. Baloia lagun, eta ezkerreko hegaletik Inui eta Luna erraz sartzen zirela, beste gol bat sartzeko nahikoa aukera sortu zituzten armaginek. Arbilla, Pedro Leon, Inui eta Dani Garcia saiatu ziren gola sartzen, taldeak sortutako aukeretan. Baina ez zen gol gehiago izan lehen zatian.
Lanaren erdia, eginda
Bigarren zatian ez zen gauza askorik aldatu. Saiatu zen Betis zerbait lortzen, eta azaldu zen aurkariaren area ingurura, baina atera egindako lehen jaurtiketa 72. minutuan egin zuen Ceballosek. Ordutik aurrera egin zion min gehiago Eibarri, bizpahiru errematerekin. Gola ere egin zuen, 83. minutuan, Lejeunen opari larria ondo baliatu zuelako Ruben Castrok. Estutasuna sartu zen eibartarren artean, baina Kikek, 92. minutuan, lasaitasuna ekarri zuen. 21 puntu ditu Eibarrek dagoeneko, eta mailari eusteko lanaren erdiak eginak dauzka.
Eibar 3. Betis 1
Erraz eta eroso doa
Eibarrek bosgarren garaipena lortu du Ipuruan sasoi honetan, Betisi irabazita. Lehen golean, aurkaria bat gutxiagorekin geratu da, eta erraztu egin dio lana

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu